Ura, ezinbesteko oinarria


Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA?

Irailaren 18an ospatzen da Uraren Kalitatearen Kontrolaren Nazioarteko Eguna. Izan ere, kalitatezko ura izatea ezinbestekoa da pertsonek eta lurrak bizirik iraun dezaten. Ura zaintzeak, berrerabiltzeak eta isuri kutsagarriak murrizteak duten garrantziaz kontzientziatzea da egunaren xedea.

2. ZER GARRANTZI DU?

Ura ezinbestekoa da giza gorputzaren funtzionamendurako: gorputzak bizitzeko nahitaez behar dituen hainbat prozesutan parte hartzen du. Baina, horrez gain, ekosistemarentzat ere ezinbestekoa da: landare eta animalia askoren bizilekua eta bizitzako oinarria delako, eta, tenperatura orekatzen duenez gero, klima erregulatzen ere laguntzen duelako.


3. ZERTARAKO BEHAR DU URA GORPUTZAK?

Urak funtzio asko betetzen ditu gorputzean. Esate baterako, tenperatura erregulatzeko prozesuan parte hartzen du: tenperatura altua denean edo ariketa fisikoa egitean, gorputzak izerdia botatzen du. Modu horretan, ura galduz joaten da gorputza, eta ez da gehiegi berotzen; bestela, gorputz barneko tenperatura askoz ere altuagoa izango litzateke. Horrez gain, ura arduratzen da zeluletara mantenugaiak eramateaz ere. Behin prozesua eginda, gernu eta izerdiaren bidez kanporatzen dira toxinak. Bestela, toxina eta hondakinak gorputzaren barruan geratuko lirateke.


4. ZER ARRISKU SOR DITZAKE UR ZIKINAK?

Ur zikinak osasun arazo larriak sor ditzake: gaixotasun gastrointestinalak, hepatitisa, azaleko infekzioak… Horrez gain, bioaniztasunaren galera ekar dezake, uretako bizidunak desagertuko liratekeelako, lurzoruaren degradazioa ekarriko lukeelako eta landarediaren garapena zailduko lukeelako. Horregatik da garrantzitsua uretara ahalik eta hondakin gutxien isurtzea, eta kalitate oneko ura eskuragarri izatea.

5. ZER DIRA ARAZTEGIAK?

Duela urte batzuk arte, erabilitako edo zikindutako ura zuzenean ibaietara edo itsasora botatzen zen. Gaur egun, ordea, ur zikinak tratatzeko edo garbitzeko, araztegiak erabiltzen dira. Araztegietan erabilitako eta zikindutako ura garbitzen da, berriro baldintza egokietan jartzeko, ibaietara edo erreketara itzuli aurretik. Izan ere, hondakin urak oso kutsagarriak dira, eta, ingurumena zaintzeko, ezinbestekoa da horiek garbitzea.


6. URA, ESKUBIDEA?

2010eko uztailaren 28an onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak ura eta saneamendurako giza eskubidea eskubide gisa. Dena den, eskubide hori ez da beti betetzen: Science aldizkariak iazko udan argitaratu zuen ikerketa baten arabera, oraindik orain 4.400 milioi pertsonak ez dute ur edangarririk eskura. Horietatik 1.200 milioi pertsona Asia hegoaldean bizi dira, 950 milioi Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta 850 milioi Asia ekialdean.

7. ZENBAT UR EDATEA KOMENI DA?

Pertsona osasuntsu batek egunero bi litro edo bi litro eta erdi ur edan beharko lituzke, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera; gutxi gorabehera, sei basokada ur. Dena den, gaixotasunen bat izanez gero, aldatu egiten da neurri hori, eta eguraldiaren arabera ere bai: bero egiten duenean, ur gehiago edatea komeni da, adibidez. Nahikoa ur edan ezean, gorputzak seinaleak bidaltzen ditu: ahoa eta azala lehortu egiten dira, eta gernuan ere nabaritu daiteke, kolore ilunagoa eta usain handiagoa izango duelako. Dena den, gehiegi edatea ere ez da ona, giltzurrunek ez luketelako hura iraizteko nahikoa gaitasun izango.


8. ZER DA URAREN ZIKLOA?

Urak igarotzen dituen faseei deitzen zaio uraren zikloa. Izan ere, itsasoetan edo ibaietan dagoen ura lurrundu egiten da, eguzkiaren beroaren ondorioz. Gero, hodei bihurtzean, kondentsatu egiten da. Ur partikulek nahikoa pisu hartu dutenean, berriz, erori egiten dira, prezipitazioen bidez (euria, elurra, kazkabarra...). Azkenik, likido egoeran pilatzen da berriro ibaietan eta itsasoetan, eta berriro hasten da zikloa.

BA AL DAKIZU?

  • Lur planetaren gainazalaren hiru laurden urez estalirik daude.
  • Giza gorputzaren %70 ura da; gorputza, hein handi batean, urez osatuta dago.
top