HGN: nahasmendu ikusezina


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA?

Hizkuntzari eragiten dion nahasmendu bat da HGN edo hizkuntzaren garapenaren nahasmendua. Hain zuzen, hizkuntzaren jabe ohi baino beranduago egitea da haren ezaugarri nagusietako bat, eta hizkuntza modu ez oso arruntean erabiltzea. Horrek, ordea, hainbat ondorio ditu, Alicia Solavera TEL Euskadi elkarteko lehendakariaren hitzetan: «Ez dio hizketari soilik eragiten: pentsamenduan ere eragiten du, ikasketa prozesuan ere bai, emozioetan...».

2. ZERGATIK SORTZEN DA?

Nahasmenduak hitzezko komunikazioari eragiten dio, haien hizkuntza oso distortsionatua egon baitaiteke. Dena den, ez dio komunikazio sozialari eragiten, Solaverak azaldu duenez. Esate baterako, adierazi nahi dutena ulertarazteko, keinuak erabiltzen dituzte: seinalatzea, adibidez. Baina, zer gertatzen zaie zehazki? «Pertsona horiek epe laburreko memoria oso erasanda daukate; horregatik kostatzen zaie hainbeste soinuak lotzea». Adibide bat jarri du: nondik datozen galdetuz gero, HGNa duen pertsona baten erantzuna «aitita etxea» izan ohi da, «aititaren etxetik» izan beharrean. Edo nongoak diren galdetuta, «Laudio» erantzungo dute, «Laudiokoa» erantzun beharrean.


3. ZENBAT JENDEK DAUKA?

Askorentzat ezezaguna izanagatik ere, «ohikoa» da nahasmendua, Solaverak esan duenez: «Biztanleen %10i eragiten die. Kontua da behar baino gutxiago diagnostikatzen dela, eta askorentzat ikusezina dela, profesionalek eurek ere ez baitute ezagutzen». Pertsona horiek 2 urte beteta ere agian ez dute hitzik esaten, eta irakasleek, pediatrek eta gizarteak hori normaltzat hartzen dutela esplikatu du, horrela izan beharko ez lukeen arren.

4. ZERGATIK DA ZAILA HURA DIAGNOSTIKATZEA?

Ezagutza falta horren ondorioz, zaila da hura diagnostikatzea: «Ebaluatzeko proba gutxi daude, batzuk garatzen ari diren arren. Baina, gainera, ebaluatzeko, argi izan behar da haur horrek daukan arazoa hizkuntzarekin lotutakoa dela, eta ez jokabidearekin. Batzuei autismoa diagnostikatzen diete, eta HGNarekin bizi diren pertsonak gaitasun sozial handikoak dira, hizkuntza garatzeko zailtasunak izan arren».

5. ZER ONDORIO DITU?

Nahi dutena adierazteko zailtasunak izateak arazoak sortzen dizkie ikaskideekin, lagunekin, familiarekin... Komunikazio arazoak dira batetik, ez direlako gai diskurtso bat jarraian emateko, baina arazo sozialak ere ekartzen ditu, elkarteko kideak adierazi duenez: «Nahasmendu hau duten pertsona asko baztertuta geratzen dira, eta bullying-a jasaten dute askok».


6. MITO FALTSUAK

Mito ugari daude nahasmenduarekin lotuta, Solaveraren arabera. Adibidez, ez direla gai bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikasteko. «Kontua ez da hizkuntzak ikasteko zailtasuna dutela. Jende asko urrundu egiten dute bigarren hizkuntzatik, baina urte asko daramatzagu esaten ez dela hori egin behar, hitz egin behar zaiela bigarren hizkuntzan, nahiz eta gaizki erabiliko duten». Horren ondorioz, adibidez, askok gazteleraz soilik hitz egiten dietela esan du, euskara «zailegia» dela argudiatuta; euskara albo batera uztea eragiten du horrek.

7. ZER EGIN DAITEKE LAGUNTZEKO?

Laguntzeko modurik onena da haiekin jolas egitea, haiekin ikastea, zerbait azaltzea kostatzen bazaie laguntzea, eta batez ere zailtasunez barre ez egitea, Solaverak azaldu duenez. «Haurrei esango nieke ulertu dezatela hitz egitea eta adieraztea kostatzen zaien lagun batzuk daudela, baina haien laguntzarekin askoz ere hobeto egin dezaketela. Hitz horiek aurkitzen lagun diezaiekete».

8. IKUSKIZUNA

Aitziber eta lau urtaroak ikuskizunak nahasmenduari ikusgaitasuna ematea du helburu. Joan den ostiralean egin zuten, Errenteriako Lekuona fabrikan (Gipuzkoa). Andra Mari Abesbatza musika elkarteak eta TEL Euskadi elkarteak elkarlanean sortutako kontzertu bat da, eta nahasmenduaren esperientzia kontatzen du, hiru protagonistaren bitartez: neskato bat, haren aitona eta haren amona. «Kontakizun intimo bat da, nahasmendu hori duten adingabeek pertsonaietan elkar ezagutzea bilatzen duena, eta haien berdinek eta inguruneak elkar ulertzea eta enpatia izatea», antolatzaileek azaldu dutenez.


TESTIGANTZA:

Hona HGNari buruzko jardunaldietan nahasmenduarekin bizi den batek emandako testigantza —ez du izenik eman nahi izan—:

«3 urte baino gehiago izan nituen arte ez nintzen hitz egiten hasi, eta hasi nintzenean ere baldar hitz egiten nuen: ez nituen hitzak topatzen, eta artikuluak eta aditzak gaizki erabiltzen nituen. Akats horiek egiteak frustrazioa eta lotsa eragiten zidan, eta horregatik zen errazagoa niretzat isilik gelditu eta hizkuntza ez-berbala erabiltzea».

«Eskola espazio oldarkorra zen niretzat. Hitz egitea kostatzen zitzaidan, eta, horren ondorioz, harremanak sortzea. Berehala konturatu nintzen baztertzen nindutela, taldeetatik bereiz geratzen nintzela. [...] Etxeko lanak egitean, neure buruarekin haserretzen nintzen, eta tuntuna sentitzen nintzen, ezin izaten nituelako amaitu».

«Hizkuntzaren analisia eta sintesia asko kostatzen zitzaidan. Nire buruan ordenatzea kostatzen zitzaidan, eta batez ere modu egokian adieraztea, dena nahasten zitzaidalako. Ezin nituen hitz egokiak aurkitu, eta gainerakoek ez ninduten ulertzen. Dena kanpoko pertsona baten laguntzarekin prozesatu behar izaten nuen, eta modu egokian adierazten ikasi».

«Gaur egun ere, pentsatu gabe eta azkar hitz egiten badut, bat-batean, diskurtso inkoherente bat ateratzen zait, eta baliteke jendeak ez ulertzea. Beraz, hitz egin aurretik, ideiak nire barruan ordenatu behar izaten ditut».

top