Parkean kantari Patxintxirekin

Naturaren orekari buruzko ikuskizun musikatua da Urtxintxa eskolaren ‘Patxintxiketan, urtaroen bidaia’. Abesti tradizionalei hitzak moldatu dizkiete, gaur egungo balioetara egokitzeko.

Ane Insausti Barandiaran

Parkeak dira haurren topagune, jolasleku, liskarretarako eta horien osteko adiskidetzeetarako espazio. Baina baita herri kantuen zabalgune ere. Hain zuzen, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dira horietako asko. Eta horrelakoxe parke batean girotua da Urtxintxa eskolaren antzezlan musikatua: Patxintxiketan, urtaroen bidaia. Patxintxi katagorria da bertako protagonista, eta kantuan eta dantzan ariko da lagunekin.

2018an jaio zen Patxintxi urtxintxaren pertsonaia, Estitxu Moral Urtxintxa proiektuko euskara arloko koordinatzaileak esan duenez. «Beharra ikusten genuen gure betiko kantak, eskolan edo parkean abestu ditugunak —Sorgina pirulina, Zubiri-zubiri...—, gaur egungo pentsamendura ekartzeko, ez zetozelako bat gure gaur egungo balioekin. Hortik abiatu zen proiektua».

Hala, tradizioko abesti horiek hartu, eta hitza moldatu zieten: «Sorgina pirulina» «Sorgina kaskarina» bihurtu zuten, eta «ipurdia zikina eta txapela buruan» abestu beharrean, «badator korrika zapia buruan» abesten hasi ziren. «Sorginen irudi txar hori kendu nahi genuen. Izan ere, sorgin batean pentsatzen dugun bakoitzean, norbait maltzurra, itsusia irudikatzen dugu. Eta badakigu Euskal Herriko sorginak guztiz kontrakoak zirela: oso jakintsuak eta abar», kontatu du Moralek. Zubiri-zubiri abestian, berriz, protagonistak «Frantziako erregearen seme-alabak» izan beharrean, «Patxintxi urtxintxaren lagun minak» dira, monarkiaren figura hori kentzeko.


Abestiak hainbat lagunekin batera moldatu dituzte. Esate baterako, Itziar Ituñoren Ingot taldearekin moldatu zuten Sorgina kaskarina kantua, edo Zubiri-zubiri Itziarren Semeak taldeak kantatu zuen. Patxintxiren abestia ere sortu zuten, La Basurekin batera. Guztira, hamabi abesti sortu zituzten, eta horietako batzuen bideoklipak prestatu ere bai, Youtuben zintzilikatzeko —QR kodean daude ikusgai—. Abestiak 2019. urtean zabaldu zituzten, baina, 2020an koronabirusaren pandemia izan zenez, abestiak zabaltzeko beste modu baten bila hasi ziren urte horren ondoren. Horrela erabaki zuten ikuskizuna sortzea.

Parkean kantari

Iaz estreinatu zuten antzezlan musikatua, eta, aipatutako kantuen bitartez, adiskidetasuna, talde lana, naturaren errespetua eta halako balio batzuk zabaltzea dute helburu. Hala, Patxintxik bere lagun Urtzi, Ilargi eta Udane gidatuko ditu eguneroko abenturetan barrena. Baina parkeko errealitatea hankaz gora jartzera azalduko da Kutsadura Doktorea: «Urtaro bakoitza aldatzen du Kutsadura Doktoreak. Beraz, neguan bero egiten du, udan hotz... Proba batzuk egingo dituzte kantuen bitartez, eta natura salbatzen saiatuko dira Patxintxirekin», azaldu du Moralek.

Saio batzuk herrietan egin dituzte, eta beste batzuk, berriz, eskoletan. Eta, azken horietan, aurrez lanketa egitea proposatzen diete irakasleei: USB bat bidaltzen diete aurrez, Patxintxiren abesti guztiekin, eta baita liburuxka bat ere. Bertan agertzen dira abestien hitzak, eta kanta bakoitzarekin lotuta egiteko jolas moduko bat. Halakoetan, Patxintxiren zain egoten dira haurrak, hura ezagutzeko irrikaz. «Animatzen ditugu eskoletan aste batzuk arinago abestiak lantzera. Batez ere ikuskizunean agertzen diren abesti horiek; horrela, gu heltzen garenerako ezagutzen dute Patxintxi, Youtuben ikusten dute, dantzak ikusi dituzte, eta beste feedback bat dago, askoz ere hobea».


Hain zuzen, Moralen arabera, abesti bat hasten den orduko, ikusleak abenturaren parte bihurtuko dira, ikuskizunean laugarren paretarik ez dagoelako. «Oso ikuskizun parte hartzailea da. Kantu bat agertzen den bakoitzean, publikoa parte hartzera animatzen da, mugitzera, jolastera...». Hain zuzen, parte hartuz gero, ikusleek errazago ikasten dituzte kantuak, eta, ondorioz, gehiago sakontzen dute Urtxintxak zabaldu nahi dituen balio hezitzaileetan.

Ez baita erraza ohiko kantuen aldaketak barneratzea; betiko abestiak «oso barneratuta» edukitzen ditu jendeak: «Guztiok erortzen gara betiko korrontean, lanketa hori egin ezean». Kontziente da zaila dela, baina saiakerak merezi duela uste du: «Patxintxiren bitartez ezagutzen badute bertsio berria, hemendik urte batzuetara espero dugu ‘Sorgina Pirulina’ ez baizik ‘Sorgina kaskarina’ entzutea haurren ahotan». Beste abesti batek dioen bezala, «zaila bada, ez da ezinezkoa; zaila bada, badago lortzea».


top