Uxue Urdangarin, irakaslea eta liburuaren egileetako bat: «Liburuxka honekin haurrek aukera izango dute Gure Zirkua ezagutzeko»

Ane Insausti Barandiaran


Nola sortu zen proiektua?

Anek [Aierbe] eta biok batera egin genuen lan iaz, eta gure egunerokoan, irakaskuntzan, une oro aritzen gara materiala sortzen. Garai hartan Gure Zirkukoen dokumentalak ematen ari ziren ETB1en, eta esan genuen: sortuko dugu irakurgaitxo bat, erakargarria, umeek Gure Zirkua ezagutzeko.

Baina irakurgai bat baino gehiago izan zen, azkenean.

Bai, gustatu zitzaien, eta hasi ginen fitxa gehiago sortzen: denbora-pasak, letra zopak... azkenean, konturatu ginen txostentxo bat sortu genuela. Eta pentsatu genuen Iker Galartzari bidaltzea, Gure Zirkukoek interesa bazuten erabil zezaten.

Zein izan zen erantzuna?

Ikerrek esan zigun: «Aizue, hau lan handia da, polita da, eta honekin zerbait egin beharra dago». Egia esan, guk kristoren sorpresa hartu genuen. Berak animatu gintuen, eta Elkarrekoekin harremanetan jarri gintuen. Hortik aurrera, Elkarrekoekin bilerak egiten hasi ginen, ilustratzailea bilatzen... forma ematen.

Bidaia moduko bat proposatzen duzue, ezta? 

Hasieran ariketa solteak ziren, ez zeukaten inolako loturarik batak bestearekin. Gero, forma eman genion: bidaia gisa planteatu genuen, Ikerren ametsa dela zirkua sortzea, eta Euskal Herrian zehar doala partaide bila. Herri bakoitzean egiten du geldialdi bat, eta zirkuko gainerako kideei buruzko informazioa ematen dugu herriz herri.

Euskal Herriko geografia ikasteko aitzakia ere bada?

Bai, eta umeek joan behar dute Euskal Herriko ibilbide hori egiten; bukaeran, ikusten da emanaldi horiek non egin dituzten. Lotura handia dauka euskararen erabilerarekin: adibidez, Gipuzkoan eta Iparraldean saio gehiago egin dituzte, Nafarroan baino. 

Zer ariketa mota daude?

Ulermen testuak daude, eta, gero, erronka desberdinak: labirintoa dago batean, bestean matematika ariketa bat, bestean desberdintasunak... Letra zopak, desberdintasunak, eskulanak, errezetak, asmakizunak... denetarik dago. 

Era berean, aitzakia bat gehiago da jendea Gure Zirkua ikustera animatzeko?

Bai. Gure ikasle batzuek ezagutzen zuten, eta beste batzuek ez. Liburuxka honekin aukera dute Gure Zirkua ezagutzeko, sakontzeko, eta, hartara, hara gerturatu eta ikusteko, zuzenean. 


FITXA

  • Izenburua: 'Gure Zirkua'.
  • Egileak: Uxue Urdangarin eta Ane Aierbe.
  • Argazkilaria: Juanan Dorronsoro.
  • Ilustratzailea: Gorka Aranburu.
  • Orrialde kopurua: 80 orrialde.
  • Argitaletxea: Ikaselkar.
  • Prezioa: 14 euro.
  • Adina: 8 urtetik aurrera.
top