Euskaltzaleak entrenatzen
Ikastolen Elkarteak Korrikari buruz sortutako unitate didaktikoak landu dituzte Lekorneko Baigura ikastolan. Ikasleek gogotsu egin dituzte ariketak, eta prest dira euskararen alde ttipi-ttapa aritzeko.
Ane Insausti Barandiaran. LEKORNE
Zintzarriaren hotsak iragarri arren atseden ordua amaitu dela, ikasleak ez dira burumakur sartu ikasgelara Lekorneko Baigura ikastolan (Lapurdi). Korrikaren atarian daude, eta badakite zer zeregin duten zain ikasgelan: «Gogoan duzue zer egingo dugun gaur? Korrika landuko dugu!», ohartarazi die Amaia Boy irakasleak. Zapatak kendu, karpetak hartu, eta zintzo eseri dira irakaslearen aurrean 7 eta 8 urteko hamalau ikasleak. Izan ere, Korrikarako beharrezkoa da, lasterka eginez entrenatzea ez ezik, Euskal Herriaren eta euskararen aldeko kontzientzia aurrez lantzea ere.
Ordenagailua proiektorera konektatu, eta argazkiak jarri dituzte arbelean. Hiztegia errepasatu dute horrela: Korrikari lotutako hiztegia. Lasterketako argazki bat ikusi eta besoa altxatu ondoren, «Korrika!» esan du ikasle batek, eta, jarraian, talde osoak errepikatu du hitza, aho batez. Horrela errepasatu dute Korrikaren alfabetoa: aurtengo logoaren marrazkia ikusi, eta «logoa!» oihukatu dute, eta egurrezko makila ikurrinarekin ikustean, «lekukoa!» egin dute garrasi. Leloari ere erreparatu diote: Euskara gara. «Badakizue zer erran nahi duen? Denak gara euskara; euskaldun guztiok euskara gara».

Euskal Herriko mapa mutua hartu dute jarraian. Ibilbidea du marraztua, zuriz, eta puntu gorri batzuk ere baditu, egun bakoitzean zer bide egingo den zehazteko. Galdera-erantzunek ez dute etenik: «Nondik hasiko da?»; «Atharratzetik!». «Eta zer probintzia da hori?»; «Zuberoa!». Eta amaitu? «Bilbon, Bizkaian!». Ondo barneratua dute nondik norakoa. 11 egunean, egunez egun jarraituko diote ibilbideari ikasgelan, eta etxeko lana ere jarri die irakasleak: gurasoekin Korrika nondik nora dabilen markatzea mapan, eta Interneten zuzenekoaren bideoa ikustea.
Ikasle bakoitzari arrosa koloreko zinta bat banatu, eta Euskal Herriko probintziak eta hiriburuak mapan kokatzea izan da hurrengo erronka. «Hori Nafarroa da, handi hori!»; «Araban da Gasteiz?». Gelako mapa politikoak eman die erantzuna: baietz. Dena ondo dagoela ziurtatu ostean, kolaz itsatsi dituzte izen guztiak, mugitu ez daitezen, eta mapa hori ere karpetan sartu dute. Loditzen ari da Korrikari buruzko karpeta, eta haurrak murgiltzen ari dira euskararen alde, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa.
Mezua euskarari
Kartelak dituzte gelako horma batean zintzilik, ikasle bakoitzeko bat, eta bertan ikus daitezke ikasleen argazkiak, lekukoa eskuan eta petoa jantzita, «Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika!» letren alboan. Baina lekuko orok behar du mezua. «Orain, mezu sekretua kopiatu behar dugu; eta grafia ederra nahi dut, inportantea da! Euskarari idatziko diogu!», esan die irakasleak.

Prest dituzte testuak, eta hasi dira pixkanaka kopiatzen, mimo handiz: «Euskara maitea», «euskara kuttuna», «Aupa, euskara». Beroketa gisa eskumuturrari buelta batzuk eman, eta idazten jarraitu dute, ahalik eta letra dotoreenaz: «Euskara aitarekin eta amarekin ikasi nuen. Aitarekin, amarekin eta lagunekin euskaraz mintzo naiz». Hormako kartelaren ondoan jarri dituzte mezu sekretuak, pintzekin zintzilikatuta. Mezu horiek, baina, ez dira hain sekretuak izango: «Gogoratu Etxebarne ostatuan ezarriko ditugula, jendeak irakurtzeko», gogorarazi die Boyk.
Azkenik, aurrez margotuta zeuzkaten petoak jantzi dituzte, eta patiora atera, eguzkipean aurtengo abestia eta dantza entseatzera. Ezagun da abestia maite dutela eta ondo ikasia dutela. «Herensugeren itzala, Santa Grazitikan Zarrakaztelura» abestuz egin dute patiorainoko bidea. «Zabaldu eskuak, hartu lekua!» agindu diete, eta hasi dira dantzan, zelaian zabalduz. «Maitasun eskutitz baten bide luzea, Xiberutikan Mendebaldera». Arranoak bihurtu dira dantzan hasi ahala, eta zabaldu dituzte hegoak. Argi utzi dute prest daudela Korrikarako.