Hau galdemina: Nola egin ahal dituzu lagunak lotsatia bazara?

Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaietak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak mantangorri@berria.eus helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.


Naia 8 urte. Barakaldo.

Nola egin ahal dituzu lagunak lotsatia bazara?

Ni ez naiz lotsatia. Txiki-txikitatik izan naiz lotsagabe samarra eta. Baina, aizu, lotsagabe izateak ere baditu bere arazoak. Jakizu hori, mesedez.

Gogoan dut neska berri bat etorri zela gure gelara, aspaldiko Lehen Hezkuntza hartan. Hasiera-hasieratik gustatu zitzaidan. Eta, egun batean gelatik atera orduko, esan egin nion. Nire bihotzari kasu eginez. Zintzo eta inguruka ibili gabe. Gorri-gorri jarri zen gaixoa! Hantxe bukatu zen gure laguntasuna… Hasi baino lehen!

Ni ez naiz lotsatia, Naia, baina etxean badugu bat. Hari galdetu diot nola egin dituen lagunak orain arte. Eta hauxe erantzun dit (ni baino handiagoa den) semeak: «Aita, lotsatiok geure kodeak ditugu, geure moduak. Baina, zuek, lotsagabeok, ez zarete horietaz enteratzen». Hori entzun eta neu jarri naiz gorri-gorri oraingoan!

(Semearen kodeak honako hauek omen dira: lehenik, banaka joan eta ongi aukeratu. Gero, marrazki bat, jolas bat, galdera txiki bat edota ondoan esertzea izan daiteke hasiera. Lagunik onenak, batzuetan, hitz handirik esan gabe egiten dira).

top