Galde-erantzunak

2014-05-28 11:03:36
>
Orain arte, anai-arrebak eta neba-arrebak erabili izan dira oro har. Pentsa liteke anai-arrebak formaren atzean ikuspegi androzentrikoa dagoela, baina gogoan izan anaia, hizkera gehienetan, gizonezko senidea dela gizonentzat bezala emakumeentzat ere. Neba-arrebak elkartean, berriz, nabarmena da ikuspegi mistoa: neba, izan ere, emakumearen senidea baita, eta ez gizonarena, eta arreba, berriz, gizonarena, eta ez emakumearena.

Orotariko Euskal Hiztegian, badago neba-ahizpak sarrera (baita anai-ahizpak ere), baina adibide bat baino ez dago, Gabriel Arestik idatzia:

NEBA-AHIZPA. (Pl.). Hermanos y hermanas (de una mujer). v. NEBA-ARREBA. Zuk zure ama edukiko duzu edo zure aita bat edo neba ahizpak. Arti Tobera 288.


Gaurko idazleei erreparatuz gero, badira han eta hemen adibide batzuk:

Ba... zuek zeuek eta zeuen neba-ahizpak. (Aitor Arana, Bost ahizpa)

Aspaldiko emakumea, ebanjelioetan ikusten baitugu Jesus Nazaretekoa, oso abegi onez, etxean hartzen, Betaniako etxadi garrantzitsuenetakoan bizi zelarik Lazaro eta Maria bere neba-ahizpekin. (Pello Zabala, Naturaren mintzoa)

Urte batzuk doi bete orduko, begietako bristada nabarmenarengatik berezi zen bere neba-ahizpengandik. (Marcel Schwob, Bizi alegiazkoak, Juan Garziak itzulia)

Joan ziren ikertzen ibilitako bi gazteak, eta Rahab, beronen aitamak, neba-ahizpak eta ahaide guztiak etxetik atera eta israeldarren kanpalekutik kanpora utzi zituzten. (Elizen arteko Biblia)


Nolanahi ere, erreferentzia markatu nahi ez dugunean, hor ditugu haurride eta senide hitzak ere. Euskaltzaindiaren Hiztegian, honela daude definiturik:

senide 2 iz. Norbaitentzat, bere gurasoen edo gurasoetako baten beste seme-alabetako bakoitza. Ik.
haurride. Elkarren lagun, ahaide eta are senide. Etxean ditut bi senide, biak ene sabelkide. Mezatara askotan sei-zazpi senide, tartean han ni ere. Zazpi senide aita batenak, denak euskaldun garbiak. Bere guraso, senide, ahaide eta ondasun guztiekin atera zen. Bekatuan lagun izan duzun senide edo lehengusua. || Gure senide nagusia. Senide bakarra zen.

haurride 1 iz. Senidea. Zenbat haurride zarete? Zortzi haurrideetako lehena. Haurrideak eta ahaide guztiak. Haurride osoa. Haurride-erdia. Haurride biren alor artean ongi dago zedarria (esr. zah.).


Eta senide hitzaren adiera horren beste adibide bat, Xabier Lete eta Julen Lekuonaren Itsasoan urak handi kanta ederrean: Zazpi senideko famili batetan / arotza zen gure aita...

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa