Eskuz esku, erabakira

Ane Insausti Barandiaran

1. ZERGATIK ATERAKO DIRA KALERA?

Bilboko kaleak aldarrikapenez eta festa giroz bete nahi ditu Gure Esku-k gaur. Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki izango da leloa, eta «ziklo politiko berri» baten hasiera irudikatu nahi dute: manifestazioa egingo dute, 17:30ean, La Casillatik hasita, baina egun osorako egitaraua antolatu dute. Izan ere, plataformak uste du jauzi bat egiteko garaia dela: «Burujabetzaren bidean urrats sendoak egin eta ziklo berri bat irekitzeko garaia da».

2. ZER DA GURE ESKU?

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritar bat da Gure Esku. Helburu hauxe du: Euskal Herriak bere etorkizun politikoa erreferendum edo galdeketa baten bidez erabakitzea, normaltasunez, libre eta demokratikoki. Zuzendaritza kontseilu bat dauka, baina, horrez gain, berrehun herri ingurutan daude Gure Esku-ren taldeak osatuta; Herrialde Batzarretan koordinatzen dute haien jarduna.


3. NOIZ SORTU ZEN?

2013an sortu zen mugimendua, Gure Esku Dago izenarekin —2019ko martxotik aurrera Gure Esku bihurtu zen—. Handik urtebetera, giza kate erraldoi bat egiteko erronka jarri zioten euren buruari, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Eta baita egin ere. Hiru printzipio oinarri hartuta hasi zuen bidea. «Bat: herri bat gara. Bi: erabakitzeko eskubidea daukagu. Eta hiru: herritarron garaia da».

4. ZER DA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA?

Herrialde bateko herritarrek beren estatus politikoa aukeratzeko duten eskubidea da erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazio eskubidea; hau da, herrialde horrek politikoki zer forma izango duen erabakitzeko aukera bertako herritarrek izatea. Gure Esku-k zera nahi du, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzea, burujabe izan dadin, eta ez mendeko; herritarrak beren etorkizunaren jabe izatea nahi dute.

5. ZER BIDE EGIN DU?

Ekintza ugari antolatu ditu Gure Esku-k hamar urtetik gorako ibilbidean. Pausoz pauso, erabakitzeko eskubidea hizpidera ekarri eta herritarrak aktibatzea izan du xede. Hona hemen mugarri horietako batzuk:

2014

EKAINA

Mugimendua sortu eta urtebetera, hasiera hartan proposatutako erronka bete zuen Gure Esku Dago-k 2014ko ekainean: Durangotik (Bizkaia) Iruñera, giza kate bat osatu zuten, 150.000 lagun eskuz esku batuz.


AZAROA

Mosaiko erraldoi bat egin zuten Donostiako Zurriola hondartzan. Gure Esku Dago idatzi eta hautetsontzi bat irudikatu zuten. Horrekin batera, Eskoziako eta Kataluniako herrietako galdeketei babesa adierazi zieten, horien banderak irudikatuta. 


2015

Euskal Herriko bost estadio betetzera deitu zuten 2015eko ekainean: Bilboko San Mames, Baionako errugbi zelaia, Iruñeko zezen plaza, Donostiako Anoeta eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza. Oihal kate erraldoiak eraman zituzten, eta egun osoko festa antolatu zuten, Gaur hautetsontzia, bihar erabakia lelopean.


2016

Etxarri-Aranazko (Nafarroa) eta Arrankudiagako (Bizkaia) esperientziei jarraikiz, 2016tik aurrera, herri galdeketak egin zituzten berrehun herritan baino gehiagotan, estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruz. Herritarrek botoa eman zuten.


2018

Herritarron ituna izeneko dokumentuan, euskal herritarrek erabakitzearen aldeko arrazoiak batu ondoren, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituzten, beste giza kate baten bidez. Erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta, Euskal Herrian pil-pilean zeuden aldarrikapen ugari plazaratu zituzten.


2021

Hamaika Gara dinamikaren karietara, Bilbon mobilizazio jendetsua egin zuten, Hamaika gara erreferendumaren alde lelopean.


2022

Pirinioetako hirurehun gailur baino gehiagotara igo, eta argiak piztu zituzten Pirinioetako Bidea egitasmoan, Euskal Herria eta Katalunia batuz.


6. EGITARAUA

17:30ean izango da mobilizazio nagusia, baina beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte gaurko. 10:30ean, Santiago plazan, Harri Kamishibai ipuin kontaketa izango da. 11:30ean, Porrotx, Marimotots eta Zapotxin pailazoak. Ondoren, Ondalan erraldoien kalejira izango da. Baina, horrez gain, herri kirolak, casteller-ak, erromeria, taloak eta txistulariak ere izango dira, besteak beste.

BA AL DAKIZU?

Imajinatu libre kantua sortu du Gozategi taldeak, eta Alaitz eta Maiderrek eta Sua Enparantzak ere kantatu dute.

top