Sambou Diaby, aktorea: «Aktore gisa ohore bat da horrelako istorio bat kontatu ahal izatea»

Zumaiako (Gipuzkoa) Itzurun hondartzan, itsasoari begira dago Sambou Diaby (Iruñea, 1999). Euskal Herriko antzokietan batera eta bestera dabil azkenaldian, Miñan antzezlana aurkezten. Ibrahima Balderen rola jokatzen du anaia txikiaren bila Konakritik Euskal Herrira egindako bidaia kontatzen duen obra horretan.

Ane Insausti Barandiaran

Zer moduz daramazu emanaldien zurrunbiloa?

Puntu honetan, neurria hartuta. Urrian estreinatu genuen, eta berrogei emanaldi pasa egin ditugu. Pozik nago; azkenean, niretzat opari bat da horrelako istorio bat kontatu ahal izatea.

Itsaso parean zaude; Ibrahimarentzat gogorra da itsasoa.

Oso gogorra, bai. Berak egin duen bidaia horretan pasarte gogor asko bizi izan ditu, eta itsasoa beste bat gehiago da. Liburua irakurri dutenek jakingo duten bezala, Ibrahimaren anaia itsasoan hil zen, eta itsasoak gauza asko gogoraraziko dizkio.

Zer sentitzen da horrelako istorio gogor bat gorpuztu behar duzunean?

Aktore bezala ohorea da horrelako istorio bat kontatu ahal izatea. Jendea kontzientziatzeko balio du, istorioa erreala delako; hau gertatzen da, gertatzen ari da, eta gertatuko da. Etorkin asko ez dira gustuz etortzen, beharra dutelako baizik. Zaila egin zait gorpuztea, ordu eta erdian kontatzen den guztia gogorra egiten delako emozionalki.


Zu Euskal Herrian jaio zinen, baina zure aitak halako bidaia bat egin behar izan zuen.

Bai, beste arrazoi batzuengatik, baina ia bidaia bera egin zuen. Estreinaldira gonbidatu nuen, eta berak ez daki euskaraz, baina esan zidan ikusten zuenarekin Libia ikusten zuela, basamortua... Dena gogorarazi zion.

Iruñean jaio zinen, baina handik urtebetera Oikiara, Zumaiara etorri zinen bizitzera. Nolako haurtzaroa izan zenuen?

Gu izan ginen lehenengo afrikarrak, lehenengo beltzak hemen. Azkenean, Oikia bezalako auzo txiki batean, hasiera ez zen oso erraza izan; ezberdina zu zara, eta haurtzaroa apur bat zailtzen dizu horrek. Baina egin genuen gure tokia.

Will Smithena da zu aktore izatearen errua?

Bai! Txikitan telesail bat ikusten nuen, El príncipe de Bel air, eta Will Smith zen protagonista. Horrekin kateatu nintzen, eta nik Will Smith izan nahi nuen. Hari esker piztu zitzaidan aktore izateko sen hori. Hemen ez zegoen aktore beltz ezagunik, eta Will Smith izan zen nire erreferentea.


Orain zu izango zara erreferente beste askorentzat...

Nahiko nuke. Hemen jaiotzen den edonork esan dezala: «Aktorea nahi dut izan». Nik AEBetako aktore bat behar izan nuen.

Oraindik ez da ohikoa oholtzan euskaraz ari diren pertsona beltzak ikustea?

Inpaktua eragiten du, bai; askotan, antzezlanaren ondoren solasaldiak izaten ditugu, eta jendeak galdetzen digu: «Noiz etorri zineten zuek?» edo «zenbat denbora daramazue euskara ikasten?». Nire erantzuna beti da: ni euskalduna naiz. Gu beste belaunaldi bat gara, beste arraza batekoak gara, baina gu ere hemengoak gara, euskaldunak. Ea pixkanaka klixe horiek apurtzen ditugun.

MOTZEAN

  • Oholtza bat? Ermuakoa (Bizkaia).
  • Plater bat? Hanburgesa.
  • Kolore bat? Granatea.
  • Abesti bat? Grateful.
  • Erreferente bat? Denzel Washington.

top