Jon Maia: «Izan liteke kirolari, dantzari eta musikari aldi berean»

Futbolean eta eskubaloian ere aritzen zen arren, dantzaren alde egin zuen Jon Maiak haurra zela (Errenteria, Gipuzkoa, 1977). «Tresna aberatsa» dela dio, eta penaz ikusten du mutil geroz eta gutxiago aritzen direla horretan. Kukai dantza konpainia sortu zuen, eta hartan dabil lanean, buru-belarri.

Ane Insausti Barandiaran

Noiz hasi zinen dantzan?

Dantzan 6 urte nituela hasi nintzen, Errenteriako Ereintza dantza taldean. Nire ikasketa prozesua euskal dantza tradizionalean egin nuen, eta ume-umetatik gustuko jarduera izan nuen; beti lagun onez inguratuta nengoen.Hainbat sari irabazitakoa zara...Zazpi urtez izan nintzen Euskal Herriko aurreskulari txapelduna, eta, gerora, bestelako abenturak sortu dira. 2001. urteaz geroztik, nagusiki Kukai dantza konpainian nabil buru-belarri.

Zergatik aukeratu zenuen dantza?

13 urte nituen arte-edo, nagusiki futbola eta dantza uztartzen nituen, eta eskubaloia ere bai, pixka bat. Gerora, dantzaren aldeko apustua gutxi gorabehera egina neukan, baina justu garai hartan futboleko entrenamendu batean hanka hautsi nuen, eta ez nintzen itzuli. 

Seinale bat izan zen?

Agian bai, baina askotan joera dago diziplinak asko zatitzeko, eta uste dut erabat osagarriak direla. Norbait izan liteke kirolari, dantzari eta musikari aldi berean, inongo arazorik gabe.

Zer helbururekin sortu zenuen Kukai dantza konpainia?

Hasieratik eduki zuen helburu jakin bat: dantza tradizionaletik abiatuta ikuskizun garaikideak sortzea, eta bestelako arte diziplinekin elkarrizketak sustatzea. Gure lehen lanak Tanttaka teatroarekin elkarlanean izan ziren, baina, gerora, martxan jarri genituen beste lan ildo batzuk ere.


Nola uztartzen dira hainbeste diziplina?

Nik asko gozatzen dut, azken finean ideia bati leku diferenteetatik begiratzea baita, eta horrek asko aberasten gaitu. Oso polita izaten da ikustea besteen begiradatik ikasiz edo elkar elikatuz ideia bat nola hazten den, azken emaitza lortu arte.

Zertan aldatu da dantza zu hasi zinenetik?

Gaur egun ikusten dut dantza naturaltasun handiagoz dagoela leku askotan: dela kalean, direla antzokietan, dela museoetan... Baina gero, tamalez, kontrako eboluzio bat ikusten dut, esate baterako, mutilek dantzari dagokionez duten jarreran. Izugarrizko pena ematen dit, zeren benetan iruditzen zait ez dakitela zer galtzen duten.  Uste dut ez dela egokia jarduera bat genero batekin lotzea, eta dantza bai mutilentzako eta bai neskentzako ariketa eta komunikazio bide bat da. Izugarrizko gozamena hartzen da, eta izugarrizko tresna da gaztetxoentzat.

Orain Txalaparta ikuskizunarekin ari zarete, ezta?

Otsailean estreinatu genuen, eta oso pozik gaude aurkezpen birarekin. Oso polita izan da bai prozesua, bai emaitza. Orain emanaldiak egiten ari gara: larunbatean [gaur], Barakaldon [Bizkaia] daukagu bat; maiatzaren 17an, Hernanin [Gipuzkoa] eta 18an, Errenterian. Udaren ondoren Euskal Herritik kanpo aurkezteko asmoa daukagu.

MOTZEAN

  • Dantza bat? Agurra.
  • Plater bat? Arroza.
  • Abesti bat? Gora herria.
  • Liburu bat? Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguezena.
  • Zenbaki bat? Zortzia.

top