Nerea Urbizu: «Umeen arratsalde batzuk atseginago bihurtu ditugula uste dut»
Joan den larunbatean emititu zuten 3 Ene Kantak telebista programako azken saioa, ETB3n. Haren sortzaileetako bat da Nerea Urbizu musikaria (Lekunberri, Nafarroa, 1980). Bost denboraldi, 75 abesti, seiehun saiotik gora eta hamaika abentura bizi izan dituzte.
Ane Insausti Barandiaran
Azken saioa eman duzue jada. Zer moduz zaudete?
Abenduan jakin genuen martxoan bukatuko zela; orduan, dolua eginda geneukan, egia esan. Tristea izan da azken saioa gerturatu ahala jende geroz eta gutxiago ikustea lantokian. Noski, jakin genuenean, kristoren pena hartu genuen, baina jada aurrera begira gaude, ez dago besterik.
Kanpotik hartu da erabakia, hortaz?
Bai. Hasieratik esan ziguten urtetik urterako kontratazioa izango zela, eta lau eta sei urte artean iraun zezakeela. Bosgarrenera iritsi gara, eta hori hartuko dugu gogoan.
Zer ekarpen egin du programak?
Telebista publiko batek hemen sortutako zerbait eskaini behar du, eta guk oso gustura egin dugu lan. Euskarazko kalitatezko zerbait jaso dute umeek, pedagogikoki behintzat. Uste dut umeen arratsalde batzuk atseginago bihurtu ditugula.
Kristoren lantaldea izan dugu '3 Ene kantak-en'. Egunero probak egiten genituen, eta hanka sartuz pila bat ikasi dugu.
Pantailak euskaraz jartzeko aldarria hain pil-pilean dagoen garaian, gainera.
Bide hori jorratu du, bai. Esan beharra daukat, ordea, ni Lekunberrikoa izanda, ETB3 ez dugula ikusten. Eta Lekunberrin bezala, Nafarroako hainbat lekutan. Tristea da, nire alabek ez dute programa inoiz ikusi telebistan. Euskarazko edukiak sortu ditugu, eta ikusi dituenak aprobetxatu ditu; bejondeiola.
Zer jaso duzue bueltan?
Eskolaz eskola ibili izan gara azken urteetan, eta harremanak sortzeko balio izan digu. Feedback ona izan du programak, jendeak pozik ikusi du. Gainera, askotarikoa izan da, hainbat atal zituen: sukaldaritza, ipuin kontaketa, lehiaketatxo bat, magia... publiko edo adin diferenteetara iristea lortu dugula uste dut.
Zer behar da halako programa bat sortzeko?
Kristoren lantaldea. Aurretik inoiz telebistarik egin gabeak ginen; hiru ginen, eta kristoren babesa behar izan dugu. Langileak bilatu genituen lehenengo: ediziokoak, kamerariak, gidoilariak, aktoreak... Ia 30 laguneko lantaldea osatzea lortu genuen. Horiek gabe programa ezingo litzateke aurrera atera. Egunero probak egiten genituen, eta hanka sartuz pila bat ikasi dugu.
Ez zaudete geldirik, eta maiatzean iragarriko duzue berriren bat, ezta?
Hori da, bai. Baina bueno, udazkenean, lehen Ene Kantak zen horretara itzuli nahi dugu. Hau da, telebistarik edo ETBrik gabeko Ene Kantak horretara: emanaldiekin, abestiekin, koreografiekin... Horretara bueltatuko gara, gure esentziara, euskararen alde, euskararekin, eta euskaraz.