Itsasontziz beteriko kostaldeak

Itsasoak garrantzi handia izan du Euskal Herrian. Jende asko eta asko bizi izan da itsasoari begira, hura izan dute ogibide eta bizibide. «Itsasontzi baten, Euskal Herritik kanpora», dio Kaxianoren abesti ezagunak; garaiak aldatu dira, baina itsasontzi asko eta asko daude Euskal Herriko kostaldean oraindik ere. Ane Insausti Barandiaran


1. NOLA FLOTATZEN DUTE?

Arkimedesen printzipioak azaltzen du itsasontziak zergatik ez diren hondoratzen uretan daudenean. Uretan murgiltzen den gorputz batek beherantz egiten du, bere pisuaren ondorioz. Neurri berean, goranzko indar edo bultzada bat jasaten du. Itsasontziek pisu handia dute, baina haien formak aire kantitate handia izatea eragiten du, eta aire horrek ur bolumen handi bat desplazatzen du. Ur bolumen horrek gorantz bultza egiten die itsasontziei, eta hala, modua dute ur gainean segurtasunez egoteko. Beraz, haien pisua baino handiagoa da gorantz bultzatzen dituen indarra, eta horregatik flotatzen dute.

2. ZER MOTATAKOAK DIRA?

Hainbat irizpideren arabera sailkatu daitezke itsasontziak. Tamainaren arabera, handiak (24 metrotik gorakoak) edo txikiak (24 metrotik beherakoak) izan daitezke. Propultsio metodoaren arabera, berriz, giza propultsiokoak (trainerua, kayaka...), propultsio eolikokoak (belaontziak) edo propultsio mekanikokoak bereizten dira (itsasontzi motordunak, turbinadunak...). Merkantziak edo bidaiariak garraia ditzakete, eta arrantzarako edo ikerketarako erabili, besteak beste.


3. ZER ARAU BETE BEHAR DITUZTE?

Hegazkinek aireportuetan sartzeko arau jakin batzuk izaten dituzten bezala, ontziek modu ordenatuan sartu behar dute portuetan, eta besteak beste itsasargiak eta ababorra eta istriborra dituzte horretarako.

Ababorra eta istriborra:

Ababorra eta istriborra ez dira ezker eta eskuin hitzen sinonimoak. Ababorra ontzia aurrera begira dagoenean ezkerrean gelditzen den aldea da; istriborra, berriz, ontzia aurrera begira dagoela eskuinean gelditzen dena. Izan ere, bi ontzi elkarren parean egonda batak besteari eskuinera joateko esaten badio, baten eskuina bestearen ezkerra izango da. Horrela, ordea, bi ontzietan alde bera izango dira ababorra eta istriborra.

Itsasargiak:

Itsasontziko kapitainari lurra non dagoen adierazten diete itsasargiek. Itsasargi bakoitzaren argia zer maiztasunekin pizten den, horren arabera jakiten dute itsasontzietako kapitainek itsasargi bat ala bestea den, eta haien kokalekuaren berri emateko balio die. Esate baterako, Igeldokoak (Gipuzkoa) bi gehi bat ditu, hau da, hiru; Getariakoak (Gipuzkoa), berriz, lau distira egiten ditu hamabost segundoko tartean.

{Matxitxako itsasargia}

4. SEGURTASUNERAKO ZER MATERIAL DUTE?

Itsasontzi askok egunak, asteak edo hilabeteak eman ditzakete lurrik zapaldu gabe, eta, hortaz, arriskurik edo arazorik topatuz gero, ezinbestekoa da horiei aurre egiteko materiala eskura izatea. Segurtasun materiala itsasontzietan bertan izaten dute: salbamendu jakak tripulazioko kideentzat; salbamendu txalupak —itsasontziari zerbait gertatuko balitzaio ere—; su itzalgailu eramangarriak, salbamendu uztaiak; botika kutxa... baina baita material piroteknikoa ere, seinaleak bidaltzeko: bengalak, suziriak eta ke potoak...