Dortokekin kontu kontari

Txikitasunari gorazarre egiten dio ‘Dortokaren ametsa’ ipuin liburuak, eta ametsei jarraitzera dei egin. Senegalgo ahozko literaturako istorio batean oinarrituta dago, eta bertako elkarteei ekarpena egiteko, oihalezko dortokak sortu dituzte.

Ane Insausti Barandiaran

Narrasti hanka-motzak dira dortokak. Oskol gogorra dute, eta ehun urte bizi daitezkeela diote. Badute geldo fama ere. Baina ameslaria da Dortokaren ametsa (1545 argitaletxea) ipuineko protagonista, eta era guztietako fruituak zituen zuhaitz batekin amestu zuen behin: laranjak eta papaiak, ananak eta bananak, kokoak eta mangoak... Zuhaitz horren bila abiatu nahi duela esango die dortokak lagunei. «Baina zu, dortoka, motela baino motelagoa izanik, ez zara inoiz iritsiko», esango dio, ordea, lehoiak.

Alberto Celdran da ipuinaren idazlea, eta esplikatu du bizitzaren metafora bat dela ipuineko kontakizuna, txikitasunaren botereaz hitz egiten baitu: «Azken batean, dortoka hau gu guztion pertsonifikazio bat da, gure bizitzako punturen batekoa, esan digutenean: ‘Ez zara hori egiteko gai, txikiegia zarelako, handiegia zarelako, emakumea zarelako...’ edo dena delako motiboagatik».


Idazle lana baino gehiago, biltze lana egin du Celdranek oraingoan. Izan ere, Senegalgo ahozko literaturako istorio batean oinarrituta dago ipuina. 2008. urtean ezagutu zuen, lehen aldiz Afrikako herrialde horretara joan zenean, kooperazio proiektu batera. «Espazio informal batean, kozinatzen ari zen emakume batekin nengoela, tipula txikituaren artean, deskubritu zuen nire ofizioa ipuinak kontatzea zela. Beraz, esan zidan istorio bat oparituko zidala. Horrela iritsi zen ipuina nire belarrietara».

Bigarren bidaia

Hilabete gutxiren buruan itzuli zen Celdran leku berera, eta, istorioaren dimentsioa sentituta, audioz grabatu nahi zuela eta ipuinari buruzko galdera batzuk egin nahi zizkiola esan zion emakume hari, istorioa ondo ulertzeko. Itzultzean, argi izan zuen istorio hori kontatu nahi zuela. Gazteleraz argitaratu zuen orduan, eta 1545 argitaletxeak ekarri du orain euskarara, eta Patxi Zubizarretak itzuli du. «Niretzat opari bat izan zen, oasi batean sartzea bezala. Prozesua oso ederra izan da. Literaturak hori ematen digu: munduaren tradizioaren kronika bat ematen digu, kasu honetan, ahozkoa», esan du Zubizarretak.


Horixe baita ahozko literaturaren boterea, Zubizarretaren irudiko: istorio unibertsalak direla, eta berdin funtziona dezaketela Afrikan edo Euskal Herrian. «Ipuinak unibertsalak dira, Alibaba eta 40 lapurrak Joxe Arratibelek kontatzen zuen Ataunen [Gipuzkoa]. Txikitasunaren abantaila, eta txikitasunaren handitasuna». Bat dator Celdran ere. «Ahozko narrazioaren boterea izugarria iruditzen zait, eta, halere, sentitzen dut munduaren alde honetan ipuinak entzun eta kontatzeari eskaintzen diogun denbora hori gutxituz joan dela». Dortokaren bidaiak segi dezan, liburu itxura du orain Senegalgo istorioak.

Oihalezko dortokak

Baina proiektua album ilustratutik harago doa. Izan ere, ipuinarekin batera, oihalezko dortoka batzuk sortu dituzte, txotxongilo erakoak, Senegalgo Dexe eta Deggo kolektiboekin elkarlanean. Desgaitasunen bat duten emakumeen talde batek sortuak dira, eta dortoka horiei esker lortutako dirua elkarte horietara bideratzea da helburua. Hark «opari gisa» jaso zuenaren truke, haiei zerbait itzultzeko modua da, Celdranentzat.

Izan ere, emakume horiek ezagutu zituenean, eta nola lan egiten duten, nola josten duten ikusi zuenean, moduren batean ekarpen bat egiteko beharra sentitu zuen: «Emakumea izatea Afrikan gogorra da, pobrezia egoeran bizi den emakume bat izatea are gogorragoa, eta aniztasun funtzional bat badute, izaki ikusezinak izaten dira sarri. Kasu honetan, haiek hartu dute haien bizitzako agintea, eta erabaki dute borrokatzea, bizitza duin bat izateko».


50 dortoka inguru ekarri dituzte Euskal Herrira, argitaletxekoek argi izan zutelako ipuina ez ezik proiektua bera ere zabaltzen lagundu nahi zutela. Dena den, jendeak interesa izango balu, prest daude dortoka gehiago josi eta Euskal Herrira ekartzeko. Horietako bakoitza bat eta bakarra da, gainera: «Wax oihalez egindako estanpatuak, hau da, oskola egiteko erabiltzen den oihalaren estanpatuak, handiak dira beti, eta patroia oihalaren diseinuan bertan aldatzen dute. Bakoitza zati ezberdin batetik mozten denez, bakarrak eta errepikaezinak dira», esplikatu du Celdranek.

Orain, oihalezko dortoka horiek ipuineko dortoka ameslariarekin batera bidaiatzen jarraituko dute, etxez etxe eta eskolaz eskola. «Azkenean, dortoka honek bere bidea egiten du, eta horixe da guztiok egin beharko genukeena, nire ustez: gure bidea egin, gure ametsei jarraitu, ipuineko zuhaitzaren metaforak erakusten duen bezala. Horregatik kontatzen dut haurrekin eta helduekin: iruditzen zaidalako guztioi hitz egin diezagukeela gure bizitzako momenturen batean». Motelak, indartsuak edo azkarrak izanda ere, ametsei jarraitzera ausartzeko.


top