Txernobyl, erradioaktibitatea darion sumendia


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER GERTATU ZEN?

1986ko apirilaren 26an, Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertu egin zen, akats baten ondorioz. Milaka lagun aritu ziren erreaktoreko sutea itzaltzeko lanetan. 30 lagun inguru hil ziren istripua gertatu zen unean bertan, baina beste asko erradioaktibitatearen eraginpean geratu ziren. Hori dela eta, milaka pertsona hil dira ondorengo urteetan, besteak beste minbiziak jota. Igandean berrogei urte beteko dira inoizko hondamendi nuklear larriena gertatu zenetik.


2. ZERK ERAGIN ZUEN ISTRIPUA?

Segurtasunarekin lotutako ekintza batek eragin zuen Txernobylgo zentral nuklearreko laugarren erreaktorearen leherketa. Erreaktorea gelditu egin behar zuten konponketa lan batzuk egiteko, eta ingeniariek une hori aprobetxatu zuten proba bat egiteko. Zehazki, ikusi nahi zuten ea kanpoko argindar sorgailuak huts eginez gero erreaktorearen turbinak gai ote ziren behar adina energia sortzeko eta segurtasun sistemak piztuta mantentzeko. Prozesua azkarregi egin zuten, ordea, eta gelditzeko agindu zutenerako berandu zen. Leherketaren osteko suteak hamar egun iraun zuen.


3. ZER DA ZENTRAL NUKLEAR BAT?

Argindarra sortzeko energia nuklearra erabiltzen duen eraikin bat da zentral nuklear bat. Horretarako, zentral nuklearrak erreaktore bat edo gehiago izaten ditu —horietako batean gertatu zen istripua—. Energia sortzeko gai diren arren, osasunarentzat eta ingurumenarentzat arriskutsuak diren hondakin nuklearrak sortzen dituzte —erradioaktibitatea, adibidez—, eta horiek ehunka urte behar izaten dituzte desagertzeko. Gainera, hondamendi nuklearren ondorioz, eremu oso zabalak suntsitzeko arriskua dago.


4. BADA HALAKORIK EUSKAL HERRIAN?

1970eko hamarkadan, Lemoizen (Bizkaia) eraiki zuten zentral nuklear bat, baina ez dute sekula martxan jarri. Proiektu nuklear handiago baten parte zen, eta Ispasterren (Bizkaia) eta Deban (Gipuzkoa) ere beste bi eraiki asmo zituzten. Protesta ugari izan ziren horren aurka, eta azkenean asmo hori bertan behera geratu zen. Garoñako zentral nuklearrak ere zeresana eman izan du Euskal Herrian. Burgosen (Espainia) zegoen hura, baina, Euskal Herritik gertu zegoenez, haren aurkako protesta asko izan ziren. Espainiako Gobernuak 2017an iragarri zuen hura behin betiko itxiko zuela.

5. ZER ONDORIO UTZI ZITUEN?

Istripua gertatu eta berehala hustu zuten zentral nuklearraren ingurunea. Zehazki, zentralaren inguruan 30 kilometroko gunea hustu zuten, eta han bizi ziren 130.000 lagun atera zituzten etxetik hamar egunean. Denera, 300.000 pertsonak ihes egin behar izan zuten etxetik. Suntsitutako erreaktorea hormigoizko sarkofago batekin estali zuten, kalteak murrizteko; hala ere, milaka lagun hil ziren.


6. ZER DA CHERNOBYL ELKARTEA?

1995. urtean sortu zuten Hego Euskal Herrian Chernobil elkartea. Haren helburua da hondamendi nuklearraren ondorioz kutsatutako haurrek uda Euskal Herrian igarotzea, zentral nuklearraren inguruan bizitzeagatik jasandako ondorioak apaltzeko. Urtero-urtero, Ukrainako haurrak jasotzeko prest zeuden familia boluntarioak eskatzen zituen. Ukrainako gerra hasi zenetik, haurrak gerratik babesteko ere egiten dute deialdia. Iaz, kasurako, 108 haur etorri ziren Euskal Herrira uda pasatzera.

top