Horma sugandila


Testua: Oñatiko natur eskola

Azal kolorea arre-gris-berdexka izan daiteke, bizkarraldean puntu beltzezko lerro bat izaten du, eta alboak ilunak dira. Sabelaldea zurixka, grisa ala gorrixka izan daiteke, orban beltz txikiz betea.

Ez dauka pozoirik, eta kaltegabea da gizakiarentzat.

Giza eraikuntzak kolonizatzen ditu, hormetan gora ibiltzeko gaitasun handia baitu.

Espezieak: Euskal Herrian horma sugandilaz gain beste bost sugandila espezie ditugu: sugandila bizierrulea, espartzudi sugandila, sugandila buztangorria, sugandila iberiarra eta txaradi sugandila.

Tenperatura: Odol hotzeko animaliak dira; ez daukate beroa sortzeko gaitasunik, eta, horregatik, eguzkitara atera behar dute berotzeko. Negua lozorroan igarotzen dute arrakalaren batean.

Buztana gal dezakete, eta berriro hazten zaie.

Handitzen doazen neurrian, azala aldatu egiten dute.

Elikadura: Gainontzeko sugandilak lez, intsektuz eta armiarmaz elikatzen dira batez ere. Aldi berean, ugaztun txikiek eta hainbat hegaztik ehizatzen dituzte: erbinudeek, katuek, lepazuriek, belatz gorriek, zapelatzek…

Ugalketa: Arrek beren lurraldea defendatzen dute beste ar batzuen aurka. Udaberri eta uda bitartean emeek hiru errunaldi izan ditzakete, bakoitza bi eta 11 arrautza bitartekoa. Zulo bat egin, eta bertan lurperatzen dituzte.

top