'Sorginak' deseraikitzen

Ostiralean hasiko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. astea. Sorginak hartu dituzte aurten gaitzat, eta Itziar Ituño aktorea agertzen da zinema jaialdiko kartelean, sorgin bat irudikatzen. Baina, nortzuk ziren benetan sorginak? Zer izan zen sorgin ehiza?

1.  ZER DA SORGINKERIA?

1513an hasi ziren sorginkeria akusazioak Euskal Herrian, Nafarroako konkistaren ondoren, Asisko Urmeneta komikigilearen arabera. «Garai historiko hartan, ordena berria ezartzen ari da Europan, eta ordena berri horri traba egiten diotenak dira sorgintzat hartu izan direnak», azaldu du. Sorginkeria leporatuta, milaka pertsona torturatu eta sutan erre zituzten. Bi gako eman ditu «sarraskia» ulertzeko: batetik, akusatuak buruzagiak zirela, botere berri horri itzal egiten zion jendea; bestetik, arlo judizialean berme handiak zituzten herrietan gertatu zirela, batik bat. Euskal Herriaren kasuan, Foruak.


2.  ZER ZIREN FORUAK?

Forua herritarrek mendez mende egindako lege bat zen, hain zuzen ere, herritarrak gehiegikerietatik babesteko. Esate baterako, norbait akusatua bazen, eskubidea zeukan epaiketaren aurretik abokatuarekin elkartzeko, eta zer kargu dituen jakiteko, bere burua defendatu ahal izateko. Baina horrekin guztiarekin amaitu zuen inkisizioak. «Bat-batean, aldatzen da sistema hori guztia, eta legea bihurtzen da zure kontra dagoen zerbait», esan du Urmenetak. Hori egin zuen inkisizioak.

3. ZER DA INKISIZIOA?

Inkisizioa Espainiako monarkiak agintzen zuen leku guztietara zabaldu zen, eta 21 auzitegi izan zituen. Salbuespenezko auzitegi politiko bat izan zen, leku batzuetan sortutako legeak eta horrek herritarrei eskaintzen zizkien bermeak suntsitzeko. «Menderatzeko tresna bat izan da, gure herrian ezaugarri nagusi batzuekin», azaldu du Urmenetak. Sekta satanikoko kide izatea, satanismoa, jainkoari traizio egitea... leporatzen zieten herritarrei, eta defendatzeko aukera oro kendu.


4. NOLA EPAITZEN ZITUZTEN?

Foruek ziotenaren aurka, Euskal Herritik kanpora epaitzen zituzten sorgintzat jo zituzten pertsonak: Logroñon (Espainia), adibidez. Gazteleraz epaitzen zituzten, gainera, eta horretarako, itzultzaile bat jartzen zieten. Baina itzultzaile horiek komeni zitzaien bezala itzultzen zuten akusatuek esandakoa: «Badira kasu batzuk, Joanikot Agirre, hondarribitarra, adibidez: amaren izena errateko ez zen gai, oso txikia baitzen, baina 147 sorgin izendatu zituen deiturarekin, eta zein kargu zituen akelarrean».

5. ZER IRUDI SORTU DA HAIEKIN?

Sorginak kapela buruan, erratza eskuan eta sudur luzeekin irudikatu izan dira, naturaz gaindiko botere batzuk zituztela ulertaraziz; akelarreak egiten zituztela esaten da, sorginen arteko bilkura eta jaiak. Gaur egun, oraindik, irudi hori errepikatzen da han eta hemen: «Behin eta berriz errepikatzen ari da, eta larria da. Azken batean ari garelako erreproduzitzen inkisidoreek-eta asmatu zuten karikatura hura», azaldu du Urmenetak.


6. JENDEAK ONARTZEN ZUEN SORGINA ZELA?

Jendeak ukatu egiten zuen sorginak zirenik, eta ez zituzten akusazioak ulertu ere egiten. Lekukotza ugari daude bilduta, hori frogatzen dutenak. Faltzesko markesak, adibidez, honakoa adierazi zuen: «Hemen sorginik ez da, baina bospasei orduko torturaren ondotik, epaileak aitorrarazten die horrela direla».

7.  EMAKUMEAK ETA GIZONAK ZIGORTU ZITUZTEN?

Emakume gehiago jo zituzten sorgintzat gizonak baino, baina gizon asko izan ziren sorgintzat prozesatuak, torturatuak eta erreak, Urmenetak azaldu duenez. Herritarrak arauaren barruan sartzeko egiten zutela nabarmendu du, eta arautik ateratzen zen oro, zigortzeko: «Gizonentzat eskola eta armada, baina emakumezkoek etxean zituzten ate horiek, sortzetik baitzuten bekatu horiek. Orduan, ez zuten ez eskolara ez armadara joaten ahal. Nola diziplinatu genero oso bat? Sorgin deituta».

8. SUGARREN MENDE

Sugarren mende komiki liburua ondu zuen Urmenetak, eta bertako azalean, hain justu, ispiluaren irudiarekin jolas egiten du, sorgintzat jo zituzten horiek pertsonak zirela irudikatzeko, eta haiekin sortu zen irudi desitxuratua marraztu zuen ispiluan: «Erakutsi nahi nuen jende ahaldundu eta librea zena, nola halako batean pasatu den ispiluz bestaldera, eta nola deshumanizatu duten, eta kendu dioten jendetasun guztia, nahi zutena egiteko hortaz».

«Jendea kontrolpean edukitzea zen asmoa, lidergo hura kenduta, jendeak babesten zuen legedia horren gainetik pasata, eta dena izan zen ipuin handi bat, mundu guztiak bazekien gezurra zela, baina eman zen lege berezi bat hori egiteko»