
Malabarak, hezkuntzan akordioa lortzeko

Ane Insausti Barandiaran
1. BILERA BATETIK BESTERA
Hezkuntzako sindikatuek manifestazioak deituak zituzten gaurko Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Izan ere, atzo gauera arte, maiatzaren 12tik 16ra grebara deituta zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako irakasleak, hezkuntza publikoko baldintzak hobetzea eskatzeko. Atzo 23:00etan akordioa iragarrita, ordea, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta sindikatuek bertan behera utzi zituzten manifestazioak eta greba.
2. NOIZ HASI ZEN GREBA ZIKLOA?
Lan gatazka luze joan da: urtarriletik apirilera bitartean, bederatzi greba egun egin dituzte irakasleek, %90eko ordezkaritza duten sindikatuek deituta. Sindikatuek zioten Eusko Jaurlaritzak orain arte egindako proposamenek ez zietela erantzun egokirik eman irakasleen eta sindikatuen aldarrikapenei; «zehaztapenak eta bermeak» falta ziren, haien iritziz. Hori dela eta, atzo arte mobilizazioei eusteko indarrez zeudela esan zuten langileen ordezkariek.
3. ZER ONDORIO ZITUEN GREBAK?
Haurrak eskolarik gabe geratzen dira irakasleek lanik egiten ez badute. Eta horrek zailtasunak ekartzen dizkie gurasoei, lanera joan behar dutelako, haurrak eskolan utzi ala ez. Era berean, irakasleek egun gutxiago dituzte irakatsi beharreko materiala emateko, eta ikasgaietako materia pilatuago eman behar izaten dute. Horregatik, presioa egiteko modu bat dira grebak: ondorio edo kalte horiek geldiarazteko, haien aldarrikapenak aintzat hartzea nahi dute. Langileen baldintzak egokiak badira, haurrek jasotzen duten hezkuntza zerbitzuak kalitate handiagoa izango du.
4. ZER ESKATZEN ZUTEN?
- Lan hitzarmena berritzea: Irakaskuntzako langileen azken lan hitzarmena 2010ekoa zen, eta Eusko Jaurlaritzak hamabost urte zeramatzan hura berritu gabe. Hura eguneratzeko lanean aritu dira sindikatuak. Izan ere, lan hitzarmenetan zehazten dira arlo bakoitzeko langileen baldintzak, eta errebisatu eta eguneratu egiten dira, garaian garaiko egoerari erreparatuta.
- Lan zama arintzea: «Gero eta handiagoak» diren lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea eskatzen zuten sindikatuek. Adibidez, gela bakoitzeko ikasleen ratioak jaistea: hau da, irakasle bakoitzak bere ardurapean duen ikasleen kopurua jaistea, eta irakasle gehiago kontratatzea, arreta indibidualizatuagoa izan dadin.
- Erretiroa erraztea eta lantaldea gaztetzea: Langileek erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea ere eskatzen zuten irakaskuntza arloko sindikatuek. Era berean, langile taldeak gazteberritzeko plan bat garatzeko eskatzen zuten: gazteek irakaskuntzan egonkortasuna lortzea zen helburua, eta helduek erretiroa hartzea, horri esker belaunaldi aldaketa modu antolatuan egin dadin.
- Erosahalmena berreskuratzea: KPI kontsumo prezioen indizea asko igo da azken urteetan: herrialde bateko produktuek duten prezioaren adierazle bat da. Hau da, KPIa igotzen bada, oinarrizko produktuen (elikagaiak, arropak, argindarra...) prezioak igotzen dira. Langileen soldatak proportzio berean igotzen ez badira, erosteko ahalmena galtzen dute herritarrek. Hortaz, soldatak igotzea eskatzen zuten, prezioen igoera horri aurre egiteko.
- Baliabide eta inbertsio gehiago: Hezkuntza publikoa indartzeko, baliabide gehiago eskatzen zituzten sindikatuek. Horretarako, hezkuntza arloan egiten den inbertsioa, hau da, Jaurlaritzak hezkuntzara bideratzen duen diru kopurua handitzea nahi zuten, lan baldintzak hobetzearekin batera. Adibidez, lan osasuna zaintzeko azterketak egitea exijitzen zuten.
- Enplegu publikoa egonkortzea eta bermatzea: Sindikatuek salatzen zuten zenbait ikastetxe publiko fusionatu eta itxi dituztela azken urteetan, jaiotza tasa jaisten ari dela «aitzakiatzat» hartuta. Horregatik, lanpostu publikoak bermatzea eta egonkortzea eskatzen zuten, irakaskuntzako langileek haien etorkizuna ziurtatuta izan dezaten.
- Eskola publikoa, euskalduna, feminista eta propioa bermatzea: Hezkuntza publiko osoa euskaldunduko duten hezkuntza politikak abiaraztea ere nahi zuten sindikatuek, neurri zehatzak hartuz, hezkuntza publikoan euskara nagusitu dadin. Berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak eta kalitatezkoak ere eskatzen zituzten, eta horiek sortu ahal izateko profesionalak izatea; baita hezkuntza arloko langileei formakuntzak ematea ere.
5. ZER ADOSTU DUTE?
Negoziazioei esker lortu dute irakaskuntzako eskaera batzuk betetzea: adibidez, ehunka baliabide gehigarri, euskalduntzean sakontzeko aurrerapausoak eta ordu lektiboen jaitsiera. Lan baldintzak hobetzea ere lortu dutela adierazi dute sindikatuek: lan zamak arintzea, gazteberritze plana, soldatak %7 igotzea, lanpostu berrien sorrera eta behin-behinekotasuna %5etik beherakoa izatea.