Lula otsoa: entzun lehenik, eta irakurri ondoren
‘Lula Otsoa’ proiektua aurkeztu du Ikastolen Elkarteak. Hamar ipuinez osatutako audio serie osoa entzungai dago dagoeneko, eta horiek album ilustratu bihurtzen ari dira; lehen bi aleak kaleratu dituzte jada.
Ane Insausti Barandiaran. Bilbo.
Iskanbila betean sartu dira haurrak Bilboko Urretxindorra ikastolako aretora. Handia da gela, eta lurrean eseri dira, gaurko ekintza ezohikoa baita. Dorleta Kortazar ipuin kontalaria dute aurrez aurre, eta egingo dutenaren gaineko azalpenak ematen hasi zaie. Baina aretoko pantailatik zelatan dute Lula Otsoaren pertsonaia, eta haurrak hari begira daudela konturatu dira. Pantaila itzali dute, eta hutsetik hasi da Kortazar: «Barkatu, atzekoz aurrera hasi naiz. Nire izena Dorleta da. Nik kontatuko dizuet gaur ipuina». Isiltasunak hartu du gela, eta hasi da kontaketa: «Otso txiki bat da Lula. Otsoak taldean bizi dira, eta Lula ere taldean bizi da. Negua pasatzeko kobazuloak bilatu behar izaten dituzte...».
Lula Otsoa haurrentzako audio-fikzio sailaren proiektua aurkeztu zuen joan den ostegunean Ikastolen Elkarteak, eta bertan izan ziren proiektuan parte hartu duten eragileen ordezkariak: Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Marie Heguy Euroeskualdeko zuzendaria, Olatz Idoate Gure Irratiko ordezkaria, Iker Bengoetxea Sudurgorri Studioko ordezkaria, Kepa Errasti aktorea, Martin eta Xabier Etxeberria gidoilariak eta Aritz Trueba ilustratzailea.

Proiektuaren lehen zatia Ulu Mediak, Sudurgorri Studiok eta Gure Irratiak sortu zuten, elkarlanean. Lula protagonista duten hamar ipuin sortu zituzten, eta guztiak entzungai daude dagoeneko, podcast formatuan, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta okzitanieraz. Guztira, 50 pertsonak jarri dute ahotsa, eta, orain, ipuin serie hori album ilustratu bihurtzen hasi dira, Ikastolen Elkarteak ekoitzita. Lehen bi aleak kaleratu dituzte dagoeneko: Lula bakarrik eta Lula adiskideekin. Horiek dira, hain zuzen, Kortazarrek haurrei kontatu dizkien ipuinak.
Lehen bi aleak argitaratu ondoren, hamar istorioak paperera ekartzea da asmoa, urtero bi sortuta. Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak azaldu du zergatik egin zuten bat proiektuarekin: «Beti esaten dugu ikastolok, sortu ginenetik, badugula zeregin inportante bat: euskara eta euskal kulturaren transmisioa, belaunaldiz belaunaldi, eta horien biziberritzean eragitea». Onura ugari ditu proiektuak, lehendakariaren irudiko: irudimenaren eta sormenaren garapena, irakurketa eta hizkuntza gaitasuna hobetzea, emozioen ulermenean sakontzea, kontzentrazioa eta arreta lantzea...

Onura ugari izan arren, entzunezko istorio bat irudietara eramatea ez da nolanahiko erronka izan, Xabier Etxeberria gidoilariak azaldu duenez: «Soinu fikzioek badute literaturaren antza gauza batean: istorioak entzuleak jaso dituela bere imajinazioaren bitartez. Entzuten duzu Lula, eta modu jakin batean imajinatzen duzu. Kasu honetan, albumera ekartzea irudikatutako horri traizio txiki bat egitea bada ere, luxua izan da horrelako marrazkilariekin lan egitea».
Hain zuzen, marrazkilaria bertan dagoela aprobetxatuta, haurrek galderak egin dizkiote, jolasti, istorioan murgildu diren seinale: «Zergatik da Lula urdina?». Aritz Truebak berak erantzun die ez duela argi zergatik, baina hasieratik argi ikusi zuela urdina behar zuela izan: «Nik uste dut hasierako ipuina elur inguru batean gertatzen zenez lotura egin nuela urdinarekin. Pertsonaia alai eta desberdin bat bezala ikusten dut Lula. Uste dut kolore urdinarekin, beste animalien kolore tonuetatik aparte, berezitasun hori azpimarratzen dela».
Euskalki ugari
Ipuinen berezitasunetako bat da zenbait euskalki nahasten direla, pertsonaia bakoitzak euskalki jakin batean hitz egiten baitu. Kepa Errasti aktoreak esan du hori izan zela proiektuak bera erakartzeko arrazoietako bat. «Segun eta zeinentzat, arraroa izango da euskalki bat ala bestea. Bada modu bat haurrek euskalkiak ikasi ditzaten, edo, behintzat, ulertu ditzaten. Aukera izan dezaten Euskal Herriko beste punta batean jendeak hitz egiten duen modua ulertzeko». Emaitza entzunda, euskalkiak oso modu naturalean nahasten direla ikusi zuela dio.

Gainera, ipuinek amaieran hiztegi labur bat dute, istorioan erabiltzen diren hitz batzuen esanahia ulertzen laguntzeko. Etxeberriak azaldu du horren zergatia: «Markatuta daude ipuinean zehar beltzez hitz batzuk, beharbada berriagoak edo desberdinagoak direnak irakurleentzat. Helburua da muga horiek —batez ere mentalak direnak— desagertzea». Eta album bakoitzean audiora bideratzen duen QR bat dago, irakurri ez ezik istorioak entzun ere egin ahal izateko.
Jakin-minez, gehiago entzuteko gogoz geratu dira haurrak. «Nire urtebetetzea berehala da, eskatu egingo dut!», oihukatu du batek. Lehen bi albumak salgai daude dagoeneko, 16 euroan. Eta, hurrengoak sortu bitartean, hamar istorioen audioak edonorentzat daude entzungai, autoan edo etxean Lularen abenturez gozatzeko. «Tirriki-tarraka, tirriki-ton, maldan behera hor konpon».