Maite Mutuberria: «Liburu dibertigarri bat egin nahi nuen, ez pedagokigoa»

Ane Insausti Barandiaran

Zer gertatzen da ipuinean?

Istorio arrunt bat da: kontatzen du nola dagoen zapo bat lasai-lasai, bere arrats arrunt batean. Eta nola datorren lehenbizi eltxo bat, iruditzen zaiona zapoa aspertuta dagoela, edo berak esango duen bezala: «Azzzpertuta». Lagundu nahian, harekin jolasten hasiko da, baina zapoak beste erantzun bat emango dio, berak espero ez duena.

Eta berdin,beste animalia batzuekin?

Istorioa  beste animalia batzuekin errepikatuko da gero, matxinsaltoa heltzen den arte. Animalia ezberdinen arteko jolasak dira, handi eta txikien arteko jolasak; batzuetan handiak irabazten du, eta beste batzuetan, aldiz, txikiak.

Jolas egiteko liburu bat da?

Bai, uste dut batzuetan umeei ematen dizkiegula liburuak haiei gauzak irakasteko, pedagogia egiteko. Ni nekatu samarra nago horrekin, eta liburu dibertigarri bat egin nahi nuen, ez pedagogikoa. Umeek liburuarekin irri egiteko, ongi pasatzeko, eta kito. Krudelkeria islatzen saiatu naiz, eta onkeriarik gabeko pertsonaiak.

Jolas horren parte dira hitz jokoak eta onomatopeiak?

Bai, eta  animalia ezberdinak daudenez liburuan, pentsatu nuen animalia bakoitzak izan behar zuela bere hizkera, guk bezala: eltxoak zeta asko erabiliz hitz egiten du, eta gero, eltxoaren esaldi bera errepikatzen du barraskiloak, baina hizkuntza motelago batekin, bokal askorekin. Eta berdin geroago datozen animalia guztiekin; uste dut horrek ere umorea eta jolasa gehitzen dizkiola istorioari.

Hitzekin ez ezik, ilustrazioen ere jolas egin duzu, ezta?

Iruditzen zitzaidan garrantzitsua zela erritmoa, eta erritmo hori lortzeko modu bat da ilustrazioetan modu desberdinean irudikatzea pertsonaiak: batzuetan handi-handi, beste batzuetan txiki... Nire begiak kamera dira, eta kamera hori hurbiltzen doa momentu batzuetan. Handitzen doa zapoa ere, geroz eta lodiago dagoelako, eta beraz, geroz eta handiago marraztu dudalako, geroz eta deformatuago.

Eta zergatik daude testuak hizki larriz?

Diseinatzaile lanetan ere ibiltzen naiz, eta hizki larriak ez daude oso ongi ikusiak, badirudi itsusiak direla. Kasu honetan, pentsatu nuen nahiago nuela irakurterrazak izatea politak izatea baino. Horregatik aukeratu nituen.

Compostela sarirako finalista izan da albuma, eta sei hizkuntzatara itzuli dute.

Hori sekulako sorpresa izan da. Liburua egin eta lehiaketara bidali nuen nik. Ez zuen irabazi, baina finalista geratu zen. Beraz, haiek erabaki dute sei hizkuntzatan ateratzea. Hainbeste hizkuntzatan dagoen nire lehenbiziko liburua da, eta oso pozik nago.


LIBURUAREN FITXA

  • Izenburua: Arrats zapo bat.
  • Egilea: Maite Mutuberria:
  • Orrialde kopurua: 44 orrialde.
  • Bilduma: Amets egiteko liburuak.
  • Argitaletxea: Pamiela eta Kalandraka.
  • Prezioa: 14 euro.

top