Arkatzak dantzan jarrita

Iruñeko Duguna dantza taldeak ‘Koloreaga 0.2’ liburua argitaratu du. Euskal Herri osoko 30 dantzari, pertsonaia eta festagileren irudiak bildu dituzte, haurrek kolorez margotu ditzaten.

Ion Orzaiz / Iruñea

1. ZER DA 'KOLOREAGA'?

Koloreztatzeko koaderno bat da. Orrialde bakoitzean, Euskal Herriko folklore zahar eta berriko pertsonaiak daude; batez ere, dantzari lotuak. Herrietako jaietan eta inauterietan kalera ateratzen dira gehienak. Liburuan, ilustrazio bakoitzaren alboan, Euskal Herriko mapa txiki bat ere gehitu dute, dantza, pertsonaia edo ohitura bakoitza nongoa den ikusteko.


2. ZERGATIK 0.2?

Hau bigarren liburua delako. Lehen liburuxka 2010. urtean argitaratu zuten, eta arrakasta itzela izan zuen, liburu guztiak amaitu baitziren. Orduko hartan, Nafarroako festetako pertsonaiak soilik bildu zituzten. «0.2» bertsioan, berriz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako festagileak daude.


3. ZER GEHIAGO ALDATU DA?

Dantzaren mundua asko aldatu da Koloreagaren lehen liburua argitaratu zutenetik. Emakumeen borrokari esker, hasieran gizonek bakarrik dantzatzen zituzten dantza batzuk genero bereizketarik gabe dantzatzen dira gaur egun: horrek esan nahi du neskek eta mutilek dantzatzen ahal dituztela berdin-berdin, eta hori islatu dute marrazkietan. Generoaz gain, arrazari, jatorriari, adinari eta fisikoari lotutako pluraltasuna ere ikus daiteke liburuan. «Errealitate koloretsuago batendako, Koloreaga berri bat da hau», azaldu du Aritz Ibañezek, Duguna taldeko zuzendariak.


4. ZER DA DUGUNA TALDEA?

Iruñeko Udalaren dantza taldea da, eta Nafarroako ospetsuenetako bat. Iazko azaroan 75 urte bete zituen. 1949ko azaroaren 29an hasi zuen bere bidea, San Saturnino egunean. Hamasei dantzarik egin zuten taldearen lehen emanaldia, Iruñeko Udaletxe plazan. Hasieran, Duguna ez zen dantza taldearen izena, 1951. urtean sortutako ikuskizun baten izenburua baizik. Dantza ikuskizun horrek fama handia lortu zuen Iruñeko herritarren artean, eta jendea hasi zen Duguna izena erabiltzen taldea aipatzeko. Gaur egun, 130 dantzarik osatzen dute Duguna.

5. NORENAK DIRA LIBURUKO MARRAZKIAK?

Liburuko marrazkiak Asisko Urmeneta marrazkilariarenak dira. Euskarazko komikiaren munduan oso ezaguna da. Napartheid fanzinean egin zituen lehen komikiak, 1980ko hamarkadan, eta hainbat aldizkari eta egunkaritan egin izan ditu kolaborazioak. H28 aldizkari satirikoan parte hartu zuen eta Xabiroi, Ikastolen Elkarteko aldizkarian ere marrazten du. Zenbait urtez, Kukuxumusu markarentzat egin zituen diseinuak, Mikel Urmeneta anaiarekin batera. Gainera, Oskorri, Pottoka eta Negu Gorriak musika taldeen diskoen azalak ere marraztu ditu. Zineman, animaziozko bi film zuzendu ditu, Juanjo Elordirekin: Munduaren bira 80 egunetan, doan (2009) eta Gartxot, konkista aitzineko konkista (2011).


6. OHITURA ZAHARRAK SOILIK AGERTZEN DIRA LIBURUAN?

Ez. Tradiziozko dantza eta festa zaharrekin batera, azken urteetan sortutako batzuk ere bildu dituzte egileek. Besteak beste, Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskalduna. Asisko Urmenetak liburuaren aurkezpenean esan zuen tradizioa eta folklorea ez direla «poto batean itxita» gordetzeko ohiturak, baizik eta urtetik urtera moldatu eta gaurkotu daitezkeen jarduerak. «Tradizioa gihar bat da, mugituz eta eraginez indartu daitekeena», esan zuen.

7. NON ESKURATU DAITEKE?

Liburua salgai dago Iruñeko liburu denda gehienetan: Karrikiri, Katakrak eta Elkar dendetan, besteak beste. Hala ere, Iruñetik kanpoko jendeak ere eskura dezake, eskaera bidalita [email protected] email helbidera. Liburuak hamabi euroko prezioa du.

PERTSONAIAK

  • San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantzariak (Iruñea)
  • Maskaradetako aitzindariak eta beltzeria (Zuberoa).
  • Igartzako ezpata-dantzariak (Beasain, Gipuzkoa).
  • Animalien dantzariak eta Margarito hartza (Iruñea).
  • Bordon-dantzariak (Bera, Nafarroa).
  • Axeri-dantzariak (Andoain, Gipuzkoa).
  • Xemeingo ezpata-dantzariak (Markina-Xemein, Bizkaia).
  • Koko-dantzetako pertsonaiak (Eibar, Gipuzkoa).
  • Korpus dantzariak (Oñati, Gipuzkoa).
  • Katximorroa (Eltziego, Araba).
  • Miarritzeko ezpata-dantzariak (Lapurdi).
  • Argia dantzari taldea (Donostia).
  • Iruinkokoko pertsonaiak (Iruñea).
  • Tuterako paloteau-dantzariak (Nafarroa).
  • Kaixarranka (Lekeitio, Bizkaia).
  • Zumarragako ezpata-dantzariak (Gipuzkoa).
  • Lasarte-Oriako sorgin-dantzariak (Gipuzkoa).
  • Otsagabiko makil-dantzaria eta Boboa (Nafarroa).
  • Uztaritzeko Bestagorria, Banderaria, Kaskarota, Ponpiera eta Kotilungorria (Lapurdi).
  • San Lorentzoko dantzariak (Iruñea).
  • Errebonbiloak (Elorrio, Bizkaia).
  • Iurretako ezpata-dantzariak (Bizkaia).
  • Baigurako libertimenduko pertsonaiak (Lapurdi-Nafarroa Beherea).
  • Arrateko trokeo-dantzariak (Eibar).
  • Sanferminetako trokeo-dantzariak (Iruñea).
top