Afrika goraipatzeko eguna

Testua: Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA AFRIKAREN EGUNA?

Afrikaren Eguna ospatuko dute Euskal Herriko hainbat lekutan, bihar. Askotariko kultura, hezkuntza eta aisialdi jarduerak antolatu dituzte Afrikaren alde lan egiten duten hainbat taldek eta erakundek. Egitasmo horrekin, Afrikaren Aldeko Taldeak bere konpromisoa erakutsi nahi du, eta, bide batez, salatu kontinenteak historian zehar jasan dituen injustiziak, bertako kide Josu Urrutiak esan duenez: «Hala nola esklaboen merkaturatzea, kolonialismoa, apartheida eta genozidioa».

2. ZERGATIK ANTOLATZEN DUTE?

Antolatzailearen hitzetan, helburuak hauek dira: batetik, Afrikako herrien arteko batasuna erakustea, eta, bestetik, kolonialismoari bizkarra ematea. «Ospatzeko eta aldarrikapenetarako egun bat da. Baita kontinentea ezagutarazteko ere, sorpresaz beteta baitago», azaldu du. Aurtengo gaia hau da: «Justizia Afrikarentzat eta afrikarren ondorengoentzat, erreparazioen bidez».


3. ZEIN DA EGUNAREN JATORRIA?

Maiatzaren 25ean ospatzen da Afrikaren eguna, egun horretan sortu baitzuten OUA Afrikar Batasunerako Erakundea, 1963. urtean. Afrikako herrialdeen arteko batasuna eta lankidetza sustatzeko sortu zuten, herrialdeko erronkei aurre egiteko, elkarri lagunduz —kolonialismoari eta apartheidari, adibidez—. 2002. urtean AB Afrikako Batasunak ordezkatu zuen aurreko erakundea: Afrika oparoa, baketsua eta integratua du lelo, eta, gaur egun, Afrikako 55 herrialdek osatzen dute.

4. ZER DA KOLONIZAZIOA?

Afrika kontinente kolonizatua izan da urte askoan, batez ere XIX. mendetik XX. mendearen erdialdera. Estatu batek bere mugetatik urrun dagoen herrialde bat mendean hartzea da kolonizatzea, eta haren baliabideez jabetzea (lurrak, mineralak...). «Europak [Afrikako] kontinenteko aberastasunez jabetzeko ezarri zituen koloniak, eta kontinentea euren artean banatu zuten Erresuma Batuak, Frantziak, Portugalek, Belgikak eta Alemaniak batik bat», azaldu du Urrutiak. Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen Afrika deskolonizatzeko prozesua, eta herrialdeek independentzia lortu zuten.

5. ZER ONDORIO UZTEN DITU HORREK?

Ondorio asko izan ditu kolonizazio garaiak, eta gaur egun arte iraun dute askok: ekonomikoki, Afrikako herrialdeak kolonizatzaileen mendeko bihurtu ziren. Europako herritarren nagusitasuna zela eta, bertako hizkuntzak eta ohitura asko baztertu zituzten herritarrek, Europakoak imitatuz; horrek haien ohituretako asko desagertzea ekarri zuen. Eta herrialdeen arteko mugak, bertako herrien errealitatearen arabera ez, baizik kolonizatzaileen interesen arabera ezarri zirenez, gerra eta gatazka asko sortu dira herrialdeek independentzia lortu ostean ere.

6. ZER DA AFRIKAREN ALDEKO TALDEA?

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan lan egiten duten eta Afrikan interes berezia duten gobernuz kanpoko erakundeen kolektiboa da —hamazazpi erakundek osatzen dute—. Haiek antolatzen dute Afrikaren Eguna. Afrikako biztanleei aukerak eskaintzea da asmoa, sorlekuan bizitza duin bat izan dezaten. Ā«Nik seme-alabei beti esaten diet zorte handia izan dugula Euskal Herrian jaiotzeagatik, eta Afrikan bizi diren haur eta gazteek ez dituztela gure aukera berak; guk egunero egiten ditugun gauza asko ez daude beste askoren esku. Esate baterako, iturria zabaldu eta ura izatea, argia piztea, egunero gutxienez hiru aldiz jatea...Ā», kontatu du Urrutiak.

{Iazko Afrikaren eguneko ospakizuneko argaki bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU}

7. ZEINTZUK DIRA AFRIKAREKIN LOTUTAKO AURREIRITZI EDO KLIXEAK?

Afrika ez da herrialde bat:

Afrika kontinente bat da, ez herrialde bakar bat; 59 estatu ditu, eta 1,48 milioi lagun bizi dira bertan. Hortaz, ezin da afrikarrez hitz egin denak berdinak balira bezala: milaka hizkuntza hitz egiten dira, kultura ugari daude, eta aberastasun handiko herrialdea da, tokian tokiko ohiturekin. Afrikarrak esatea europarrak esatearen parekoa da; ohitura berak al dituzte Euskal Herrian eta Italian, Errusian, Danimarkan edo Alemanian.

Beltz guztiak ez dira afrikarrak:

Afrikar gehienek azal beltza dute, baina beltz guztiak ez dira afrikarrak. Afrikatik Euskal Herrira etorritako gurasoen seme-alabak, adibidez, ez dira afrikarrak, euskal herritarrak baizik. Era berean, arraza termino desegokia dela esplikatu du Urrutiak: «Kontuan hartu behar dugu arraza terminoa kontzeptu okerra dela, historiaurrean diskriminazioak justifikatzeko erabilia izan zena. Gaur egun, aditu gehienek etniez edo talde kulturalez hitz egin nahiago dute arrazez baino». Euskaltzaindiaren definizioaren arabera, kulturaz eta hizkuntzaz batasun bat osatzen duten gizabanakoen multzoari egiten dio erreferentzia etnia hitzak.


Blackface-a edo afrikarrez mozorrotzea:

Pertsona zuriak aurpegia beltzez margotzean datza blackface-a; jarrera arrazista dela salatu izan dute ekintzaile antiarrazistek, beltzen gaineko estereotipoak sustatzen dituztelako eta burla egiten dietelako. Era berean, ohikoa da inauterietan «afrikarrez» mozorrotzea ere: jantzi tribalak jantzi, aurpegia margotu... Afrikako herritarrak karikatura huts bilakatzen dituztela salatzen dute talde antirrazistek, argudiatuta ezen zuri batek, beltzez margotzen denean ezpain lodiekin eta afro ileorde batekin, haien inguruko estereotipoak sendotzen dituela.

top