Testua: Ana Galarraga
Udaberria iristean, loreek kolorez betetzen dituzte zelaiak eta belardiak. Gogoa ematen du denak bildu eta etxera eramateko. Baina landareentzat beharrezkoak dira; ugaltzeko behar baitituzte. Horiei esker jaiotzen dira landare berriak!
Landare batzuek intsektuen laguntza behar dute ugaltzeko. Hortaz, usain goxo-goxoa zabaltzen dute, eta kolore bizi-biziak janzten dituzte. Horrela, intsektuak erakartzen dituzte: tximeletak, erleak, liztorrak… Hantxe ibiltzen dira denak, lorez lore, dantzan eta jolasean.
Fruitu-arbolek, adibidez, asko eskertzen dute tximeleten eta erleen laguntza. Izan ere, hegaka, batetik bestera joaten direnean, loreen hautsa eramaten dute, polena. Polen horren bidez, loreetatik haziak sortzen dira eta fruituak hazten dira: sagarra, gerezia, udarea…
Lore gehienek asko maite dute Eguzkia, batez ere, ekiloreak. Beti Eguzkiari begira dago! Goizetan, ekialdera begira jartzen da; eguerdian, tente-tente; arratsaldean, mendebaldera begira. Eta iluntzen hasten denean, burua makurtzen du, eta lotan bezala geratzen da, berriro Eguzkia atera arte.
Eguzki-loreak ikusgarriak ere badira, eta esanahi berezia dute: iraganean, etxeko atean jartzen ziren, etxea izaki gaiztoetatik babesteko. Oraindik ere, leku askotan jartzen dituzte, bereziki, herri txikietan eta baserrietan.