
Potx eta Lotx: Topa, bizitza ospatzeko

Potx eta Lotx pailazoei ezusteko festa bat prestatu diete adiskideek azken ikuskizunean: ‘Lagunekin topa’. Orain arteko ibilbidean ezagututako lagunekin egingo dute topo, eta hamaika abentura izango dituzte.
Ane Insausti Barandiaran
Ezusteko festak dibertigarriak izan ohi dira, baina sorpresek urduritasun puntu bat ere pizten dute sarritan. Horixe gertatuko zaie Potx eta Lotx pailazoei Lagunartean topa! ikuskizun berrian: festa baterako gonbidapena jasoko dute, jakingo dute non eta noiz den, baina ez zer den. Eta, urduritasunak bultzatuta, ordubete lehenago joango dira bertara.Horrek ez luke arazo berezirik sortu behar, berez, uste baitute festako gonbidatuak direla.
Dena hankaz gora jarriko dute nahi gabe, ordea, Josu Zubia Potx-ek azaldu duenez: «Kontua da haientzat prestatutako festa bat dela, omenaldi bat baita. Orduan, sorpresa denak begi bistan izango dituzte». Xabi Sound eta Izaskun pertsonaiak dira festaren antolatzaileak, eta haiek arduratu beharko dira Potx eta Lotx ezertaz ez jabetzeaz.
Bitarte horretan, orain arteko ibilbidean ezagututako lagunek entretenituko dituzte Potx eta Lotx: Rikardo Anakardo barrakako langilea agertuko da; aurreko ikuskizuneko Susi hegazkin laguntzailea, kasu honetan, cateringaren arduraduna izango da; Joxerra polizia ere arduratuko da haiek distraitzeaz. Esketx ugari egingo dituzte, festarako ordua ailegatu arte.
Bederatzi urte joan dira jada pailazo taldea sortu zutenetik, eta bosgarren ikuskizuna dute hau. «Bizitza ospatzeko» emanaldi bat dela dio Zubiak: «Uste dugu garai ederra dela ospatzeko eta aitortza bat egiteko elkarri, eta baita publikoari ere». Taldea ahaztu gabe, Itziar Arkauzek —Lotx pailazoak— gehitu duenez: «Beti esaten dugu guretzat taldean daukagun giroa dela gauzarik politenetako bat, eta zelan gozatzen dugun horrekin; adibidez, ikuskizunaren egunean elkarrekin egotean. Hori ere ospatu nahi dugu».
Talde ospakizuna izango da, gainera, bederatzi urtean ezagutu dituzten Euskal Herriko pailazoekin sortu baitute disko berria; Potx eta Lotxen abesti kuttunenen bertsioak abestu dituzte haiekin batera. Gainera, Oñatiko (Gipuzkoa) Txinparta bertso eskolako kideek idatzi dituzte abestien hitzak. «Hunkigarria» izan dela esan du Arkauzek: «Eta oso aberasgarria. Denok gara pailazoak, baina, aldi berean, oso desberdinak gara. Eta ikustea batzuek zelan lantzen duten beren proiektua, eta zenbat jende elkartu den, helburu berarekin...».
Elkartze horrek «balio erantsia» du, gainera, Zubiaren ustetan. Izan ere, pailazo guztiak elkarrekin ikustean jendea «harritu» egin da, esan duenez: «Euskal Herriko jendeak plazetan askotan esaten du ez dagoela nahikoa pailazorik. Eta, aizu, argazki bat erakusteko modu bat ere bada, zenbat pailazo dauden jakin dezaten».
Ikuskizunari neurria hartzen ari dira orain, Arkauzek esplikatu duenez. «Askotan, txiste bat egiten duzu, baina ez du funtzionatzen, eta igual beste gauza bat inprobisatzen duzu, eta horrek funtzionatu egiten du». Lokalean sortutako ikuskizuna ikusleen erantzunaren arabera egokitzen eta osatzen dute, Zubiaren hitzetan: «Bat-batean pentsatzen dugu zerbait esatea, eta besteak ez du espero... Gu geu ere batzuetan barreari ezin eutsi ibiltzen gara».
Makusin ere bai
Ikuskizunetan ez ezik, Makusin ere ikusi daitezke Potx eta Lotxen ibilerak; ostiralero igotzen dute pailazoen abenturei buruzko atal berri bat plataformara. «Erronka» bat izan zen hasieran haientzat, desberdina baita pailazoaren rola jendaurrean edo kamera aurrean jokatzea. «Zuzenekoak kristoren indarra dauka: jendea dago, eta jendeari hitz egiten diozu. Baina, kasu honetan, kamerari begiratzen diozu, eta irudikatzen duzu atzean norbait dagoela. Hizkuntza hori oso diferentea da», azaldu du Zubiak.
Inprobisatzeko tarte txikia dago telebistan, eta horren falta sumatzen dutela dio Arkauzek. «Baina telebistan ere oso gauza politak sortzen dira: telebistako gidoilariak, adibidez, kristoren lana egin du; hain ondo dauzka gure pertsonaiak ikasita, eta hain ondo ezagutzen gaitu, non gidoietan ere gu geu garen. Lotxek inprobisazioz egingo lukeena eramaten du gidoietara».
Azken batean, haien berri zabaltzeko beste modu bat dira ikus-entzunezkoak, eta, birako ikuskizunaz harago, etxeetan haien presentzia handitzeko balio die. «Gu urtean behin edo bi urtean behin joaten gara herri bakoitzera, eta, telebistaren bidez, astero egon gaitezke haien etxean, istorio berri batekin», adierazi du Zubiak. Hortaz, lagunekin egindako bidea ospatzen jarraituko dute, izan telebistan, izan herrietan.
HURRENGO EMANALDIAK
- Apirilaren 27an: Azpeitian (Gipuzkoa), 17:00etan.
- Maiatzaren 4an: Ordizian (Gipuzkoa), 17:30ean.
- Ekainaren 8an: Ezkio-Itsason (Gipuzkoa), 17:30ean.
- Ekainaren 19an: Zizur Nagusian (Nafarroa), 18:30ean.