Aire kutsatua harrapatzen

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA AIREAREN KALITATEA?

Jendeak arnasten duen airearen purutasunari egiten dio erreferentzia airearen kalitateak. Aire horretan gas forman edo partikula forman dagoen kutsatzaile kantitatearen araberakoa da. Hain zuzen ere, Oñatin (Gipuzkoa), airearen kalitatea aztertzeko proiektu bat ondu dute udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, Eskolako Bidea proiektu hezitzailearen barruan.

2. ZER EGIN DUTE?

Airearen kalitatea neurtzeko gailuak jarri dituzte Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen inguruan, eta baita haurrek aukeratu dituzten herriko beste hainbat lekutan ere: plazan, parkeetan, kirola egiten duten esparruetan... «Gainera, herritarren zientziaren metodologia erabili dugu: hau da, komunitateak parte hartu du proiektuan —ikasleek, irakasleek...—, metodo zientifikoak erabiliz», azaldu du Jose Fran Cid Bagabiltz Eskolako Bidea proiektuko aholkulariak.

3. NOLA EGIN DUTE HORI?

Dosimetroak erabili dituzte airearen kalitatea zer-nolakoa den jakiteko: plastikozko tutu txiki batzuk dira dosimetroak, eta hiruzpalau astez utzi dituzte airearekin kontaktuan. Orotara, 25 dosimetro jarri dituzte. Nitrogeno dioxidoa (NA2) izeneko gas baten kantitatea zenbatekoa den neurtzea izan da asmoa, gas hori baita osasunean eta ingurumenean kalte handiena eragiten dutenetako bat, aholkulariaren arabera.


4. ZERK KUTSATZEN DU AIREA?

Normalean, trafikoa izaten da gehien kutsatzen duten jardueretako bat, baina badaude kausa gehiago, Cidek azaldu duenez: «Europan, nitrogeno dioxidoaren emisioen %80 autoen, motorren, kamioien, autobusen eta abarren ondorioz sortzen dira. Dena den, karbonozko berogailuak eta gasezkoak ere izan litezke kutsadura iturri».

5. ZEIN DA HURRENGO URRATSA?

Dosimetroen bidez lortutako laginak Erresuma Batuko laborategi homologatu batera bidali dituzte, azter ditzaten. Emaitza horien arabera hartuko dituzte erabakiak edo neurriak: «Kutsadura iturriak identifikatzea funtsezkoa izango da, baina azken helburua da ikasleek mugikortasun aktibo, autonomo eta jasangarria izatea», azaldu du. Izan ere,  egitasmoaren asmoetako bat da aztertzea zer lotura dagoen batetik bestera joateko moduaren eta arnasten duten airearen kalitatearen artean.


6. ZER ONDORIO DITU KUTSADURAK?

Airearen kutsadurak ondorioak sortzen ditu osasunean. Haurrei dagokienez, oso lotuta dago arnasketarekin lotutako gaixotasun batzuekin; adibidez, asmarekin. Cid: «Haurrek helduek baino maizago hartzen dute arnasa, eta ariketa fisiko gehiago egiten dute. Beraz, airearen kalitatea zenbat eta okerragoa izan, orduan eta kalte handiagoak eragingo ditu». Horrez gain, esan du pediatriako zenbait ikerlarik ohartarazi dutela sistema neurologikoan eta kognitiboan ere eragin dezakeela airearen kutsadurak.

7. ZER NEURRI HAR DAITEZKE?

Askotariko neurriak har daitezke, eta jasotzen dituzten emaitzen araberakoak izan beharko dute: trafikoa eskola eremuetatik aldentzea, garraio publikoko eskaintza handitzea, energia berriztagarriak ezartzea... Egunerokoan, ordea, badaude aldatu daitezkeen jokabide batzuk ere: «Ohitura txiki bat izan daiteke ikastetxeetara autoz joaten diren gurasoek haurren zain dauden bitartean autoetako motorrak itzaltzea, adibidez. Edo ikastetxetik gertu erretzeko debekua jartzea...», esan du aholkulariak.


8. ZER DIRA EMISIO GUTXIKO EREMUAK?

Europako Batasunaren zuzentarauei jarraituta, Hego Euskal Herriko 50.000 biztanletik gorako hiriek emisio gutxiko eremuak ezarri dituzte, ibilgailu kutsatzaileen joan-etorriak mugatu eta airearen kalitatea hobetzeko. Iruñean, 2023rako jarri zuten martxan neurria, baina, praktikan, aurretik ere mugatuta zegoen Alde Zaharrera sartzea soilik debekatzen du; 2024ko ekainaz geroztik, Bilbon ere indarrean da emisio gutxiko eremua, eta, aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera, Donostiako erdialdean. Lapurdiko kostaldean, aldiz, ekainaren 1etik aurrera jarriko da martxan. Hainbat talde ekologistak, ordea, salatu dute neurri horren bidez kutsadura inguruko auzoetara zabaldu besterik ez dela egingo.

9. ZEIN DIRA MUNDUKO HIRIRIK KUTSATUENAK?

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko populazioaren %99 airearen kalitatearen jarraibideak betetzen ez dituzten hirietan eta herrietan bizi da. IQ Air-en urteroko txostenean jasotzen dute zein diren munduko hiririk kutsatuenak, eta hauek dira 2024ari dagokion zerrendako lehendabizikoak: Indiako Byrnihat, Delhi, Mullanpur, Faridabad, Loni eta New Delhi; Kazakhstango Karaganda; Pakistango Lahore eta Dera Ismail Khan, eta Txadeko N’Djamena.

top