Euskara bultzatzeko uzta

 1.  ZER DA ERRIGORA?

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen egitasmoa da Errigora. Nafarroa hegoalde eta erdialdea ditu ardatz, eta euskara ofiziala ez den lurraldean eragitea da haren helburua. Horretarako, eremu horretakoak diren elikagaiak Euskal Herrian zabaltzen ditu, auzolanaren bitartez. Duela hamar urte sortu zuten egitasmoa, eta sarea handituz joan da urtez urte; izan ere, nekazariak, ekoizleak, euskaltzaleak eta kontsumitzaileak batzen ditu Errigorak, euskararen alde. Kanpaina betean murgilduta daude orain: Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka izena du udazkenekoak.

 2.  ZER EGITEN DUTE?

Lehenik, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko hainbat nekazarik eta ekoizlek beren uzta erein eta jasotzen dute. Behin uzta jasotakoan, herritarrek auzolanean kutxatan antolatzen dituzte produktu ekologiko horiek. Ondoren, Euskal Herri osoko herritarrei zabaltzen diete horiek erosteko aukera, etxean jan ditzaten. Azkenik, Euskal Herriko etxeetara bidaltzen dituzte kutxa horiek. Hala, tokiko produktuak saltzeko kate oso bat sortzen dute, auzolanaren bidez martxan jartzen dena.


 3.  ZER EGITEN DUTE DIRUAREKIN?

Nafarroako nekazarien eta ekoizleen produktuak bultzatzeaz gain, euskarari ere ekarpena egiten dio Errigorak, saskien bidez lortutako diruaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari ematen baitiote; zehazki, AEKri, Ikastolen Elkarteari, Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteari eta Agerraldiari. Proiektu horiek diruz laguntzeari esker, besteak beste, haurrek ikastetxeetan euskaraz ikasteko aukera izango dute; helduek ere bai, AEK-ko euskaltegietan.

GARBIÑE ZULAIKA, VIANAKO (NAFARROA) ERENTZUN IKASTOLAKO ZUZENDARIA:

«Errigoraren urteroko ekarpen ekonomikoaren balioa eztabaidaezina da. Horretaz gain, gure ikastolako haurrek euskararen inguruan duten jarreran izan duen eragin positiboa azpimarratu nahiko nuke: batetik, Vianan aisialdian euskara erabiltzeko asteroko tokia sortu dutelako, eta egitasmo puntualetan euskararen unibertsoa gure ikastolako hesiaz haratago doanaren errealitateaz jabearazi dituelako».