
Mirentxu Loiarte: irrintzia ez da itzali

Ane Insausti Barandiaran
1. NOR IZAN ZEN?
Mirentxu Loiarte (Iruñea, 1938-2025) euskaraz film bat profesionalki egin zuen lehenengo emakume zinemagilea izan zen. Euskal zinemagintzaren esparruan aitzindaria izan zen, beraz. Bi film zuzendu zituen, eta bizi izan zen garaiaren erretratua egin zuen horietan. Erbestera joan zen gero, ordea, eta ez zuen film gehiago sortu; halere, sekula ez zuen eten zinemarekin zuen harremana. Joan den ostegunean hil zen, jaioterrian bertan, Iruñean.
2. ZER FILM EGIN ZITUEN?
Bi film egin zituen Loiartek: Irrintzi (1978) eta Euskal emakumeak (1981). Iratxe Fresneda zinemagile eta EHUko ikus-entzunezko graduko irakasleak ikertu eta zabaldu du haren lana, eta horien ezaugarriak zeintzuk diren azaldu du: «Irrintzi-n, bizi izan zen garai historiko-politikoan izandako gertakarien hausnarketa egin zuen, eta, Euskal emakumeak-en, Ikuskaren barruan, emakumeak nola sentitzen ziren eta mundua nola antzematen zuten deskribatu zuen».
3. NOLA ULERTZEN ZUEN ZINEMA?
Zinema «indusketa edo esplorazio» bat zen Loiarterentzat, Fresnedaren hitzetan «abentura» gisa ulertzen baitzuen: «Pentsatzen zuen irudien atzean bestelako mundu bat zegoela, bestelako esangura batzuk, eta horiekin jolasten zen ideiak sortzeko, partekatzeko eta bere imajinazioan zegoen mundu hori filmetara eramateko». Gainera, Loiarte ez zen euskalduna, baina filmak euskaraz egitea erabaki zuen.
4. ZER IZAN ZEN IKUSKA?
Film labur eta ertainen bilduma bat izan zen Ikuska. Antxon Ezeiza zinemagileak ekoitzi zituen, eta Euskal Herriko zenbait zinemagilek eta artistak sortu zituzten bildumarako obrak. Garai historiko jakin horretan nabarmentzen ziren pertsonaiak, gertaerak eta bizimoduak jaso zituzten film horietan. Hor kokatzen da Euskal emakumeak filma, eta Loiartek emakumeei ahotsa ematea erabaki zuen. «Mirentxuren kasuan, emakumeenganako gerturatze bat egin zuen: emakumeek Euskal Herrian zer-nolako posizioa zuten kontatu zuen 1980ko hamarkadan», azaldu du Fresnedak.
5. ZERGATIK JOAN ZEN ERBESTERA?
Beste hainbat euskal herritarrek bezala, Mirentxu Loiartek erbestera joan behar izan zuen Francisco Francoren diktadura erregimenetik ihes egiteko. Frantziara joan zen lehenengo, eta Venezuelara gero. Bere familiako pertsona batzuek mehatxuak jaso zituztelako joan zen, Fresnedak esplikatu duenez. Orduz geroztik ez zen publikoki agertu, eta ez zuen beste filmik sortu. «Baina Mirentxuk zinemarekiko harreman hori mantendu zuen, nahiz eta pelikula gehiago ez zuzendu: pelikulak ikusten zituen, gidoiak idazten zituen, poesia idazten zuen...», kontatu du Fresnedak.
6. ZERGATIK DA EZEZAGUNA ASKORENTZAT?
Aitzindaria izan arren, askorentzat ezezaguna da Mirentxu Loiarte oraindik ere. Beste esparru batzuetan gertatzen den bezala, zinemagintzan jardun duten emakumeen ikusgaitasun falta dago horren atzean, Fresnedaren hitzetan: «Alice Guyrekin gauza bera gertatu zen. Zinemagintzaren sorreran emakume hori ekoizle aitzindaria izan zen, eta duela oso urte gutxi arte ez dugu haren berri izan. Gauza bera gertatu da Mirentxu Loiarterekin, gurean: askok ezagutzen zuten haren figura, batez ere haren garaiko beste zinemagileek, harekin lan egindakoek... baina orain dela hamar urtera arte-edo ez zen aitzindari bezala aintzat hartu».
IRATXE FRESNEDA. Zinemagilea eta EHUko Ikus-entzunezko komunikazioko graduko irakaslea: «Mirentxu Loiartek zutabe batzuk jarri zituen Euskal Herriko euskarazko zinemaren historian».
7. 'IRRINTZIAREN OIHARTZUNAK'
Ikusgaitasunik ezari aurka egiteko eta Loiarteren figura ezagutarazteko sortu zuen Fresnedak Irrintziaren oihartzunak filma, Loiarteren Irrintzi filmari keinu eginez. «Ikerketa edo saiakera batzuetatik abiatu ginen haren zinemagintza ulertzeko eta, nolabait, berriro ere espazio publikora ekartzeko. Horrexegatik egin nuen pelikula bat haren filmografiaren inguruan hitz egiteko, aztertzeko, bilaketa bat eginez, emakume honen gakoak nolabait partekatzeko». Euskal Herriko euskarazko zinemaren historian izan zuen garrantzia aldarrikatzeko modu bat izan zen Fresnedarentzat.
8. EUSKAL HERRIKO EMAKUME ZINEMAGILEAK
Oztopoak oztopo, emakume zinemagileak ari dira bidea urratzen Euskal Herrian ere. Fresneda bera da horietako bat, eta zerrenda handituz joango dela espero du: «Egon bagaude, espero dut geroz eta gehiago izango garela». Fikzioan, Esti Urresola (20.000 especies de abejas) eta Lara Izagirre (Nora) nabarmendu dira, besteak beste. Maider Oleagak (Muga deitzen da pausoa) eta Mireia Gabilondok ere (Erlauntza) zenbait lan zuzendu dituzte. Arantza Santestebanek ere egin ditu zenbait lan dokumentalen esparruan (918 gau).