
Eva Aizpurua, Txuri-Urdineko jokalaria: «Gure indar guztia jarri genuen partidan»

Liga hirugarrenez irabaztea lortu du Donostiako Txuri-Urdin izotz-hockey taldeak. Majadahondari azken partidan irabazita lortu zuten garaikurra.Bertako jokalaria da Eva Aizpurua (Donostia, 2005). Jokatzeko baldintzak aurka izan arren, taldeak eta kirolarekiko pasioak laguntzen dio aurrera jarraitzen.
Ane Insausti Barandiaran
Zorionak! Nola gogoratzen duzu azken partida?
Egun ederra izan zen. Ez genuen espero; bosgarren partida zenez, bertan erabakiko zen irabazi ala galdu. Bihotzez jokatu genuen, eta gure indar guztia jarri genuen partidan; ederra izan zen.
Parekatua izan zen partida, gainera. Zuen kirola hazten ari den seinale?
Bai, asko. Joan den urtean irabazi genuen, baina, aurten, oso parekatua egon da. Taldeen maila hobetuz doa, eta geroz eta estuagoa da lehia; hori ona da hockeyarentzat.
Txapeldunak zarete, baina ez dituzue txapeldunen baldintzak, ezta?
Hala da. Asteazkenetan, adibidez, 23:00etan entrenatzen gara; beste batzuetan, 22:00etan... Eta bidaiak ondo daude, baina neketsuak egiten dira batzuetan.
Halere, taldean jarraitzen duzue. Zein da horretarako arrazoia?
Asko gustatzen zaigula [barrez]. Eta taldea ere bai: lagunak dira, ondo pasatzen dugu elkarrekin... Baina, bereziki, gustatzen zaigulako jarraitzen dugu.
Kanpora joateko aukera ere eman dizu kirolak, ezta?
Bai. Batxilergoko bigarren mailan Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen. Urte osoa eman nuen hockeyan jokatzen. Kristoren esperientzia izan zen, AEBetan hockeya beste mundu bat baita.
Nola moldatzen zara ikasketak eta hockeya uztartzeko?
Unibertsitatetik atera ondoren ikasten dugu, eta gero joaten gara entrenatzera, edo bidaietan ikasten dugu... Denbora tarte libreak ditugunean ikasteko aprobetxatzen dugu.
Ez da beste kirol batzuk bezain ezaguna... noiz hasi zinen zu hockeyan?
5 urte nituenean. Nire anaiak hasi ziren jokatzen, eta, ni ere hor nengoenez, probatu egin nuen.
Ari da kirola ezagun egiten?
Baietz uste dut. Orain emakume gehiago daude gure kirolean. Eta orain, [Espainiako] selekzioarekin ere gauza gehiago irabazi ditugunez, lorpen horiei esker leku gehiago lortzen ari da kirol hau.
Gauza asko egin behar dira hockeyan: patinatu, makilarekin diskoari eman... Zein da gakoa ondo aritzeko?
Garrantzitsuena ondo patinatzea da, beste gauzak ere ondo egin ahal izateko. Oreka ematen digu.
Eta arropa horrekin aritzea erosoa da?
Hasieran, ez. Baina, gero, moldatzen zara. Urte asko daramatzagu, eta guretzat arropa bat gehiago da; nik gehien janzten dudan arropa bihurtu da.
Zer erronka duzue aurrera begira?
Datorren urtean taldekide askok utziko dute taldea. Beraz, uste dut aurten ondo pasatzea eta jokoa hobetzea izango dela helburua; eta, agian, kanporaketetan sartzea. Noski, nahiko genuke beste ordutegi batzuetan entrenatu, eta baldintzak hobetzea ere bai.