Lurdes Iriondo, artista polifazetikoa
Ane Insausti Barandiaran
1. NOR IZAN ZEN?
Abeslaria, idazlea eta antzerkigilea izan zen Lurdes Iriondo. Arlo askotan jardun zuen sortzaile gisa, eta, besteak beste, Ez Dok Amairu mugimenduko kidea ere izan zen. Larunbatean bete ziren hogei urte hil zenetik. Zinema aretoetan dago Iriondoren bizitzari buruzko dokumentala, Lurdes Iriondo. Ez gara alferrik pasako. Inge Mendioroz da lan horren zuzendaria, eta halaxe definitu du artista: «Nire ustez, emakume indartsua zen, artista polifazetikoa; gauza pila bat egin zituen, nahiz eta abeslari moduan gogoratu den».
2. NOIZ HASI ZEN SORTZEN?
Ez Dok Amairuko kidea izan zen, baina hori baino lehenago ere hasia zen abesten. Opera abeslaria izan nahi zuen, baina 16-17 urterekin bihotzeko gaitz bat atzeman zioten, eta ebakuntza egin zioten. Urtebetez etxean geratu behar izan zuenez, gitarra bat oparitu zioten, eta orduan sortu zituen bere lehen abestiak. Horren ondoren hasi zen bera bakarrik kontzertuak ematen, gitarra jotzaile eta abeslari gisa. «Kristoren arrakasta izan zuen, eta herriz herri ibili zen; 150 emanaldi egitera iritsi zen urte batean. Astakeria bat da», esan du Mendiorozek.

3. ZEIN ZEN GARAI HARTAKO TESTUINGURUA?
Frankismo garaian hezi zen Iriondo, euskara eta euskal kultura jazarriak zeuden garaian, hain zuzen. Euskaraz ikasi zuen etxean, baina, gero, mojen eskolan gazteleraz egiten zuenez, galdu egin zuen euskara. Gerora, ordea, euskara ikasten hasi zen berriro ere: «Nahiz eta euskaldun berria izan, hasieran erdaraz hasi zen kantatzen, eta gero hasi zen itzulpenak eskatzen, lehenengo abesti horiek euskaraz egiteko». Gainera, Frankismo garaian emakumeak «emakume on» izateko hezten zituzten; esanekoak izan behar zuten, gizonen mendekoak, eta etxe barruko lanetara mugatu behar zuten haien jarduna. Egin zuen guztian irudi horrekin hausten zuela esan du Mendiorozek.
4. EZ DOK AMAIRU
Joxean Artzek, Joxemari Iriondok eta Lourdes Iriondok bultzatuta sortu zen Ez Dok Amairu kultur mugimendua, eta haren «motorra» izan zen Iriondo. Euskal Herrian Kataluniako Nova canço mugimenduaren antzeko zerbait sortu nahi zuten, euskal kultura biziberritzeko. «Haientzako kultura zen atzeko gauzak berreskuratzea; lan asko egin zuten berreskuratzeko, eta, aldi berean, berria sortzeko». Taldearen antolatzaile eta akuilu izan zen hasieratik Iriondo, eta, adibidez, berak gonbidatu zuen Xabier Lete bilera horietara. Gerora, bere senarra izan zen.
5. NOLA GOGORATU IZAN DUTE?
Mendioroz ez dago ados Lurdes Iriondori buruz eraiki den irudiarekin: «Klixeak errepikatzen dira, eta oso ikuspegi maskulinoa nagusitu zen: askorentzat oholtza gaineko neska polit bat zen. Irudi hori nabarmendu da duela oso gutxi arte». Gainera, Ez Dok Amairuko emakume bakarra izan zela esaten da, baina ez da hala: han zeuden Maite Idirin, Estitxu Robles eta Patxika Erramuzpe ere, taldean kantatzen bazuten ere. Lurdes Iriondo zen bakarka aritzen zen emakume abeslari bakarra.

6. ZERGATIK GERATU DA ISILPEAN?
Beste emakume asko bezala, Iriondoren izena ere itzalean egon da, edo ez dira behintzat haren aurpegi guztiak ezagutarazi, nahiz eta Ez Dok Amairu sortu zenean hura zen artistarik ezagunena. «Lurdesen izena aipatzen denean, beti neska gazte bat irudikatzen da, zuri-beltzeko argazkietan, eta haren irudia ez da eguneratu», esan du zuzendariak. Horri aurre egiteko sortu dute dokumentala: «Emakume oso bat ekarri nahi genuen, bere istorio osoarekin».
7. ZER EGIN ZUEN HAURRENTZAT?
Sarritan haren abeslari izaera soilik gogoratzen duten arren, haurrentzako liburuak eta diskoak egin zituen, baita bideoak ere, euskal telebistarik ez zegoen garaian. Hego-haizearen ipuinak idatzi zituen, adibidez, Jaun deabrua ere bai, eta Buruntza azpian izeneko antzerki obra ere bai, haurrentzat. «Berak idatzitako antzerki horiek ikastolei ematen zizkien, material gisa erabiltzeko», azaldu du zuzendariak.
BA AL DAKIZU?
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako urrezko domina eman dio Lurdes Iriondori, heriotzaren urteurrena dela eta. Abenduaren 12an jaso zuten domina haren senideek.