
Hau galdemina: Zergatik irristatu zaitezke platanoaren azalarekin eta ez sagarraren azalarekin?

Haurren galderak erantzuteko MANTANGORRIren espazio berria da Hau galdemina! Haurrek bidalitako galderei modu umoretsu eta jostarian erantzungo die Edu Zelaieta idazleak, bi astean behin. Bidali zuen bizitzari buruzko galderak mantangorri@berria.eus helbidera, eta saiatuko gara horiei erantzuten.
Galderaren egilea: Lur, 9 urte, Donostia.
Testua: Edu Zelaieta.
Pozten nau zure galderak. Urteak daramatzat bi fruta hauek ikertzen. Eta luzaroan egindako lanari esker, erantzuteko moduan nagoela uste dut.
Sagar konpota
Sagarrak historia luze-luzea du. Pentsa, Bibliaren hasieran ere agertzen da… paradisuan! Eta esango nuke ordutik erabaki zuela irrist egitea eta halako kirol arriskutsuak ez zirela beretzat. Hortik aurrera, sagarrak beste bide bat hartu zuen: mundu osoko sukaldeetan sartu, haren azala gastronomiari eskaini eta, halako batean, konpota asmatu zuen!
Platano konplota
Platanoa, adiskide, beste kontu bat da. Platano guztiek, azala galdu bezain laster, dantzan hasteko irrika sumatzen dute. Izan ere, haien aspaldiko ametsa omen da lurra dantzaleku bihurtzea. Agian ez zara inoiz ohartu, baina platano azala zapaltzean entzuten den glis-glis hori… dantza egiteko musika da!
Eta orain, mesedez, utzi galdetzen: inoiz aritu zara platano batekin dantzan, glis-glis erritmoan… lurrera erori gabe?