Uda bake bila

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA OPORRAK BAKEAN PROGRAMA?

2009. urtean sortu zen Oporrak Bakean programa. Horri esker, Saharako basamortuan edo errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren haurrek uda Euskal Herrian igarotzen dute, bakean, osasuntsu eta ondo elikatuz. Era berean, Euskal Herriko familiei aukera ematen die sahararrei laguntzeko eta beste kultura batekoekin bizitzeko. Programa horretako kideak familia bila dabiltza, aurtengo udan 300 haur hartzea baitute helburu. Udan Saharako haur bat harreran hartu nahi duten familiek, bada, apirilaren 13ra arteko epea dute izena emateko.


2. NOLA BIZI IZAN DIRA SAHARARRAK?

Herrialde nomada izan da sahararrena, leku batetik bestera bizi baitziren, bizileku finkorik gabe. Haimetan bizi dira, dromedario eta ahuntz artilezko zerrendekin egindako oihalezko etxoletan; haien sinbolo bihurtu dira. Kolonizazio eta okupazio prozesuen gainetik, aske izan nahi duen herria da Saharakoa. Urteak dira, ordea, herrialdean gatazka sortu zela: urte asko egin behar da atzera hango gatazka ulertzeko.

3. NOIZ SORTU ZEN GATAZKA?

1984 eta 1985 artean, Europako agintariek Berlingo Konferentzia sinatu zuten. Bertan, Europak adostu zuen Afrika zatitzea, eta bertako herrialdeak Europako herrialdeen artean banatzea. Espainiari Sahara egokitu zitzaion banaketa hartan, eta, hortaz, haren kolonia izan zen 1975era arte. 1970eko hamarkadan, ordea, Afrikako herrialdeak independentzia lortzen hasi ziren, eta sahararrek ere hala nahi zutela aldarrikatu zuten. 1974. urtean, Espainiak autodeterminazio erreferendum bat egingo zuela hitzeman zuen. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dute erreferendumik egin, eta 1975etik, Marokoren mende dago Sahara.


4. ZER DA FRONTE POLISARIOA?

1973an sortu zen Fronte Polisarioa, Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundea, klandestinitatean; hasieran, Espainiako kolonialismoaren aurka egiteko, eta, gero, Marokoren okupazioari aurre egiteko. Erakunde armatua da, lehen konstituzioan jaso zutenez: «Orain arteko bake metodo guztiek porrot egin dutela ikusita, fronteak indarkeria iraultzailearen eta borroka armatuaren aldeko hautua egiten du saharar herriak erabateko askatasuna izan dezan».

5. NOIZ SARTU ZEN MAROKO TARTEAN?

Marokok Frantziarekiko independentzia eskuratu zuenean, inguruko herrialdeak mendean hartzen hasi zen. 1975eko azaroaren 5ean hasi zen gatazka gaur egun ezagutzen den bezala, Martxa Berdea mugimenduaren ondorioz: Marokok 350.000 zibil eta 40.000 soldadu sartu zituen indarrez Saharan. Espainiak akordioa sinatu zuen, Sahara Mauritaniaren eta Marokoren esku uzteko, eta gerra piztu zen Fronte Polisarioaren eta Marokoren artean. 1979an, Mauritaniak bakea sinatu zuen Fronte Polisarioarekin, baina Maroko sartu zen Mauritaniaren esku zegoen lurraldean, eta okupazioak gaur egun arte iraun du.