Manex Salsamendi, eskiatzailea: «Disfrutatzeko aukera gehiago eduki dut Olinpiar Joko hauetan»
Otsailaren 6tik 22ra jokatu zituzten Milanen eta Cortina d’Ampezzon Neguko Olinpiar Jokoak. Bertan parte hartu zuen Manex Salsamendi eskiatzaileak (Rio Branco, Brasil, 2002). Esprinteko proban 48. postua lortu zuen, eta hamar kilometrokoan, berriz, 97.a. Emaitzak gorabehera, baina, pozik dago, gozatzea lortu baitu bere bigarren Olinpiar Jokoetan.
Ane Insausti Barandiaran
Zer moduz Milanen?
Oso esperientzia polita izan da. Nire bigarren Olinpiar Jokoak izan dira, baina lehenengoan oso gazte joan nintzen, eta arraroak izan ziren: Txinan izan ziren, COVID-19 gaitzaren garaian. Oraingoan lasaiago joan naiz, Italian izan dira, eta familia eta lagunak etorri dira ikustera.
Nabaritu duzu aldea?
Bai, lehenengo aldian dena berria zen. Oraingo honetan, lasaiago joatea lortu dut, eta disfrutatzeko aukera gehiago eduki dut.
Nahiz eta Euskal Herrian bizi izan zaren ia beti, Brasilgo selekzioarekin lehiatzen zara, ama bertakoa baituzu. Zer moduz moldatzen zara haiekin?
Hasieran pixka bat arraroa izan zen, nahiz eta Brasilen jaioa izan bizitza guztia hemen pasatu dudalako. Brasil urruneko zerbait balitz bezala ikusten nuen. Baina urte asko eman ditut haiekin lehiatzen, eta orain herrialdearekiko askoz ere gertutasun handiagoa sentitzen dut. Ohore bat da niretzat horrelako herrialde handi bat eta hainbeste jende ordezkatzea.
Noiz hasi zinen eskiatzen?
Bai, 8 urte nituela hasi nintzen. Aita irakaslea da, eta Errenterian bizi ginen, baina, 8 urte nituela, lanez aldatu zuen, eta Izabara joan ginen denok bizitzera. Han hasi nintzen asteburuetan eskiatzen, eta 10 urterekin-edo apuntatu nintzen klubean. Horrela sartu zen eskia nire bizitzan.
Euskal Herrian ez da beste kirol batzuk bezain ohikoa. Horrek zailtzen du profesional bihurtzeko bidea?
Bai, eskia kirol minoritarioa da, eta horrek egiten du babesleak, lasterketetako sariak eta laguntza ekonomikoak beste kiroletan bezain handiak ez izatea. Honetaz bizitzeko oso-oso ona izan behar duzu.
Nolakoa da eskiatzaile baten egunerokoa?
Azarotik martxora arte, ia egunero eskiatzen dugu, goizez eta arratsaldez. Arratsaldeetan, gimnasiora edo korrika egitera joaten gara. Denboraldiz kanpo ere asko ibiltzen gara korrika, bizikletan eta gurpil gaineko eskiekin. Gehiago entrenatzen gara elurrik ez denean, elurra denean baino.
Kirolak eman dizu aukera munduan zehar bidaiatzeko ere. Gustuko duzu hori?
Egia esan, asko bidaiatu dut; beti aritzen naiz maleta egin eta desegin. Baina bai, polita da, herrialde asko ikusi ditut. Dena den, kanpora joaten naizenean ez dut turismo asko egiten: hoteletik eski pistetara joaten naiz, eta itzuli. Baina beti dago denboratxo bat leku berriak ikusteko.
Orain, Joko Olinpikoak igarota, zer helburu duzu?
Oraintxe bukatu dut denboraldia; beraz, apirilean deskantsatu eta deskonektatu egiten dugu. Maiatzean hasten gara berriro entrenatzen hurrengo urtean Munduko Kopan eta munduko txapelketan ondo aritzeko.
MOTZEAN
- Kolore bat? Berdea.
- Plater bat? Makarroiak bolognesa erara.
- Abesti bat? Eye of the tiger.
- Eskiatzeko pista bat? Belagua.
- Erreferente bat? Killian Jornet.