Bideojokoei lotutako aholkuak
Ane Insausti Barandiaran
1. ZERGATIK GIDA?
Fortnite, Rocket language, Minecraft... Haur askok oso gustuko dituzte bideojokoak, baina gurasoek, kontrara, kezkaz bizi ohi dute hori sarritan. Hori ikusita, Game Erauntsia elkarteak bideojokoen gida bat kaleratu du, gidalerro batzuk emate aldera. «Beldur edo zalantza orokorrak izaten dituzte gurasoek, batez ere ezjakintasunetik etorrita, eta horiei erantzuna ematen saiatu gara», azaldu du Lander Unzuetak, Game Erauntsia elkarteko kide eta gidaren sortzaileak.
2. ZER DIOTE DATUEK?
«Bideojokoak luzaroko etorri dira», adierazi du Unzuetak. 2022an, UEMAk Euskal Herriko gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen Euskal Herriko hiru gaztetik bi bideojokoetan aritzen direla egunero. Horietatik ia %26 ordu erdi baino gutxiago aritzen dira egunean; %17,5, ordu erdi eta ordubete artean, eta %13,5, ordubete eta bi ordu artean. Datuak «esanguratsuak» direnez, uste du komenigarria dela helduak informatzea.
3. ARRISKUTSUAK AL DIRA?
Pantailekiko mendekotasunak kezkatzen ditu guraso asko, baina, gauza guztiek bezala, bideojokoek aurkia eta ifrentzua dute. Hala esan du Unzuetak: «Askotan ikusten dugu gurasoak bideojokoetako indarkeriaren beldur direla: tiroak, odola... Baina ez dago hori bakarrik: bideojoko desberdin asko daude. Badaude sormena, kooperazioa edo enpatia lantzeko bideojokoak ere».
4. NOIZ, ZENBAT ETA NOLA?
Adituen arabera, 0-3 urte arteko haurrek ez lukete bideojokoetan sekula aritu behar, eta 7-8 urtetik aurrera gomendatzen dute bideojokoetan edo oro har pantailen aurrean ibiltzen hastea. Eta, noski, pixkanaka hastea da komenigarriena, gidan jaso dutenez: 10-15 minutuko partidekin, adibidez. 12 urtetik aurrera hasten dira haurrak teknologia berrien munduan buru-belarri, eskolan zein kalean, eta, ordutik aurrera, ez dago konponbide magikorik: gurasoei dagokie orduan neurria jartzea. Dena den, argi utzi du ez dela «arau zurrun bat», eta etxe bakoitzean neurtu eta antolatu behar dutela une oro nola mugatu denborak.