
'Xabiertxo', liburu berritzailea

Ane Insausti Barandiaran
1. ZER IZAN ZEN?
Aurten dira ehun urte Xabiertxo liburua sortu zutela: urte askoan eskoletan euskaraz irakasteko erreferentzia garrantzitsua izan zen. Koldo Ordozgoiti kazetariak luze eta zabal ikertu du liburua: «Xabiertxo izan da, seguru aski, XX. mendean eta euskaraz umeen hezkuntzarako izan dugun libururik bikainena. Bai Euskal Herriaren ikuspegitik, eta bai beste liburuekin konparatuta ere». Lehen argitalpenaren mendeurrena ospatzeko, jardunaldia, omenaldi-ekitaldia eta bisita gidatua antolatu dituzte argitaratu zuten herrian bertan, Tolosan (Gipuzkoa).
2. ZER GARAITAN SORTU ZEN?
1925. urtean argitaratu zuten lehen aldiz Xabiertxo. Hego Euskal Herria Primo de Riveraren diktadurapean zegoen, eta euskararen aurkako giroa oso bortitza zen. «Garai zail batean sortu zen; diktadura baten barruan zen orduan Euskal Herria, eta diktadura horrek muga batzuk jartzen zituen». Dena den, lehen ikastolak ere sortzen hasiak ziren. «Lehen aldia zen era programatu edo landu batean euskara irakaskuntzara eta euskaraz ikastea zabaltzen ari zela», azaldu du.
3. NOLA SORTU ZUTEN?
1923an, Euskalerriaren Alde aldizkariak umeen hezkuntzarako liburu bat sortzeko lehiaketa antolatu zuen. Lehiaketa irabazten zuenak diru kopuru bat irabazten zuen, eta aukera zuten gero hura publikatzeko. «Ez zen lehen letrak ikasteko, ez zen silabario bat. Hori baino pixka bat sakonagoa zen: mundua ikusteko, ikasteko eta zeure egiteko liburu bat», esan du kazetariak. Orduan aurkeztu zuten Ixaka Lopez-Mendizabalek eta Txiki Zabalok Xabiertxo-ren proiektua: aurkeztu, eta irabazi. Bi urte geroago argitaratu zuten lehen bertsioa.
4. NORK SORTU ZUTEN?
Ixaka Lopez-Mendizabal eta Jon Zabalo Ballarin Txiki ziren Xabiertxo-ren gurasoak. Idazlea, abokatua, euskaltzalea eta kulturaren bultzatzailea zen Lopez-Mendizabal. Bere aitak, Eusebio Lopezek, Tolosan argitaletxe bat zeukan, eta Ixakak, ordurako, hainbat lan argitaratuak zituen. Txikik, berriz, era industrial batean lan egiten zuen marrazkiarekin; gaur egun diseinu grafiko moduan ezagutzen dena egiten zuen.
5. ZER ZIOEN LIBURUAK?
Liburua «oso aurrerakoia» zen sortu zen garairako; horregatik erabili dute hainbeste urtean irakaskuntzan, Ordozgoitiren ustez: «Ikuspegi kristau batetik antolatuta dago, baina ikuspegi kristau ireki batetik, eta oso aurreratua zen hori bere garairako. Askoz ere berritzaileagoa eta irekiagoa zen orduan erabiltzen ziren beste hainbat liburu baino. Helburua zen haurrek ikastea, eta gehiago ikastera bultzatzea». Horren erakusgarri da liburuaren itxura: azalean, Xabiertxo haurra agertzen da, Xabiertxo liburua irakurtzen: «Liburu hori da ondoren etorriko diren beste liburu guztien irakurketarako aitzakia edo modua». Bestela esanda, Xabiertxo zen beste liburu batzuk irakurtzeko atea.
6. ZENBAT BERTSIO IZAN ZITUEN?
Liburuak bertsio bat baino gehiago izan zituen. 1925ekoa da lehena, baina, handik gutxira, 1932an, hobetu egin zuten, II. Errepublikaren garaian. Eta bigarren bertsio hori da ezagun egin dena, Ordozgoitik azaldu duenez: «Bigarren alea edo liburua sortu zutenean giroa bestelakoa zen, askatasun handiagoa zegoen. Horrek ekarri zuen liburua berritzea: irudi aldetik gehiago, eduki aldetik baino».
7. ZER OZTOPO IZAN ZITUEN?
Gutxi iraun zuen II. Errepublikako giro lasaiak. 1936ko Espainiako gerra hasi zen, eta faxistek zegoen guztia desagerrarazi nahi izan zuten. Xabiertxo izan zen kaltetuetako bat, kazetariaren hitzetan: «Tolosa frankistek hartu zutenean, han zegoen Ixaka Lopez Mendizabalen argitaletxearen liburu guztiak Tolosako plazan erre zituzten». Baina, zorionez, ez zen hor amaitu Xabiertxo-ren bidea. Izan ere, euskaldun askok erbestera jo zuten, gerratik ihesi. Tartean, Lopez-Mendizabalek berak. Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren delegazio baten buru izatera bidali zuen, Argentinara; Euskal Herrian suntsitzen eta galtzen ari zen horri jarraipena eman zioten, liburua han argitaratuz.
8. NOLA LORTU ZUEN IRAUTEA?
1945etik aurrera, Elbira Zipitria andereñoa eta beste hainbat euskaltzale berriro pizten hasi ziren ikastolak, legez kanpo, klandestinitatean. Eta, liburuaren beharra zutenez, hori ere klandestinitatean argitaratzea lortu zuten, Donostiako argitaletxe batean. Isilean, berriro ere ikastoletan erabiltzen hasi ziren. Horrela jarraitu zuten, berriro ere legezkoa izan zen arte: «1970eko hamarkadan, Ixaka Lopez Mendizabal, Xabiertxo Lopez Mendizabal eta beste hainbat bueltatu ahal izan ziren, eta berriro argitaratu zuten legalki liburua, eta aurrera jarraitu zuen liburuaren bideak». Hortaz, 50 urtean erabili izan zen irakaskuntzarako.
BA AL DAKIZU?
- Xabiertxo eta Itziartxo izena zuten liburuko pertsonaiek. Ixaka Lopez Mendizabalen eta Antonia Olanoren hiru seme-alabetako biren izenak dira.
- Ixaka Lopez-Mendizabal hil eta bi urtera, 1979an, Nazio Batuek izendatutako Haurraren Nazioarteko Urtean, Haur Liburuen Ohorezko Zerrendan txertatu zuten.