Hau galdemina: Non nengoen ni jaio aurretik?

Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaieta idazleak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak [email protected] helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.

Testua: Edu Zelaieta

Beharbada batzuek esango dizute oraindik ez zinela existitzen, baina —gure artean— erantzun hori sinple samarra iruditzen zait. Errazegia.

Izan ere, zu jaio baino lehen, batek daki bidaia handi bat ez ote zinen egiten ari. Oraindik ezagutzen ez dugun unibertsoa bezain handia. Horregatik, zure galdera kosmikoa irakurtzean, Xabier Letek behinola idatzitakoa etorri zait gogora: «Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai». Beraz, zehazki non zeunden ez dakit —ni neu jaio baino lehen non ote nengoen ez dakidan bezalaxe—. Baina agian izarren artean zinen, Ilargi Amandrearen ipuinetan galduta, Mariren magalean atseden hartzen edo Herensuge beldurgarriari buztanari tiraka.

Gehixeago jakin dezaket, nahiz eta haiek ezagutu ez, zu mundura ekartzea pentsatu zuten zure gurasoez. Haien ilusioez. Eta galderez: Nolakoa izango ote da gure umetxoa? Bihurria, lasai-lasaia, edo biak aldi berean? Zein ahots izango du hizketan hasten denean? Eta sudurra? Bakarra ekarriko du, ezta? Bestela, mukiak kentzeko lan ederrak emango dizkigu eta!

top