Galde-erantzunak

2013-11-04 14:42:53
>
Testuinguru batzuetan, behintzat, bi kontzeptu bereiz dira parekidetasuna eta berdintasuna (es: paridad, igualdad; fr: parité, égalité; en: parity, equality). Elkarrekin zerikusia izanagatik, zeinek bere ñabardurak ditu.

Parekide eta parekidetasun hitzak, askotan, ordezkari edo kide kopuruaz mintzatzeko erabiltzen dira. Hala izaten da, esaterako, batzorde parekideak aipatzen direnean: halakoetan, parte hartzen duten alde guztiek kide kopuru bera izaten dute.

Orobat, demokrazia parekidea deiturikoan, orekatua da gizon-emakumeen ordezkaritza eta parte hartze politikoa: ez gizonak eta ez emakumeak ez dira ordezkarien %60 baino gehiago (es: democracia paritaria; fr: démocratie paritaire; en: parity democracy).

Kontzeptu horiek euskaraz emateko, parekide eta parekidetasun erabiltzen dira, besteak beste, eta Hiztegi Batuan sartuak daude biak. Nolanahi ere, hitzon osaera nahiko eztabaidagarria da, eta, horregatik, paritario eta parekotasun ere asko erabiltzen dira. Esaterako, Zehazki hiztegian, parekide, paritario eta parekotasun ageri dira; Elhuyarrek, berriz, bi bikoteak ematen ditu (paritario eta parekotasun; parekide eta parekidetasun), eta Euskaltermek nahiago ditu paritario eta parekotasun (hauteskunde-parekotasun sarreran, adibidez).
© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: [email protected]
webgunearen mapa