Intsektuak parez pare

Kristina Enea fundazioak, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoarekin elkarlanean, ‘Intsektuak’ erakusketa ipini du Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean. Mantangorri batek eta kakalardo batek egiten diete ongietorria bisitariei eraikinaren kanpoko aldean. Irailaren 14ra arte egongo da ikusgai.


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DIRA?

Tximeletak, euliak, burruntziak, erleak... Horiek guztiek eta askoz ere gehiagok osatzen dute intsektuen familia. Animalia ornogabeak dira, hau da, bizkarrezurrik gabekoak. Batzuk ur ertzean egoten dira, eta besteak lore artean topatu litezke, esate baterako. Guztira, planetako espezie guztien %60tik gora osatzen dute; bestela esanda, bost animaliatik lau intsektuak dira. Txikiak dira, baina askotarikoak, eta horiei buruz gehiago ikasteko aukera dago erakusketan.

2. NOLAKOAK DIRA?

Hiru zati dituzte intsektu gehienek: burua, toraxa eta sabelaldea. Horietako baten ataletako bakoitza banatuta ikus liteke erakusketan, bata bestearen ondoan. Hain zuzen ere, horixe da latinezko insectum hitzaren esanahia: «Animalia zatitua».


3. ZER FUNTZIO BETETZEN DUTE NATURAN?

Naturan, hainbat zeregin betetzen dituzte intsektuek. Esate baterako, polinizazioa egiten dute, hau da, polena eramaten dute loreetara, eta fruituak eta hazi berriak horri esker sortzen dira; duten funtziorik garrantzitsuenetarikoa da polinizazioa. Deskonposatzen ari diren hildako animaliekin ere elikatzen dira hainbat intsektu, eta, hortaz, zikinkeria asko garbitzen dute. Intsektu parasito batzuk ere badaude, eta horien lana da kaltegarriak izan daitezkeen animalia espezie batzuen gainpopulazioak saihestea, ekosistemaren oreka mantentzeko.

4. ZER DA METAMORFOSIA?

Intsektuek eta beste animalia espezie batzuek egiten duten prozesu bat da metamorfosia, intsektuen garapena hartzen duena, jaiotzen direnetik heltzen diren arte. Garapen edo aldaketa horri deitzen zaio metamorfosia, intsektuek haien forma eta egitura aldatzeari. Prozesu horri esker lortzen dute, hain justu ere, hainbat ingurunetara egokitzea, bere bizi zikloarekin aurrera jarraitu ahal izateko.


5. ZER DA EXOESKELETOA?

Eskeleto moduko bat da exoeskeletoa, intsektuen gorputza babesten eta hari eusten diona. Erakusketan, Iron Manen adibidea jarri dute hori ulertzeko. Izan ere, Iron Manek teknologia behar du bere botereak garatzeko; intsektuek, ordea, exoeskeletoa garatu dute ingurunera egokitzeko, eta milioika urtez erabili dute. Egitura horri esker eusten diote haien gorputz ornogabeari, eta horri esker dute halako indarra eta mugitzeko ahalmena. Era berean, hegan egiteko, zuloak egiteko lekuetara igotzeko aukera ematen die. Azken batean, exoeskeletoa intsektuaren gorputzaren parte da, eta beren nerbio sistemak kontrola dezake.

6. ZERTARAKO ERABILTZEN DITUZTE HANKAK?

Askotariko funtzioak izan ditzakete intsektuen hankek. Batzuek ehizatzeko erabiltzen dituzte, kamuflatuta zelatan egon ondoren, harrapakinak harrapatu eta horiek bizirik irensteko. Beste batzuek, berriz, zuloak egiteko erabiltzen dituzte hankak; bertan, emeek arrautzak jartzen dituzte. Aldiz, garbitzeko ere erabiltzen dituzte hankak intsektu batzuek: beste intsektu batzuen gorotz bolak sortu eta lurperatu egiten dituzte. Horrela, mantenugaiak lurrera itzultzen dituzte, landareek berriz erabil ditzaten.

7. ZER DA MIMETIZATZEA?

Inguruan ezkutatzea da mimetizatzea, inguruaren itxura antzekoa hartzea. Hain justu, makilen, hostoen, likenen edo goroldioaren itxura antzekoa hartzeko gaitasuna baitute intsektuek. Modu horretan, harrapariengandik ezkutatzea lortzen dute, eta harrapakinak harrapatzeko ere ezkutatzen dira, une egokia iristean eraso egiteko, eta elikatzeko. Haizeak jotzen duenean ere, landarearen hostoekin batera mugitzeko gaitasuna dute, eta inguruaren antz handiagoa hartzen dute.


8. INTSEKTUAK JATEA

Animalia batzuk intsektuak janez bizi dira, baina, pixkanaka, gizakiak ere hasi dira intsektuak jaten. Izan ere, askori oraindik erreparoa eman arren, intsektuak jatea ohikoa bihurtu da munduko hainbat tokitako gastronomian, eta leku batzuetan luxuzko elikagaitzat ere jotzen dituzte.

BA AL DAKIZU?

Entomologia deitzen zaio intsektuak ikertzeaz arduratzen den zientziari.

top