Joana Halzuet, Arraun Lagunak-eko patroia: «Popan egotea desafio berri bat zen niretzat»

Entrenamenduen eta estropaden gurpilean murgilduta dago Joana Halzuet (Urruña, Lapurdi, 1997), Arraun Lagunak taldeko patroia. Estreinako aldia du popan Lehen Mailan, eta ekipoari konfiantza transmititzea izan du lehentasun.


Ane Insausti Barandiaran

Emaitzak gorabehera, zer moduz hasi duzu denboraldia?

Gustura. Sasoi aurreko txapelketetan ohartu ginen traineruen maila igo zela, eta lehia handia izango genuela. Gure desafioa da erregularrak izatea emaitzetan, eta gure lekuari eustea.

Lehen aldia duzu Lehen Mailan patroi gisa. 

Hasieran, egia esan, tentsio puntu bat nuen. Baina, gero, entrenamenduetan eta sasoia hasi aurretik, neguan egin ditugun txapelketen markak hartu, eta konfiantza hartu dut.

Oso lan desberdina da patroiarena?

Bai, ez du ezer ikustekorik. Bihotza eta erritmoa lantzeko entrenamenduak dituzte arraunlariek, eta, patroi lanetan, oreka lanak-eta egin behar dira gehiago. 

Zergatik erabaki zenuen patroi gisa itzultzea?

Arrauna utzi nuen joan den urtean, eta Arraun Lagunak-eko entrenatzaileak komentatu zidan gogoa zuela hurrengo sasoian ni etortzeko patroi lanetara. Pixka bat sorpresaz harrapatu ninduen. Desafio handia zen, eta ez nuen ezetzik esan. Ezin nuen! [barrez].


Aurretik ere taldean ibilia zara. Horrek lagundu zuen itzuleran?

Ez da batere erraza popan izatea eta ezagutzen ez duzun traineru bati aginduak ematea. Taldeko neskak duela bi urte ezagutu nituen, arraunlari nintzenean, eta oso ongi hartu ninduten denek ekipoan, lagunak bilakatu dira. Eragina izan du horrek nire erabakian, bai.

Arrauna kirol gogorra dela diote. Hala da?

Konpromiso handia eskatzen du, erregulartasun handia. Azkenean, arraunlariak astean sei aldiz entrenatzen dira, eta hamar hilabeteko lana da, azkenean bi hilabetez lehiatzeko. 

Urruñarra zara zu, eta taldean baduzue euskaraz ez dakien jendea. Nola kudeatzen duzue hizkuntzaren kontua?

Ba, euskaraz, ez dago besterik! [barrez]. Egia da entrenatzaileak badituela esaera batzuk gazteleraz, eta, konturatu gabe, pegatu egiten dizkit. Baina, bueno, nik euskaraz hitz egiten dut. Galiziar bat dago ekipoan, baina urte asko daramatza Arraun Lagunak-en; orduan, mezu orokorrak ulertzen ditu. Beraz, bai, traineruko hizkuntza euskara da.

Arraunetik bizitzea ametsa da oraindik?

Bai, ezinezkoa da. Desberdintasun handia dago nesken eta mutilen arteko sarietan, nahiz eta aitzinamenduak izan. Ni irakaslea naiz; orduan, nahikoa bateragarriak dira nire egutegia eta ordutegia arraunarekin. Azkenean, asteburuak libre ditut, oporrak ere bai udan; beraz, ligarako bikain.

Zer xede duzu denboraldi honetarako?

Ekipoaren erronka izango da ahal bezain egonkorrak izatea, eta liga eta Kontxako Bandera irabaztea. Niretzat, erronka handia zen traineru honetan lekua ukaitea, ekipoaren konfiantza lortzea, eta ahal bezain estropada onak egitea. Lanean segitu nahi dut, eta nire maila hobetu.

MOTZEAN

  • Plater bat? Lasagna.
  • Abesti bat? Elektrizitatea.
  • Kolore bat? Arrosa.
  • Estropada bat? Kontxa.
  • Erreferente bat? Itziar Ituño.
top