Ainhoa Artetxe, aktorea: «Lagunen artean egindako film bat izan da 'Jone, batzuetan'»

Neska gazte baten bizitzaz mintzo da Jone, batzuetan filma: aitari parkinsona diagnostikatu diote, eta hura zaindu behar du, baina, era berean, Bilboko Aste Nagusi betean daude, eta parranda giroan dabiltza lagunak. Orduantxe maiteminduko da Jone lehen aldiz, Olgarekin, Ainhoa Artetxe aktorearen pertsonaiarekin (Bilbo, 1993). Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean Egile Berriak saria lortu du Sara Fantova zuzendariak, filmagatik.


Ane Insausti Barandiaran

Zer moduz alfonbra gorrian?

Malagako [Espainia] Zinema jaialdian estreinatu genuen filma, eta hor izan genuen alfonbra gorria. Ez genuen espero horrelako harrera edukitzea. Sorpresa bat izan da, oso hunkigarria.

Bilboko Aste Nagusi betean grabatu zenuten filma. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso esperientzia bizia izan zen, oso talde txikiarekin grabatu baikenuen pelikula. Festan murgildu ginen: lagunen artean egindako film bat izan da. Sara [Fantova, zuzendaria] nire txikitako laguna da, 3 urte genituenetik ezagutzen dugu elkar. Filmeko lokalizazio asko gureak izan dira: adibidez, nire pertsonaiaren etxea nire amaren etxea da, eta jaietan murgiltzea ere Kaskagorri eta Kranba konpartsei esker izan da posible. Oso prozesu interesgarria izan da, eta ezberdina. Denok jarri dugu energia asko hau aurrera eramateko.

Lagunen arteko filmek ematen dute aukera aktore gisa zeure burua ezagutarazteko?

Bai, askotan paper txikiak izaten ditugulako. Kasu honetan, bigarren mailako rol bat daukat, baina antzeztu ahal izan dut apur bat gehiago. Hori nahi dugu, lanak lan gehiago dakar eta.



Bitartean, lortzen dituzuen roletara egokitu behar izaten duzue. Orain, adibidez, bekainak zuriz tindatuta dituzu. 

Bai, orain Javi Ginerren [zuzendaria] filma grabatzen gabiltza, Bilbon, eta pertsonaia txiki bat daukat. Oso pozik nago. Horretarako koloretu dizkidate bekainak, beraz, zuriak dauzkat. Itxura arraroa daukat [barrez], baina gustatzen zait itxuraz aldatzea paper batentzako, txikia bada ere.

Zer da aktore izatetik gehien gustatzen zaizuna?

Gehien gustatzen zaidana da gizakiak ulertu ahal izatea: nolakoak garen, zergatik egiten ditugun gauzak... Asko gozatzen dut horrela. Klaseak ere ematen ditut, eta uste dut edonori gustatuko litzaiokeela antzerki klase bat jasotzea, askatzailea da eta. On egiten digu barruan duguna ateratzeak: izan margotzen, abesten, dantzatzen...

Eta gutxien?

Gogorra dela honetatik bizitzea. Ezjakintasunean bizi garela denbora guztian, ez dakigu lana edukiko dugun ala ez... Hori gogorra da. Bizirik mantentzen zaitu ezjakintasun horrek, baina askotan gogorra da. Babes handiagoa beharko genuke.

Zer egin nahiko zenuke hemendik aurrera?

Espero dut aktore moduan proiektu berriak etortzea. Ainhoa Etxebarriarekin telesail bat egiten ari naiz ETBrako: Tamara ta Mara. Azaroan grabatuko dugula uste dut. Sortzaile lanetan ere banabil, nire telesailarekin borrokan, ea lortzen dugun finantzatzea. Horrez gain, zabalik nago, ea aktore moduan zer datorren.

MOTZEAN

  • Abesti bat? Think, Aretha Franklinena.
  • Plater bat? Txipiroiak tintan.
  • Kolore bat? Gorria.
  • Film bat? Estiu 1993.
  • Erreferente bat? Meryl Streep.
top