
Hau galdemina: zergatik ezin naiz ezkondu nire arreba txikiarekin?

Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaieta idazleak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak [email protected] helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.
Galderaren egilea: Luken. 5 urte. Gasteiz.
(Sekretu batekin hasiko naiz. Eta sekretua delako, Luken, parentesi artean esango dizut nik ere laguntza behar izan dudala zuri erantzuna emateko).
Uste dut gurasoen kasua eta zurea ezberdinak direla. Aitatxo eta amatxo ez ziren familia berekoak ezkondu baino lehen. Adibidez, ez ziren anai-arrebak, ez lehengusu-lehengusinak… Horregatik, ezkontzea aukera bat izan zen haientzat, familia beraren barruan egoteko (aukera bat diot, ezkondu gabeko familiak ere badaudelako).
Zuk arreba txikiarekin ezkondu nahi duzula diozu. Eta niri galdera hauek etorri zaizkit burura: agian harekin ederki pasatzen duzulako nahi duzu ezkondu? Edota, arreba txikia maite-maitea duzulako nahi duzu ezkondu? Erantzunak jakin gabe, uste dut badudala berri on bat zuretzat: zuek anai-arrebak zarete, familia berean zaudete hasiera-hasieratik… hau da, ezkondu beharrik gabe ere elkarrekin jolastu eta elkar maite ahal duzue!
(Azken sekretu bat kontatuko dizut joan aurretik: ni ere ez nago ezkondua gehien maite ditudanekin).