Ezezkoa Urdaibaiko Guggenheimi
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER GERTATU DA?
Joan den astean iragarri zuten Urdaibain (Bizkaia) egin asmo zuten Guggenheim proiektua bertan behera utziko dutela, behin betiko. Erabakia «aho batez» hartu zutela adierazi zuten Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Guggenheim museoak, eta herritarrek pozik hartu zuten albistea, hasieratik proiektuaren aurka agertu baitzen jende ugari. Azken lau urteetan eman du zeresana proiektuak, baina hogei urtean izan dute hizpide.

2. ZERTAN DATZA PROIEKTUA?
Bilboko Guggenheim museoa handitzeko eta zabaltzeko proposatutako proiektu bat zen Urdaibaiko Guggenheim. Proposamen oso handia zen, makroproiektu bat, eta Urdaibaiko biosfera erreserbaren bihotzean egin nahi zuten, bi lekutan zehazki: Gernika-Lumon eta Muruetan (Bizkaia). Hiru ataletan egiteko asmoa zuten: lehena, Dalia, proiektuaren sarrera izango zen; bigarren egoitza Muruetako ontziolan egin nahi zuten; hirugarren atala, berriz, bi horiek lotzeko bide berdea izango zen.
3. NOLA FINANTZATU NAHI ZUTEN?
Diru publikoz finantzatu nahi zuten proiektua, eta, besteak beste, horregatik zegoen jendea aurka. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak 40 milioi jarriko zituen, eta Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak, beste hainbeste, baina beste 50 milioi euro falta ziren, eta Eusko Jaurlaritzak jartzea aurreikusten zuten. Hau da, herritarrek ordaindutako museo pribatu bat izango zen.

4. ZERGATIK ZEGOEN JENDEA KONTRA?
Herritarrak hasiera-hasieratik agertu ziren proiektuaren kontra, arrazoi ugari direla medio, eta Guggenheim Urdaibai Stop plataforma sortu zuten hari kontra egiteko. Labur azalduta, arrazoi ekonomikoez gain, proiektua herritarrei bizkarra emanez diseinatu zutela salatu zuten, erakundeek informazioa ukatu eta ezkutatu zietela. Eskualdearen beharrei erantzun beharrean, turismo egarriari mesede egingo ziola ere argudiatu zuten. Horrez gain, biosfera erreserba batean egin asmo zuten, eta ingurumenari kalte egingo ziola zioten, ez zela jasangarria. Izan ere, kalkulatu zuten makroproiektu horrek urtean 150.000 bisitari erakarriko zituela Busturialdera, 45.000 biztanleko eskualde batera.
5. ZEIN ZEN PROTESTEN IRUDIA?
Arrain handi bat txikiago bat jaten. Horrela irudikatu zuten Urdaibain egin nahi zutena plataformako kideek. Irudi hori erabili zuten protestetarako, metafora gisa: Guggenheim arrain handia da, eta Urdaibai, berriz, txikia. «Urdaibai ez dago salgai», esaten zuten. Urte hauetan, herritarrek proiektua geldiarazteko zenbait ekintza antolatu dituzte: hitzaldiak, sinadura bilketak, manifestazioak, ibilbideak, material salmenta... Pertsona eta erakunde ugariren atxikimendua lortu dute. Iazko urrian, adibidez, protesta jendetsua egin zuten Gernika-Lumon.

6. NOLA ARRAZOITU ZUTEN EZEZKOA?
Arrazoi askoren ondorio izango zen erabakia, ziur aski. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren arabera, bat izan da nagusia: Murueta ontziolaren lurzorua erabili ahal izateko korapilo juridikoa, hau da, legez lur hori erabili ahal izateko zailtasunak. Izan ere, azaldu zuen gutxienez hamar urte beharko lituzketela lur horietan egitasmoa garatzen hasi ahal izateko, eta, ondorioz, atzera egitea erabaki dutela.

7. ZER ESAN DUTE HERRITARREK?
Plataformako kideek eta herritarrek pozez hartu zuten erabakia. Haien ustez, herritarren lanari esker bota dute atzera proiektua. «Herriak irabazi du», hala azaldu zuten joan den astean, erabakia jakin ostean egindako prentsaurrekoan. «Herritarrok badugu inposatu nahi dizkiguten egitasmoak bertan behera uzteko ahalmena», esan zuen Eider Gotxi plataformako kideak. Hori horrela, otsailaren 7rako ospakizun eguna antolatu dute.
BA AL DAKIZU?
Urdaibaiko sakrifizioa izeneko film labur bat egin zuten, proiektuaren aurka. Galder Irusta da zuzendaria, eta Kepa Alesso, Itziar Ituño, Itziar Manero eta Cecile Azuelos aktoreak.