Fisika kuantikoan korapilatuta
Ane Insausti Barandiaran
Espektatiba ugari dakartzan ordenagailu kuantikoa inauguratu dute Donostian». Hala zioen joan den asteartean argitaratutako lerroburu batek. IBMren System Two ordenagailuari ongietorria egin zioten ekitaldi handi baten bidez. Ordezkari ugarik parte hartu zuten, munduan halako beste bi soilik baitaude —bata Japonian, eta bestea AEBetan—. Hain justu, Eusko Jaurlaritzak antolatutako kuantikako Jakinaldia jaialdian estreinatu du Eidabe antzerki taldeak bere azken antzezlana, Donostian: Abentura kuantikoa.
Eneko Axpek sortu du antzezlana: fisikaria da, eta NASAn lan egiten du, AEBetan. Ideia nondik nora sortu zuen kontatu du: «Gidoia zientziaren eta alde emozionalaren arteko muga mehe horretatik jaio da. Haurrei kuantikaren mundua erakutsi nahi izan diet bi pertsonaren ikuspuntutik, beraien beldur eta galderekin. Kuantika humanizatu nahi izan dut».
Ez da Axpe horretan aritzen den lehen aldia, urte asko baitaramatza zientzia herritarrengana gerturatzen. Fisikaren mundua konplexua da, baina edonori azaltzen «ohituta» dagoela esan du: «Hamabi urtez aritu nintzen Euskadi Irratian horixe bera egiten, eta, gero, telebistan askotan deitzen didate zientziarekin erlazionatuta dauden gaurko gaiak jorratzeko. Biak maite ditut, zientzia eta komunikazioa».
Antzezlanaren bidez zenbait kontzeptu landu ditu Axpek; adibidez, gainezarpena, korapilatzea eta ziurgabetasuna. Qubit Inspektorea eta Aitziber haren laguntzailea dira protagonistak, eta kutxa batean dagoen katu bat bizirik ala hilik dagoen ikertu beharko dute. Horretarako, ordea, IBMren Quantum System Two ordenagailu kuantikoa beharko dute. «Behatzeak behatutakoa aldatzen duela dioen ideiak inspiratu ninduen: ez soilik fisika kuantikoan, baita pertsonen arteko harremanetan ere. Katua dualitate horren ikur da: bizitza eta heriotza, presentzia eta absentzia, ziurtasuna eta misterioa», esplikatu du fisikariak.
Testua lurreratzea
Axperena da oinarria eta ideia, baina Ugaitz Alegriak egokitu du testua antzerki formatura, bera izan baita antzezlaneko zuzendari artistikoa. «Hasieran, testua irakurri, eta esaten nuen: ‘ai ama, zer da hau?’», onartu du zuzendari artistikoak, barrez.
Pixkanaka lanean hasita, ordea, lortu du testu hori antzerkiko formatura egokitzea eta ulerterraz bihurtzea. Nola, baina? «Apaingarri asko sartu dizkiot, nolabait errazago egiteko. Hitz tekniko asko daude, eta fisikaren inguruko azalpenak... testuari tontakeria, eszena barregarri eta txiste asko sartzea falta zen, edukia errazago murtxikatu ahal izateko».
Behin martxa hartuta prozesua oso ondo joan dela esan du Alegriak. Nagore Cenizo-Arroyok eta Irati Herrerosek egingo dituzte aktore lanak, eta elkarlana erraza izan dela nabarmendu du Alegriak: «Nik proposatu nizkien tontakeria eta pailazokeria guztiak hartu dituzte, eta erraz ulertu dituzte nire ekarpenak. Haiek ere proposatu dituzte haienak, eta emaitza oso polita izan dela uste dut».
Gertatzen ari dena ulertzeko, haurrek antzezlanean parte hartuko dute, Eidaberen ikuskizunetan ohikoa den bezala. Gainezarpena zer den ulertzeko, adibidez: «Esperimentu txiki bat egingo dute hori hobeto ulertzeko: zutik edo eserita daudela, begiak itxiko dituzte, eta kutxa barruko katua bizirik ala hilda dagoen galdetuko diegu. Hala, ulertuko dute bi egoerak errealak izan daitezkeela aldi berean, begiak zabaldu arte edo kutxa zabaldu arte. Alegia, ikasiko dute katua egoera bietan egon daitekeela benetan nola dagoen egiaztatu arte».
Misterioa argitzen duten bitartean, ikertzen egiten duten bideari emango diote garrantzia. Haurrak zientziara hurbiltzea eta gertutasun hori modu ludiko batean bultzatzea baita asmoetako bat, Alegriaren hitzetan, zientzialari izan daitezkeela sinets dezaten: «Azken batean, zientzialarien lana galderak egitea eta erantzunak bilatzea da. Bizitzan bertan zientzialari bihurtzen gara horrelako parametro ezberdinak ikusita geure buruari galderak egiten dizkiogunean eta erantzunaren bila aritzen garenean».
Igorren (Bizkaia) egin zuten aurrestreinaldia joan den ostiralean, eta larunbatean, berriz, Donostiako Musikenen aurkeztu zuten antzezlana, Jakinaldia jardunaldietan. Orain, fisika kuantikoaren zertzeladak herriz herri zabaltzea dute helburu. Axpe bera ere gogotsu dago emaitza ikusteko: «Ez naiz entseguetara joan, emaitza zuzenean ikusi eta bizi nahi dudalako. Paperetik bizitzarako jauzi hori bizitzeak bihotza beteko dit, ziur nago!».