Testua: Ana Galarraga
Duela milaka urte, gizakiak kobazuloetan bizi zirenean, sutondoan biltzen ziren, elkarri istorioak kontatzeko. Batzuetan, hormetan marrazten zituzten istorioak, eta taldean ikusten zituzten, orain filmak edo emanaldiak ikusten ditugun bezala.
Kontalariek leku batetik bestera eramaten zituzten istorioak, buruan gordeta. Memoriari eta ahotsari laguntzeko, buztinezko oholetan, argizarian, egur zatietan eta animalien hezurretan zeinuak egiten zituzten. Liburuen aurrekariak ziren.
Geroago, beste material arinago batzuk erabili zituzten, gaur egungo liburuen antzekoagoak. Adibidez, papiroak landareekin egiten ziren, eta pergaminoak, berriz, animalien larruazalarekin. Baina liburuen eztanda paperarekin eta inprentarekin iritsi zen. Metalezko hizki mugikorrekin testua osatu, tintaz busti, eta, haren gainean orriak jarrita, presioa eginda, testua paperean geratzen zen. Eta irudiak ere jar zitezkeen! Horrela, orri pila bat inprimatu zitezkeen, bata bestearen atzetik, erraz-erraz.
Gaur egun liburu digitalak ere badaude, baina, askorentzat, paperezko liburuek xarma berezia dute. Zein da zure kuttuna?