Nekazariak «babesgabe»
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER GERTATU DA?
Azken bi hilabeteetan nekazariak hainbat aldiz atera dira kalera, protesta egitera. Bi arrazoi nagusi izan dituzte horretarako: batetik, dermatosi nodularra gaixotasunari aurre egiteko hartutako neurrien aurka atera dira kalera. Ipar Euskal Herriko zenbait errepide blokeatu zituzten nekazariek, neurri horiekin ados ez zeudela adierazteko. Bestetik, Europako Batasunak Mercosurrekin larunbatean sinatu zuen akordioa salatzeko hartu dituzte kaleak. «Babesgabe» daudela salatu dute.
2. ZER DA DERMATOSI NODULARRA?
Behiei erasaten dien gaixotasun bat da dermatosi nodularra. Eltxo baten ziztadak ekar dezake bakterioa, eta bakterio horrek infekzio bat sortzen die behiei. Hainbat sintoma eragiten dizkie, larruazalean: besteak beste, gorridurak, hanpatzeak eta minak. Kasurik larrienetan, baita heriotza ere. Oso gaitz kutsakorra da animalientzat, eta erraz zabaltzeko arriskua dago, nahiz eta pertsonak ezin diren hartaz kutsatu. Horregatik, hainbat neurri hartu dituzte erakundeek.

3. ZER DEBEKU EZARRI ZITUZTEN?
Behiak gaixotzen hasi zirenean, Frantziako Laborantza Ministerioak zenbait neurri hartu zituen, eta Ipar Euskal Herriko nekazariei eragin zien. Ministerioak protokolo bat ondu zuen gaixotasunari aurre egiteko, eta, haren arabera, baserri bateko behi bat kutsatuz gero, saldoko behi guztiak hil behar ziren. Horren aurka atera ziren kalera, eta A64 autobidea itxi zuten, Beskoitze eta Ahurti artean (Lapurdi). Hegoaldean, berriz, animalien azokak debekatu zituzten abenduaren 26tik aurrera, kutsatzeak ez gertatzeko.
4. ZER BESTE NEURRI HARTU DITUZTE?
Ipar Euskal Herrian derrigorrezko bihurtu zuten txertatzea, eta abenduaren 19an ekin zioten txertaketari. Dena den, nekazari batzuek ez zuten begi onez ikusi neurria, txertoa jaso ondoren ere behi batzuk hilik agertu baitziren. Hego Euskal Herrian, berriz, urtarrilaren 7an hasi ziren Nafarroako eta Gipuzkoako behiak txertatzen, Ipar Euskal Herritik gertuen dauden lurraldeak direla argudiatuta. Araba eta Bizkaiko abelburuak txertaketatik kanpo geratu dira, oraingoz behintzat.
5. ZER DA EB-MERCOSUR AKORDIOA?
Dermatosi nodularrak ez ezik, Europako Batasunak eta Mercosurrek sinatutako hitzarmenak ere hautsak harrotu ditu nekazarien artean. Negoziazio luzeen ostean, larunbatean sinatu zuten akordioa. Merkataritza libreko akordio bat da, inportazioetako muga zergak apaltzen dituena. Modu horretan, Mercosurreko herrialdeek —Argentina, Brasil, Uruguai eta Paraguai— merkeago salduko dituzte beren produktuak Europako Batasuneko herrialdeetan, eta alderantziz.

6. ZER DIRA MUGA ZERGAK?
Atzerriko produktuei aduanan jartzen zaizkien zergak dira muga zergak. Hau da, herrialde batek beste batekin muga egiten duen lekutik pasatzeagatik ordaindu beharreko zerga edo diru kopurua zehazten du. Zerga horiek ezartzen zaizkie kanpoko produktuei, herrialde barruko ekoizpena bultzatzeko eta babesteko, herrialde barrukoak baino merkeagoak izan ez daitezen. Horiek kenduz gero, berriz, merkeagoak izan daitezke, eta arriskua egongo litzateke jendeak bertako produktuak kontsumitzeari uzteko.
7. ZER ONDORIO DITU AKORDIOAK?
Akordioak multinazionalen interesak lehenesten dituela salatu dute nekazariek, eta tokiko nekazaritza, osasuna eta elikadura burujabetza arriskuan jartzen dituela. Laborariak beldur dira ea akordio horrek Latinoamerikako haragiaren esportazioak izugarri handituko dituen, eta salatu dute kanpoko produktu merkeek ondorio garestiak utziko dizkietela bertako nekazariei. Horregatik, «mugako kontrol zorrotzagoak» eskatu dituzte azken egunetako protestetan.