
Ikusi eta zabaldu, euskaraz

Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA?
Pantailak oso presente daude gaur egun edonoren bizitzan, baina euskarak pantailetan duen presentzia oso urria da. Horri aurre egiteko, maiatzaren 6tik 14ra bitartean Pantailaldia egingo dute, bigarrenez. Euskaraldiaren bezperetan antolatu du egitasmoa Pantailak Euskaraz mugimenduak, eta euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea da helburua. Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu! izango da aurtengo Pantailaldiaren leloa.
2. NOLA PARTE HARTU?
Herritar guztiek dute Pantailaldian parte hartzeko aukera. Horretarako, egitasmora batuko direnek Pantailakeuskaraz.eus/pantailaldia loturan izena eman, eta ikusten ari diren euskarazko ikus-entzunezkoen berri eman beharko dute sare sozialetan. Pantailak Euskaraz mugimenduak agenda proposamen bat egin du: egun bakoitzean zer ikusi edo egin iradoki dute.
3. AURREKO ALDIA... 2022
2022. urtean egin zuten aurrenekoz Pantailaldia. Guztira, bostehun pertsonak eman zuten izena, eta aurten kopuru hori gainditzea izango da helburua. 2022ko Pantailaldiaren ondoren egindako ikerketan ondorioztatu zuten parte hartzaileen %77k ordura arte ikusi edo entzun gabeko euskarazko edukiak eta baliabideak ezagutu zituztela, eta %64k aldatu zituztela edukiak sortu eta kontsumitzean dituzten hizkuntza ohiturak.
4. ZER DIOTE DATUEK?
Azken urteetan hainbat plataforma sortu badira ere (Makusi, Primeran...), euskarazko ikus-entzunezkoen datuak eskasak dira gainerako hizkuntzekin alderatuta. Ikusikerreko datuen arabera, haur askok edukiak euskaraz kontsumitzeari uzten diote adin batetik aurrera. Hego Euskal Herrian, unibertsitateko ikasleen %66k gaztelaniaz ikusten dituzte edukiak streaming plataformetan; %22k, ingelesez; eta %1ek baino ez euskaraz. Telebista konbentzionalean, aldiz, euskarazko edukiak %7k ikusten dituzte. 2024. urtean, zinema emanaldi kopuruaren %1 baino gutxiago izan zen euskaraz.
5. EUSKARALDIA
Euskaraldiaren bezperetan antolatu dute Pantailaldia: hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa erraldoia da Euskaraldia, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritzea helburu duena. Maiatzaren 15etik 25era egingo dute egitasmoa, eta Ahobizi eta Belarriprest izateko gutxienez 16 urte izatea beharrezkoa da. Dena den, aurten, haurrek xaxatzaile izateko aukera dute: etxean eta kalean helduek euskaraz egin dezaten bultzatzera animatu dituzte antolatzaileek.
6. ZER DA 'ZER NON IKUSI'?
Euskarazko edukiak jendearengana iristeko helburuz sortu zuten Zer Non Ikusi webgunea: Zernonikusi.eus. Bertan, euskarazko eduki sortzaileak aipatzen dira, streaming plataformetan (Makusi, Primeran, Youtube, Netflix...) zer euskarazko ikus-entzunezko dauden agertzen da, eta baita zinema aretoetan euskarazko filmen bat badago ere. Une honetan, adibidez, Faisaien irla filma ikusgai dago zinema aretoetan.
7. BAINA... ALTXA BURUA
Ikus-entzunezkoak bultzatzea da Pantailaldiaren asmoa. Dena den, pantailetan denbora gehiegi emateak ere kalteak sor ditzake: ikusmen arazoak, arreta gabezia, irudimen falta... Altxa burua egitasmoak teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi du, eta hainbat neurri proposatzen ditu horretarako: haurrei Interneterako sarbidea duten gailuak adinean aurrerago ematea, eskoletan telefonoak debekatzea, familietan ere helduak eredu izatea eta telefonoa neurrian erabiltzea...