Diximed, pediatriarako tresna
Medikuntzako hiztegi bat, atlasak, jolas interaktiboak eta COVID-19ari lotutako hiztegi bat biltzen ditu Diximed proiektuak. 6 eta 12 urte arteko ikasleentzat da, eta komunikazioa hobetzea da xedea.
Ane Insausti Barandiaran
Bisturia, dioptria, indigestioa, konjuntibitisa... Askotan ez da erraza medikuarengana joandakoan pediatrak erabiltzen dituen hitzak ulertzea. Eta, definizioak hiztegietan bilatzeak ez du askorik laguntzen, definizioko azalpenak ere oso konplexuak izaten baitira. Arazo horri aurre egiteko sortu zuten Diximed, pediatrarako sareko hiztegia, 6-12 urte bitarteko haurrentzat. Katalanez ondu zuten lehenik, eta, orain, euskaraz ere eskuragarri dago, www.diccionaridemedicina.app/web/eu/atarian.
Rosa Estoparena izan zen hasierako ideia. Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko Iulaterm taldeko kidea da, eta bera da proiektuaren zuzendaria. 3.000 ikaslek parte hartu zuten hura sortzeko prozesuan. Pixkanaka, proiektua handituz joan zen, eta beste hizkuntza batzuetara itzuli zuten ondoren. Gaztelaniaz, ingelesez eta galegoz eskuragarri dago, eta euskara ere batu da zerrendara.

Elkarlanaren fruitua izan da. EHU Euskal Herriko Unibertsitatera jo zuen Estopak; bertako Igone Zabala Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak euskarazko Wikipediakoen atea jo zuen, aurretik ere bazuen-eta haiekin harremana. Testuak, berriz, Elhuyarreko kideek itzuli dituzte. Eta, proiektua biribiltzeko, testuei ahotsa jarri diete Zarauzko Orokieta Herri Eskolako ikasleek (Gipuzkoa). Buru-belarri murgildu dira proiektuan, eta orain haien ahotsak daude atari horretan entzungai.
Wikilarien elkarteko Galder Gonzalezen eskutik jaso zuten proposamena Zarautzen, Arantzazu Fernandez de Arroiabe Orokietako ikasketa buruak kontatu duenez: «Gure eskolak lehenago ere Txikipedian artikuluak-eta sortzen ditu, harremana badaukagu, eta, gainera, Euskal Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalez gure eskolako gurasoa da. Haren bitartez etorri zen eskaintza».
Ahotsaren ekarpena
Hiztegi bat, atlas bat eta jolas interaktiboak bildu dituzte webgunean, baita COVID-19arekin lotutako hiztegi bat ere. Definizioak Gironako ikasleek egindakoak dira, eta haiek egindako marrazkiak dituzte ondoan, testuari laguntzeko eta haurrek terminoak hobeto ulertzeko. Azkenik, definizioak euskaraz entzun daitezke, Orokieta ikastetxeko haurren ahotsean. «Ahotsak ere ekarpen handia egiten dio irisgarritasunari: irakurtzeko zailtasunak dituztenei, oraindik irakurketan trebatuta ez daudenei...», azaldu du irakasleak.
Proiektuaren helburua argia da: pediatraren eta umeen arteko komunikazioa hobetzea, baita gurasoen eta seme-alaben artekoa ere. «Askotan, agian, pediatrak ez du jakiten zer hitz erabili kontsultan. Tresna horren bitartez, marrazki bat hartu dezake abiapuntu, definizio sinple bat dauka, eta horrek asko laguntzen du. Plataforma horren bitartez, aukera daukagu azalpen errazagoak emateko, eta hurbiltzeko. Eta eskoletan ere oso erabilgarria da».
Baina ez da ohiko hiztegi bat, eta ez ditu nolanahiko definizioak. Fernandez de Arroiabek kontatu du nola eraiki zituzten katalanezko lehen definizio horiek: «CDR teknika erabili zuten, euskaraz EDB izango litzatekeena: eraiki, deseraiki eta berreraiki. Hasteko, haurrek hitzen definizioa osatu behar zuten, hiztegietan edo Interneten begiratu gabe. Definizio horiek hartuta, hizkuntzalariek eta pediatriako medikuek uste zuzenak, uste ez guztiz zuzenak eta uste okerrak bereizi zituzten. Eta uste horietatik abiatuta, beste definizio batzuk sortu zituzten, haurren hizkuntzara egokituak».

Adibide bat: minbizia hitza. Haurrek esan zuten minbiziarekin jendea hil egiten zela, eta kutsakorra zela. Definizioan, hortaz, «minbizia duten pertsona guztiek ez dute gaixotasun sendaezina pairatzen» edo «minbizia ez da gaixotasun kutsakorra» esaldiak irakur litezke. «Informazio hori kontuan izanik, definizioa berreraiki egiten dute. Hortaz, definizio horiek desberdinak dira: helduentzako definizio batean ez litzateke agertuko ‘minbizia ez da kutsatzen’. Baina haurrenetan oso garrantzitsua da, pixkanaka uste oker horiek zuzentzeko», azaldu du ikasketa buruak.
Eskolako irrati gelan grabatu dituzte audioak, eta lehendik ere lantzen zituzten gaitasunak jorratzeko bidea eman die proiektuak. «Ikasi behar dute ondo ahoskatzen, poliki hitz egiten, mikrofono baten aurrean irakurtzen...». Ikasleak oso motibatuta aritu direla kontatu du Fernandez de Arroiabek: «Batez ere benetako erronka batean parte hartzen ari zirelako, eta bazekitelako audio horiek gero hor geldituko direla, edozeinentzat eskuragarri. Oso gustura ibili dira».
Euskarari ere ekarpena egin diotela sinetsita dago, euskararen normalizazioan pauso bat gehiago dela. «Euskarazko hiztegi mediko edo kontzeptu mediko horiek, adin honetara egokituta, normalean ez daude eskura, ezta beste hizkuntzetan ere». Eta zerbitzu bat emango zutela jakinik, ikasleak pozik aritu dira: «Rosak esan zien: ‘Ez dakizue ondo zelako oparia egin diezuen Euskal Herriko gainontzeko umeei’. Ekarpen txiki bat da gure partetik. Guk gauza txikitxo bat egin dugu, baina proiektuaren ekarpena oso handia da». Denentzat eskuragarri dagoen oparia.