Taldean bakarrik da posible
Korrikako furgoneta gelditu gabe aritzen da batera eta bestera 11 egunez. Nola funtzionatzen duen ikusteko, AEK-k aukera eman dio MANTANGORRIri furgonetan sartu eta hamahiru orduko txanda bat egiteko.
Ane Insausti Barandiaran. HAZPARNE-IZABA
Ilun dago Hazparnen (Lapurdi), oskarbi, eta 23:30 badira ere, jendea esna dago errepide ertzean. Izarrek ere ez dute huts egin nahi bi urtean behingo ekitaldia, eta ederra da ikusmira. Neonezko argiek eta aldarriek eten dute baretasuna, ordea: badator Korrikaren furgoneta. Lasterketa eten gabe barandari heldu, eta aurpegiaren ertzetan koloretako tximeletak marraztuta dituzten boluntarioak sartu dira ibilgailura; peto moredunek txanda aldaketa egiteko garaia da. Haiekin batera sartu da MANTANGORRI ere, Euskal Herriko haurrei kontatzeko Korrika barrutik nolakoa den. Zer gertatzen ote da hor barruan?
Atseden gutxi hartu dute orain arte, baina indartsu daude oraindik peto moredunak, euskararen aldeko lasterketako lehen gaua baita. Ondo atonduta daukate dena furgonetan: igotzeko eta jaisteko burdinazko bi helduleku daude, eta alde banatan, armairuak ere badiren eserlekuak: barruan gordetzen dituzte motxilak, ura eta janaria. Furgonetaren goiko ertzetan, berriz, musuzapiak eta entxufeak nonahi. Apal bat ere badago, motxilak gordetzeko hori ere, eta musika ekipoa du alboan, ordenagailuarekin batera. Pantailan, bi leihatila: musika jartzeko aplikazioa batetik, eta lasterketa denboraz ondo dabilen adierazten duen tresna, bestetik. «‘+4:55’ jartzen du, berdez; horrek esan nahi du bost minutuko atzerapena dugula; ondo goaz!».

Furgonetari ez zaio gustatzen bakarrik egotea: 11 pertsonaren laguntza izaten du une oro; are, ezingo luke bakarrik egin 2.180 kilometroko bidea. Hain justu, 11 laguneko bi taldek osatzen dute furgonetako boluntarioen taldea. Hamahiru ordu ematen ditu bakoitzak lanean, eta gero beste taldeak hartzen die lekukoa. Txanda bukatzean hartzen dute atseden; hori ere ezinbestekoa baita, 11 egunez. Txandan daudela, baina, zentzumen guztiak adi izaten dituzte, eta egiteko ugari izaten dituzte denek ala denek: zuzenekoa ondo ikusten dela egiaztatu, behar denean pankarta jaitsi eta behar denean berriro furgonetan sartu, argazkiak atera, sare sozialetarako edukiak grabatu, gidatu, hedabideetarako konexioak egin...
Eta, noski, aldiro-aldiro harrera beroa egin, mikrofonoa eskuan duen animatzailearen laguntzaz. Korrika 23:40an iritsi da Lekornera (Lapurdi). Bengala arrosak eta zuziak eskuan egin diote harrera. 82 zenbakia duten petoak soinean, Baigura ikastolako ikasleek hartu dute lekukoa, txandaka. Masailetan ikurrinak marraztuta batzuk, eta irribarre zabala agerian besteak: lanketa egina dago, gozatzea baino ez da falta. Igaro dira Etxebarne ostatutik ere: barruan izango dira ikastolan prestatutako mezuak.
Etengabe adi
Giro ona ezinbestekoa da, eta elkarri laguntzea ere bai. «Hartuko dut nik kamera»; «zer moduz gidaria? Aldatzea nahi duzu?». Lekuko eramailearen atzetik joateko eskatzea, errepidearen alde bakarra hartzeko eskatzea eta lekukoa ondo doala ziurtatzea ere haien lana da. «Kontuz, jende pila bat dator segituan», esan du norbaitek. Adi jarri dira denak. «Lasai, txintxo-txintxoak dira: ordenan sartu dira». Eta hasi dira aldarrikapenak bata bestearen atzetik: «Pilotan ere airez aire euskaraz»; «Eszena gainean ere euskaraz»; «Euskararen erritmoan, Lekorne dantzan».

Leloek bultzatuta-edo, hasi da taldea berotzen, eta gaua animatzen. Furgoneta barruko ordenagailua hartu dute: musika jartzeko eta argazkiak Flickr-eko kontura igotzeko baliatzen dute, besteak beste. «Bueno, gure musika jartzeko ordua iritsi da: gure erreprodukzio zerrenda osatuko dugu. Zer abesti nahi duzue?». Bakoitzak egin du bere ekarpena: Maruxak taldearen Ur goiena, ur barrena, Miruaren Salda badago, Naxkerren Elizondo... Eta zerrendaren izena? Hori ere taldean erabaki behar da: «Gaua ‘brilli-brilli’».
Atzekoa ere, funtsezko
Baina hamahiru orduan badaude bestelako behar batzuk ere. «Pixa egitera joango naiz, ados?». Heldulekuari eutsi, jendeari bizkarra eman, eta furgonetaren erritmora oinez hasita jaitsi behar da furgonetatik. Jendeak emozioaren emozioz arreta lehen furgonetan jartzen badu ere, atzetik beste bat izaten da, eta han dago komuna. «Ohartzen dira hemen gaudela, bai, baina nekatuta daudenean bakarrik!», esan dute bertako boluntarioek, barrez. Atseden pixka bat hartu nahi dutenak ere hara joaten dira, lasaiagoa baita giroa. Hori bai, korrika saioa eginda itzuli behar da gero berriz aurreko furgonetara.
Baina badituzte bestelako zereginak ere. Esaterako, aurreko furgonetakoei abisua eman, eta kafe bila joan dira, lasterketatik aldenduta. 04:00etan, den-denak piztu dira kafearen usainarekin; ez dago nekerik. Urez ere hornitzen dute furgoneta, bero handia egiten duenean; haiek erosten dute, eta aurreko furgonetara eraman gero. Baina badute beste misio garrantzitsu bat ere: arazoak aurreikustea. «Oztopoak zelakoak diren ikustera joaten gara, maniobra nola egingo dugun prestatzera, eta horrelakoetara».

Gune beltzetara, adibidez. Donibane Garazi da horietako bat: bide estuak dira Nafarroa Behereko hiriburukoak, eta furgoneta ezingo da barrura sartu. Petodunak furgonetatik jaisteko prestatu dira: haiek gidatuko dituzte korrikalariak hirian barna. «Nork hartuko du argazki kamera? Bideoa nork?»; «Mantso joan behar dugu». Ia ohartzerako, zeharkatu dute hiriburua, igo dira furgonetara, eta hasi dira aldapan gora.
Eta horrela joan da furgoneta aurrera, etenik gabe, hamahiru orduz, zeru izartsuaren azpian. Luzaideko bolanten kilometro dantzaria ikusi du, korrikalari bat Kaxianoren abestia jarriz zoriondu, Pirinioak zeharkatu, probintziaz aldatu, eta eguzkiak begia kliskatu dio Auritzen (Nafarroa), Abaurregainetik egunsenti ederra oparituta; hari segika bezala igo da ibilgailua Abaurregainera. Eta egin du bidea gero Izabaraino, Erronkariraino. Bukatu da hamahiru orduko txanda, eta atseden hartzeko garaia da. 11 egun egingo dituzte horrela, korrika, etenik gabe. «Nola ba?» pentsatzen du furgonetak behin eta berriro. Taldean bakarrik da posible.