Karmele Mitxelena: «Zaintzak pisu handia du istorioaren barruan»

Ane Insausti Barandiaran

Nortzuk dira Katalina eta Maritxu, istorioko protagonistak?

1500. urte inguruan bizi izan ziren benetako bi emakume. Katalina epaitua izan zen Maritxurekin harremanak izateagatik, eta Katalinaren kontrako epaitik atera genituen bi izen horiek. Aitortza egiteko, haien inguruko istorio fikzionatu bat sortu dugu. Elkarrekin bizi dira ipuinean ere.

Nolako bizimodua daukate?

Bi emakume autonomo dira, nahiz eta adinean nahikoa zahartuta ikusten diren. Emakume aktiboak dira: lorezaintzan agertzen dira, bizikleta estatiko bat agertzen da, irakurtzen aritzen dira, musika entzuten dute... saiatu gara elementu horiek txertatzen erakusteko aktiboak direla, egiten dituztela gauzak adinekoek ere.

Noiz sentitzen dituzte dardarak?

Etxegabetze bat kontatu dugu, eta dardarekin nolabait islatu nahi izan ditut etxegabetze horren aurrean dauden tentsio momentu horiek. Orduan, etengabe dauzkate dardara txikiak, beldur edo mehatxu horiek, luparekin begira jarriz gero: limoiak erortzen direlako, eta abar. Geroz eta handiagoak egiten dira liburuan zehar, zerua eta zorua dardarka hasten diren arte.

Hortik dator azaleko irudia?

Dardarei baino gehiago, agian, zaintzari lotuta dago irudia. Maritxu agertzen da loreak zaintzen, limoiondo bat daukate lorategian, eta azaleko eta kontrazaleko limoiondo horrek adierazten du zaindua izan dela: eder dagoela zaindu egin dutelako. Istorioan ere zaintzak pisu handia duenez, eta estetikoki polita denez, limoiondoa aukeratu genuen.

Zaintza eta etxegabetzeak dira gai nagusiak, beraz?

Zaintzan oinarritutako harreman bat erakusten da, pixka bat ihes eginez betiko maitasun erromantikotik. Etxearen kontzeptua ere landu nahi nuen, zer den etxe bat: teilatu bat eta lau pareta dira etxe bat? Edo etxean bezala sentitzea, batak bestea zaintzen duen horretan? Amaieran, egoerari dramatismorik kendu gabe, adierazi nahi nuen elkar zaintzeari esker etxearen zati bat behintzat badaukatela elkarrekin dauden bitartean.

Nolakoa izan da elkarlana?

Joanak [Aurrekoetxea] ekarri zituen Maritxu eta Katalinaren izenak, eta etxegabetzearen gaia ere berak proposatu zuen. Gero, elkarrekin sortu genuen istorioa, eta Ireneri [Irureta] aurkeztu genion proiektua. Elkarri egokituz aritu gara.