Mihiluzerik gazteenak, telebistaren tripetan

Haurren ‘Mihiluze’ programa bereziak emango dituzte aste honetan. Hiru eguneko ligaxka izango da, eta ostiralean jokatuko dute finala. Aplikazioa ere haurrentzako izango da, eta ohi baino sari gehiago banatuko dituzte.

Ane Insausti Barandiaran

Ohikoa da platoa, ezagutzen dituzte aurkezleak, baina ohi baino baxuagoak dira lehiakideak: 10 urteko haurrak izango dira aste honetako Mihiluze-n. Etxeko sofan beharrean, telebistako platoan jolastuko dira 10 urteko haurrak, ligaxka batean, eta ostiralean egingo dute finala. «3, 2, 1...» sintonia entzun, eta «Gabon, Mihiluzeok!» entzun ondoren hasi dira grabaketak EITBren Miramongo egoitzan.

Publikoa ere neurrikoa dute: Gasteizko Abedaño ikastolako ikasleak daude platoan. Programa hasi baino lehenago joan dira Antton Telleria eta Ilaski Serrano haiek agurtzera. «Txalo egiteko gogoz etorriko zineten, ezta?», esan diete. Ondoren, lehiakideak ere agurtu dituzte, urduritasunak uxatzeko. «Aupa zuek, e!», esan die Serranok, eta hasi dira programa grabatzen.


Sintoniaren atzetik hasi dira aurkezpenak: Liher Muguruza eta Liher Oiartzabal Usurbildik (Gipuzkoa) joan dira. Elorri Idoate eta Texa Lopes lehengusinak eta lagunak, Ainhoatik eta Saratik (Lapurdi). Eta, azkenik, Oier Errandonea eta Oier Lopez, Beintza Labaien eta Doneztebetik (Nafarroa), Osasunako kamisetak soinean. «Zenbat izen berdin, ia-ia kapikua!», egin diete txantxa aurkezleek.

Urduri hasi dute programa, estimuluen eta azalpenen artean, erdi lotsatuta. Probetan aurrera egin ahala, ordea, erosoago sentitzen hasi dira; eta galderen erantzunak asmatu ahala, irribarrea marraztu zaie aurpegian. Telebistako funtzionamendua ezagutzeko ere balio die bisitak: proba baten amaieran «moztu!» esan dute, argiekin arazoren bat egon delako. Atzera egin, eta txaloetatik berrekin diote grabaketari.


Errealizazio gelako lantaldea adi-adi ari da programa aztertzen. Batzuek une bakoitzean zein kameraren irudia hautatu kontrolatzen dute, besteek puntuak kontatzen dituzte, eta besteak aurkezleei aginduak ematen dizkiete, entzungailuen bidez. «Umeak hobeto prestatuta etorri dira helduak baino», esan du Juanjo Elordi Mihiluze-ko zuzendariak, pantailen artetik burua altxatuta.

Oso esperientzia polita da haurren Mihiluze etxeko txikientzat, baina baita programako langileentzat ere, Elordiren arabera: «Argi ikusten dugu umeek ere merezi dutela Mihiluze-n jolastea, eta esperientzia hori bizitzea. Egiaz, gure nahia izango litzateke gehiagotan egin ahal izatea». Izan ere, azaldu duenez, euskal komunitateak telebistan jolasekin eta edukiekin gozatzea da euren lehen ardura, eta, haurren kasuan, beste leku batzuetako hizkerak ezagutzeko ere balio die.

Lehia ez, jolasa

Sariak badaude: egun bakoitzeko irabazleek kultur bonuak jasoko dituzte, eta Irrisarrilanderako sarrerak lortzeko aukera daukate; finaleko bikote irabazleak, berriz, Port Aventurara joateko txartela eskuratu dezake. Baina hortik harago doa esperientzia, zuzendariaren irudiko: «Esperientzia gehiago da jokatzea eta lagunak egitea, era lasai batean. Hasieran, oso urduri etortzen dira, baina gero, konturatzen dira jolasa dela, eta irri egiteko gehiago dela konpetentzia baino».

Aplikazioan ere aste berezia izango da. Azken proba jokatu ohi dute ikus-entzuleek bertan, eta, datorren asteko telebistako probak haurrengana egokitu dituztenez, aplikazioan ere haurrek jolastu beharko dute. «Gurasoen, anai-arreben edo aitona-amonen telefonoak hartu, eta egun horretan haiek jokatu beharko dute», esan du Elordik. Aurreratu du sari bat beharrean aste honetan hamar egongo direla.


Grabaketa amaituta, haien izena daramaten txarteltxoak eta mikrofonoak eranzten ari dira parte hartzaileak. «Gustatzen zaigu Mihiluze, eta esan genuen: ea joaten garen hara, probatzera. Ikaskideak pozik daude gu gatozelako; haietako asko saiatu ziren hemen egoten, eta guk lortu genuen», esan dute Muguruzak eta Oiartzabalek. Lapurtarrek ere denetik galdetu dietenez, «oso ondo» pasatu dutela nabarmendu dute. Errandoneak eta Lopezek, berriz, onartu dute platoan urduritasuna sentitu dutela: «Gustatu zaigu telebista barrutik ezagutzea. Hori bai, etxetik errazagoa ematen du!».

Platotik atera, eta gonbidatuen gelara joandakoan, irabazleak txalo eta besarkada artean hartu dituzte haiei laguntzera joandako amek; noizbait programatik kanpo futbol partida bat jokatzeko geratu nahi ote duten ere proposatu die. Amekin elkartu orduko kontatu dituzte lehen inpresioak: «[Platoan] sekulako hotza egiten du!». Nortzuk diren ikusteko, eta irabazi ote duten jakiteko, ordea, datorren asteko programak ikusi beharko dituzue.