Suhiltzaileak, etengabe adi

Ane Insausti Barandiaran

1. SUHILTZAILE IZAN NAHI?

Haur askorengan lilura sortzen du suhiltzaileen ofizioak; askoren ametsa izaten da handitan lanbide hori izatea. Suhiltzaileen zaindariaren eguna aitzakia hartuta, lanbidea ezagutzeko ekintzak antolatu dituzte azken asteetan Euskal Herriko hainbat tokitan: Donostiako suhiltzaileek ateak irekitzeko saioak egin zituzten, ofizioaren nondik norakoak azaltzeko eta haur zein helduei hainbat arriskuri aurre egiteko jarraibideak emateko. Arratzun (Bizkaia), berriz, ofizioa nola aldatu den azaldu dute erakusketa batean, lehengo suhiltzaileen arropak erakutsiz.


2. ZER EGITEN DUTE?

Suteak itzaltzeaz arduratzen diren langileak dira suhiltzaileak. Baina egiten dituzten lanen arteko bat baino ez da hori. Izan ere, bestelako larrialdietan ere lan egin behar izaten dute, Pablo Estensoro Donostiako suhiltzaile parkeko suhiltzaileak azaldu duenez: «2.400 irteera izaten ditugu urtean, eta horietatik seiehun inguru izaten dira suteak. Gainontzekoak ureko eta mendiko erreskateak izaten dira, edo istripuak... gauza pila bat egiten ditugu».


3. ZER IKASI BEHAR DA?

Gutxienez, 21 urte izan behar dira suhiltzaile izateko. Izan ere, lanbide horretan ezinbestekoa da kamioiak gidatzeko baimena edukitzea, eta adin horretara arte ezinezkoa da hori lortzea. Ondoren, oposizioak egitea ere beharrezkoa da: azterketa teoriko bat egin behar da lanbideari lotutako gai batzuekin; geografia proba ere izaten da, suhiltzaile izango diren tokiko errekak, kaleak eta abar ondo ezagutzeko; proba fisikoak eta psikoteknikoak ere pasatu behar dituzte.