Aroztegiaren aurka protestan

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER GERTATU DA?

Lurraren defentsan, Aroztegia gelditu! Kriminalizaziorik ez! lelopean, manifestazioa egingo dute gaur, Iruñean, Aroztegiko Elkartasun Komiteak deituta. Lekarozen, Baztanen (Nafarroa), egin asmo zuten Aroztegia proiektua geldiarazteagatik, zazpi kideri denera hogei urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroren isunak ezarri nahi dizkiete, eta haiei elkartasuna adierazteko egingo dute protesta gaur, Iruñeko epaitegietatik abiatuta.

2. ZER DA AROZTEGIA?

Baztango Lekaroz herrian, gaur egun basoa eta belardiak dauden tokian, 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzea helburu duen proiektua da Aroztegia. Herritarrek behin eta berriro esan dute proiektuaren aurka daudela, eta, horregatik, 2021eko apirilean, hondeamakinak eremu horretara iritsi zirenean eraikitzen hasteko, herritarren protestekin egin zuten topo. Lanak geldiaraztea lortu zuten.


3. NOLA GELDIARAZI ZUTEN?

Hainbat herritarrek kanpaldi bat antolatu zuten proiektuaren aurka: laurogei bat herritar bertaratu, kanpin dendak muntatu, eta bertan geratu ziren lotan, Aroztegia eraikitzeko lanak eragozteko. Hainbat egunez Guardia Zibila joan zen protestak geldiaraz zitzatela eskatzera, baina herritarrek tinko eutsi zioten euren eskariari. Protesta baketsuak izan ziren, eta lanak geldiaraztea lortu zuten. Halere, protesta horiengatik, «talde kriminal antolatu bat» osatzea egozten die akusazioak, eta derrigortze eta bortxa delituen erantzule izatea ere bai.

4. ZERGATIK GELDIARAZI ZUTEN?

Hasieratik agertu dira herritarrak proiektuaren aurka. Alde batetik, herriaren nahia errespetatzeko eskatzen diote Nafarroako Gobernuari; «baztandarrei sorgor eginez» jardutea leporatu diote, eta baztandarrei «lurrak ebastea». Salatu dute herritarren interesak defenditu beharrean «interes pribatu eta espekulatzaileak» defenditu dituztela, hau da, proiektua irabaziak lortzeko egina dela, eta ez herritarren beharrei erantzuteko.


5. NORK BATEGIN DU PROTESTAREKIN?

Auzipetuen aldeko Aroztegiko Elkartasun Komiteak kanpaina bat abiatu du absoluzioa eskatzeko, eta harekin bat egin du Baztango Batzar Nagusiak: erakunde horrek Nafarroako Gobernuari eskatu dio geldiaraz dezala proiektua. Euskal Herri osoko beste 139 eragilek ere babestu dute manifestazio deialdia, hala nola hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta erakundek. Horien artean daude EH Bildu, EH Bai, Zurekin Baztan, ELA, LAB, ESK, Steilas, ELB, Ernai eta GKS.

6. BA AL DAGO ANTZEKO KASURIK EUSKAL HERRIAN?

Ingurumenaren aldeko protestak eta mugimenduak ugariak izan dira Euskal Herrian. Batzuek lortu zituzten beren helburuak, eta proiektu horiek ez ziren gauzatu; beste mugimendu batzuek, ordea, ez zuten lortu halako egitasmoak gelditzea. Hauek dira adibideetako batzuk:

ITOIZKO URTEGIA

Itoizko urtegia da Euskal Herriko azpiegitura polemikoenetako bat. Bi osagarri nagusi ditu proiektuak: Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea, ura nekazaritza gune lehorretara eramateko xedea duena. Proiektuak Itoiz izena du inguru hartako herri batek hala izena zuelako. Izan ere, urtegia eraikitzearen ondorioz, hainbat herri eta ingurune natural urpean geratu ziren, tartean Itoiz. Liskar ugari piztu zituen azpiegiturak, ingurumenaren aldeko taldeek salatzen baitzuten eragin kaltegarri eta arrisku ugari zituela. Besteak beste, hura eraikitzeko lanetan ari zirela, porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten; kalteen ondorioz, bederatzi hilabetez egon ziren lanak geldirik.


AHTa

Abiadura Handiko Trena (AHT) trenbide sare bat da, ohi baino azkarrago bidaiatzeko aukera ematen duena. Euskal Herrian ere ari dira bat eraikitzen, eztabaida artean. Izan ere, trenbide sare hori eraikitzeko, milioika euro erabili dituzte dagoeneko, eta hainbat mendi eta ingurune natural zulatu. Gainera, hasierako planean zehaztu baino askoz ere diru gehiago ari dira xahutzen, eta askoz ere denbora gehiago irauten ari dira lanak.


LEMOIZKO ZENTRAL NUKLEARRA

1970eko hamarkadan Iberduero enpresak eraikitako zentral nuklear bat da Lemoizkoa (Bizkaia). Proiektu handiago baten parte zen, eta, harekin batera, Ispasterren (Bizkaia) eta Deban (Gipuzkoa) ere zentralak eraikitzea zen asmoa. Halere, zentral nuklearren aurka egin zuten hainbat eragilek, eta, gatazka eta eraso ugariren ostean zati bat eraiki bazuten ere, ez zuten inoiz martxan jarri.


ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA

Donostiako Zubieta auzoko erraustegia 2020an inauguratu zuten, hamabi urteko prozesu baten ondoren. Hondakinak erretzen dituen azpiegitura bat da; hasieran hiri hondakinak erretzeko baliatu nahi bazuten ere, industria hondakinak ere erretzen dituzte han. Herritar eta eragile ugarik salatu dute ingurumenean eta osasunean kalteak eragiten dituela, eta badaudela hondakinak kudeatzeko modu egokiagoak. Hasieratik sortu ditu arazoak: esaterako, ondoko erreka kutsatu izan du, eta hainbat arrain hilik agertu izan dira. Gainera, hainbat gas toxiko isurtzen ditu, eta zientzialariek frogatu dute gaixotasun larriak ere eragin ditzaketela gizakietan: minbizia, tiroidearekin lotutako gaitzak...


top